1.300 gaztek baino gehiagok hartuko dute parte ‘Sarean Euskaraz’ programan, Iruñeko Baluarten
Nafarroako 1.300 gazte ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte urriaren 13an eta 14an Baluarten egingo den ‘Sarean Euskaraz’ egitasmoaren seigarren edizioan. Teknologia berriak eta euskara uztartzea du helburu Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez sustatzen duen programa honek.
Nafarroako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 1.300 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute urriaren 13an eta 14an, Iruñeko Baluarte Jauregian, ‘Sarean Euskaraz’ programaren seigarren edizioan. Programa hori Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak sustatu du, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen erabilera ezagutarazteko eta sustatzeko, eta hizkuntza horretan kultura digitala sustatzeko, bereziki gazteen artean.
Programa honen aurkezpenean Ana Ollo kontseilariak eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik azaldu dutenez, «kultura digitala euskaraz oinarri izango duen jardunaldia da. Jai giroan egingo da eta formakuntza ere uztartuko du. Bertan, Nafarroako hainbat herritako gazteek kultura digitaleko hainbat diziplina ikasten eta esperimentatzen dituzte».
‘Sarean Euskaraz’, sei urteko esperientziarekin, euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologien erreferentziazko programa bihurtu da, edizio bakoitzean metodologia berriak berrituz eta irekiz.
Ollok adierazi duen bezala: «Sarean euskaraz lanaren arrakastaren arrazoia da gazteak, hartzaileak baino gehiago, protagonista aktiboak direla, interesatzen zaien eduki praktiko eta funtzional batekin, eta kultura digitaleko hainbat diziplinen bidez esperimentatu, sortu eta dibertitu dezaketela. Eta hori guztia euskaraz. Kontuan izan behar da gazteen %30ek dakitela euskaraz», gaineratu du.
Urriak 13 eta 14, jardunaldiak Baluarten
Jardunaldi horietan, Iruñerriko hamar ikastetxetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 908 gazte hiru gune desberdinetatik igaroko dira goizean zehar, eta sarearen erabilera seguruari eta pribatutasunak 3.0 harremanetan duen garrantziari buruzko hitzaldi labur eta dinamikoetara joango dira.
Halaber, zortzi tailer esperimental emango dira, musika-sorkuntzari buruzkoak; bideo-mappinga; Android mugikorretarako aplikazioetarako sorkuntza; errealitate birtuala, Arduino; 3D inprimagailuak; argazkigintza smartphonearekin edo jolas-tailer bat.
Gainera, aurten berrikuntza gisa, IKTen inguruko hainbat esperientzia azalduko dira, modu ludikoan, eta Egunean Behin lehiaketaren zuzeneko partidak egingo dira.
2019az geroztik, ‘Sarean euskaraz’ Iruñerritik kanpo ere eskaini da, eta euskarazko kultura digitalari buruzko prestakuntza Nafarroa osora zabaltzen da. Gainera, edizio honetan 400 gaztek parte hartuko dute Baluarteko jardunaldietan Altsasuko, Berako, Doneztebeko, Leitzako eta Tafallako institutuetan eskainitako tailerretan.
Arregik azaldu duenez, Nafarroa bezalako lurralde batean garrantzitsua da teknologia horiei buruzko informazioa eta prestakuntza landa-guneetara eramatea, digitalizazioa estrategikoa baita lurralde-garapen eta -orekarako, eta landa-eremuetako despopulazio-arriskua saihesteko modu eraginkorra baita.