INFO

Pasabideak irekitzeko deia berretsi dute mugaz gaindiko topaketen atarian

Akitania Berria, Nafarroa eta EAEko ordezkariek osatzen duten Euroeskualdeko bulego exekutikoko kideek egin bezala, urriaren 5 eta 6an Baionan antolaturiko mugaz gaindiko topaketen gogoetan txertatuko den pasabideak irekitzeko galdera berretsi du gaur Euskal Elkargoak agiri baten bitartez.

Gazte migratzaile bat Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Akitania Berria, Nafarroa eta EAEko ordezkariek osatzen duten Euroeskualdeko bulego exekutiboa irailaren 28an bildu zen.

Iraganean behin baino gehiagotan egin duten bezala askatasun mugimenduaren aldeko aldarrikapena berretsi zuten bilkuran.

Bileraren ondoren zabaldu zuten agirian jaso zutenez iaz geroztik eta gaur arte indarrean dagoen muga pasabideen blokatzea amaitu behar da.

Mathieu Berge mugaz gaindiko alorraren ardura duen eskualdeko kontseilariak azaldu zuenez «Europako biztanleen % 30 mugaldean bizi dira, eta garrantzitsua da herritar horiek beren bizitza normaltasunez bizi ahal izatea».

Pirinio Atlantikoen Prefeturak zortzi pasabide ixteko agindua eman zuen 2021ko urtarrilean. Muga itxierak inguruko eskualdetan bizi diren herritarrei egunerokotasunean traba handiak eragiten dizkiela oroitarazi du bere azken agirian Euroeskualdeak eta, era berean, mugaz gaindiko lankidetzari langa ezartzen diola agerian jarri du. Nabarmendu duenez, «txiera horiek eragin zuzena dute mugaz gaindiko harremanetan». 

Bere aldetik, Euskal Elkargoak bat egin du gaur mugak irekitzearen aldeko galdera horrekin.

Urriaren 5 eta 6an Baionan lehen aldiz eginen dituen Mugaz Gaindiko Topaketen atarian pasabideak berriz libratzeko deia luzatu du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Topaketa horien aitzin mugaz gaindiko misio operatiboa (MOT delakoa) bilduko da. Gaur, urriak 4an, bilera egin du aipaturiko egiturak Donostian eta, bihar, urriak 5ean, goizean, Baionan jarraituko du bere egitaraua.

Ondoren, Euskal Elkargoak beregain hartu duen mugaz gaindiko foroa abiatuko da Lapurdiko hiriburuko Michel Portan antzokian.

Muga eskualdetako auzapezek sostengaturiko adierazpena

Hitzordu horien garrantzia nabarmendu du gaur Euskal Elkargoak, Europa berri baten baitan garatu beharreko mugaz gaindiko lankidetzaren gainean gogoeta egitea ahalbideratuko dutelako.

Izan ere, mugen itxierak ibilbide hori zailtzen duela oharraraziz, Jean-Rene Etchegaray lehendakariak eta mugaz gaindiko harremanetarako ardura duen Joseba Erremundegik agiria plazaratu dute pasabideen irekiera eskatzen.

Hain zuzen lau pasabide itxita daudela oraindik Euskal Herrian oroitarazi dute: Merkantzien Zubia (Hendaia), Izpegi, Aldude (RD58) eta Larraineko lepoak.

Hain zuzen muga eskualdetako auzapezek izenpetu dute Euskal Elkargoak plazaraturiko agiria.

Adierazpenarekin bat egin dute Kotte Ezenarro, Hendaiako auzapezak, Jean-Dominique Idiart, Larraineko auzapezak, Filipe Aramendi Urruñako auzapezak, Solange Demarcq, Biriatuko auzapezak, Battit Laborde, Sarako auzapezak, Jean-Louis Fournier, Azkaingo auzapezak, Martin Suquilbide, Aldudeko auzapezak, Michel Oçafrain, Bankako auzapezak, Xole Aire, Urepeleko auzapezak, eta Jean-Michel Coscarat, Baigorriko auzapezak.

2015ko atentatuen itzal amaigabea

2015an Parisen eta Nizan gertaturiko atentatu islamisten testuinguruan frantses Estatuak Schengeneko akordioa eteteko erabakia hartu zuen. Izan ere, pandemiaren garaian estatuek barne mugen gainean hartu zuten ez ohiko erabakia lagungarri bilakatu zitzaion Emmanuel Macronen Gobernuari bere politika murriztaile hori luzatzeko.

Ordurarte Parisek egoeraren arabera erabakitzen zuen nola jokatu muga pasabideetan. Esaterako, mugan kontrolak zorrozteko erabakia hartu zuen G7 taldeak bere urteko bilera Biarritzen egin zuenean, 2019ko abuztuan.

Pandemia garaian dozena bat pasabide ixteko agindua eman ondoren, frantses Estatuak muga hesteko politikari jarraipena eman zion, erran bezala, 2021ko urtarrilean. Geroztik, modu batean edo bestean, zortzi muga ez ohiko zaintzapean atxiki ditu.

Protestak Euskal Herrian eta Catalunyan

Parisek hala aginduta, egun dozena erdi bat muga txikik oraindik ere itxita jarraitzen dute, berdin Euskal Herrian zein Katalunian ere. Inguruko herrietan bizi diren herritarrek protesta anitz burutu dituzte egoera salatzeko. Agorrila hondarrean Zuberoa eta Nafarroa arteko pasabideetara eraman zuten, beste behin ere, herritarrek pasabideak libratzearen aldeko aldarrikapena.

Dagoeneko iazko azaroan ekimena burutu zuten San Martin Harria eta Uthurzeheta (Larraineko lepoa) hesituta daudela salatzeko.

Kataluniari dagokionez, uda honetan protesta egin dute Coll de Banyulseko pasabidea irekitzea galdetzeko.

Kontrol zorrotzak, migratzaileen kaltetan

Alta, muga itxita dagoen tokitan solik ez, teorian zabalik dauden pasabideetan ere, egoera ez da inondik inora normalizatu. Frantses Poliziak kontrol zorrotzak atxikitzen ditu gau eta egunez Euskal Herriko pasabideetan. Muga inguruko eskualdetan kontrol polizial horiek oztopo anitz sortzen dituzte. Bertokoentzat egoera ez bada xamurra, migranteentzat politika hori guztiz jasangaitza da.

Ibilbide zinez luze eta arriskutsua gaindituta, Irunera iritsita ez aurrera ez atzera gelditzen dira. Santiagoko zubia okupatzen duten poliziek Gipuzkoarantz bueltan bidaltzen dituztenez, igarotzeko bide alternatiboak bilatzera behartuta daude, haien bizitzak arriskuan jarriz.

Hala nabarmendu zuten Bidasoaldeko elkartek eta udalek bederatzi migrante hil zirela salatzeko balio izan zuen iragan ekainean eginiko ekimenean. Geroztik egoerak ez du hobera egin. Migranteak laguntzeko jarduten duen Irungo Harrera Sareak irailean kontrol polizi horiek zorroztu direla oharrarazi berri du.

Euroeskualdea osatzen duten hiru eremuetako erakundeek, era bateratuan edo bakoitzak bere aldetik, polizi kontrolek eguneroko joan-jinetan sortzen duten oztopo maiz salatu dute.

Ildo beretik migranteen egoera agerian jartzeko hainbat adierazpen publiko egin dute, gizatasuna aintzat hartuko duen politika plantan ematea galdetuz.

Urriaren 5 eta 6an antolaturiko foroa

Euroeskualdeko exekutiboak zein Euskal Elkargoak testuinguru berezian berretsi dute, oraingoan, mugaren irekieraren aldeko mezua, Euskal Elkargoak urriaren 5 eta 6an Baionako Michel Portal antzokian antolaturiko mugaz gaindiko lehen topaketen karietara.

Ekimen horretan presente izanen dira, besteak beste, Euskal Elkargoko presidentea Jean-Rene Etchegaray, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Alain Rousset Akitania Berriko presidentea eta Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko Kontseiluko presidentea, besteak beste. Are, Trantsizio Ekologikoa eta landa eremuen ardura duen Dominique Faure frantses Estatuko idazkaria Baionara bertaratuko da baita ere.

Mugaz gaindiko lehen topaketen irekiera ekitaldia urriaren 5ean asteazkenarekin eginen da, 17.00etan. Osasun krisiak eta horrek eragindako mugaren ustekabeko itxierak izan duen eragina aztertzeko parada izanen dute bi egunetan hainbat eragilek animaturuko mahai-inguru eta eztabaidetan.

Urriaren 6an, 'Besta tradizionalak berriz elkarrekin bizi' erakusketaren estreinaldia eginen dute eta topaketei itxiera emateko Thierry Malandain Biarritzeko Koreografia Zentroko zuzendari eta frantziar Estatuko Arte Ederretako Akademiako kideak mugaren bi aldetan garatu dituen egitasmo ezberdinei buruz lekukotasuna emanen du. Elkarlanaren uztarik inportanteenetarikoa da Ballet-T Europako mugaz gaindiko lehen zentro koreografikoaren sorrera.