INFO

Itsasontzian Lularenganaino: Amazonaseko indigena brasildarren botoa

Lularen «L»a irudikatu zuten kambeba etniako kideek hautes-mahaiaren parean, harro. Ez zuten ezkutatu norentzako zen euren boza, herri indigenentzat itxaropena dela aitortu, eta euren botoa «zaborrontzira ez joatea» espero dute.

Brasilgo indigena talde bat Lula bozkatzera joan zen, itsasontzian. (Michael Dantas | AFP)

Behatzekin «L» bat osatu zuen brasildar indigenen talde batek: igandean bozkatu zuten Luiz Inacio Lula da Silva ezkertiarra Brasilgo presidente izan zedin. Itsasontzian ibai Beltza zeharkatu eta Amazonasetik hauteskunde-mahaietara izan zen haien bozaren bidea.

Ibilbidea ez da oso luzea, bost minutuko bidaia da Tres Unidos herritik Sao Sebastioraino, indigena talde honi egokitu zitzaion bozkalekuraino. Bidea motza bada ere, Amazonaseko ibaiko ur ilunetatik barrena igaro ziren hautes-mahaira iritsi arte. Tres Unidosen 115 indigena inguru bizi dira, eta Amazonaseko iparraldean Dagon Manaos hiritik 60 bat kilometrora dago kokatuta.

Amazonaseko indigenak boza ematera bidean, itsasontzian ibai Beltzean zehar. (AFP)

40 bat herritar batera atera ziren bozkatzera, lau itsasontzitan. Ibilbidean zehar kolore nahasketa ikusgarria zen, landareen berde esmeralda eta ibaiaren kolore beltza uztarturik.

«Herri indigenentzat garrantzitsua da demokraziaren alde borrokatzea», hala azaldu zion kambeba etniako Raimundo Cruz Silvak AFPri. Alkandora zuria zeraman, bere tribuaren ideia berdeei lotuta, eta ez zuen ezkutatu Lula bozkatuko zuela.

Kambeba etniako gazte bat hautes-mahaian, bozkatu ondoren. (AFP)

Bolsonaro oso kritikatua izan da jatorrizko herrien inguruan aplikatutako politikengatik. Horren adibide da Raoni Metuktire kazike enblematikoak salaketa jarri izana Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian «genozidioagatik».«Erresistentzia»Egun berezia izan zen Taynara da Costa Cruz gaztearentzat, 18 urte bete berritan lehenengo aldiz bozkatu baitzuen. «Bozka oso garrantzitsua da, batez ere guretzat, gazteontzat», azaldu zuen ikasle eta artisau gazteak. Kambeba herriko emakume guztiak bezala soineko zuria zuen jantzita eta hala adierazi zuen: «Begiak Amazonasen jarrita bozkatzen dugu, herri indigenetan».

Brasilgo indigena gaztea bozkatzeko prest. (AFP)

Laurilene Cruz da Silva pozik iritsi zen Sao Sebastiora, eta harro erakutsi zuen bozkatzeko bere karneta. Berak ere jantzi berezia zeraman, landare, lore eta fruitu haziekin osatutako lepokoak zituen, perlazkoak ziruditen. «Ordezkatuak egon behar dugu, egun garrantzitsua da», azaldu zuen, eta jarraitu: «Gure boza zakarretara ez botatzea espero dugu, guk herri indigenetako herritarrek munduari gure erresistentzia erakutsi behar diogu».

Brasilgo indigena gaztea, bozkatzeko txartela erakusten. (AFP)

2018an Bolsonaro hautatua izan zenean, baieztatu zuen indigenen lurralde mugapenetan «zentimetro bat gehiago» ez zuela utziko. Era berean, lurralde horietan meatzaritza eta nekazaritza jarduerak baimentzearen alde agertu zen, ustez erkidego horietako jarduera tradizionaletarako gordeta baitaude. 2019ko urtarrilean hasi zen agintaldian, urteko deforestazioaren bataz bestekoak %75 egin zuen gora, aurreko hamarkadaren aldean.

Lularen ingurumen historiala akatsik gabekoa izatetik urrun dagoen arren, presidente ohiak (2003-2010) bere kanpainan agindu zuen ministerio bat sortuko zuela indigenen gaietarako, herri horietako figura bat buru zuela.