INFO

Aurtengo uda bero eta lehorrak egoera oso zailean utzi ditu abeltzainak

Euskal Herriko abeltzain asko egoera larrian daude. Izan dugun udaberri-uda bero eta lehorrak mendietako larreak erabat idortuta utzi zituen eta negurako gordeta zuten belar apurra gastatzen ari dira baserritarrak. Nazioarteko krisi orokorrak ere ez du laguntzen.

Patxiku Irisarri abeltzaina, EHNE-Nafarroako idazkaria, bere animaliekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Udazkenarekin batera heldu dira Euskal Herrian lehen eurite aipagarriak. Aspaldiko udaberri-uda bero eta lehorrenaren ostean, arnas apur bat hartu dugu kaleko biztanleok, baina lehorteak nekazaritzan eta abeltzaintzan utzi dituen ondorioak ez dira euri apur batekin soilik gaindituko.

Uda aurrera joan ahala hasi zen kezka zabaltzen: baserritarrek ganaduari negurako gordeta zeukaten belarra ematen hasi behar izan zuten, larreak erabat lehortuta zeudelako. Udaren azken txanpa ere berotik eta lehorretik joan da eta egoerak ez du onera egin, abeltzainek onartu digutenez.

«Une honetan gure egoera larria da eta ez dugu ikusten buelta emanen duenik. Aurten zer gertatu da? Maiatzerako lehortea hasi zela. Orduan lehen kortea kendu zitzaion larreari, baina bigarrena ez da atera eta horrek erran nahi du belar uztaren %40 edo %50 ez dugula jaso. Eta bestetik, abeltzaintza estentsiboan, animaliak mendian egoten dira, bai Aralarren, bai Andian… Animalia horiek uztailerako ere jaitsi genituen gure ustiategietara, mendian ez zelako belarrik. Ustiategian ere zerbait eman behar zaio, noski, eta orduan hasi ginen negurako bilduta genuen uzta ematen. Beraz, egoera larritu egin zen. Alde batetik belarrik ez da ateratzen eta, bestetik, negurako gordeta geneukan belar hori jada gastatzen ari gara. Nolabait gure etorkizun hurbila jaten ari gara. Hori da apur bat egoera», azaldu digu Patxiku Irisarri artzainak, EHNE-Nafarroako idazkaria ere badenak.

Baina arazoa ez da herrialde jakin batera mugatzen. Gipuzkoan ere egoera antzerakoa da, Aiako Lokate baserriko Bittor Sanchez artzainak aipatu digunez: «Hemen denetarik dago, baina ganadua mendira eraman duen jendeak Nafarroan izan duten arazo bera izan du. Mendian ganaduak janaririk ez bazeukan, behera jaitsi beharra zegoen, baina behean oso belar gutxi egin dugu aurten. Nik, adibidez, aurreko urteetan egiten nuenaren erdia egin dut, horra ere iritsi banaiz. Beraz, ganadua menditik jaitsi eta etxean daukazun belar gutxi hori eman behar diozu».

Eta noski, ganaduari etxeko belarra ezin bazaio eman, nahitaez kanpoan erosi beharra dago, horrek suposatzen duen kostuarekin. «Momentu honetan animaliei neguko bazka hori ematen ari gatzaizkie. Eta hainbat etxetan negurako erosten genuen bazkak duen prezioa ikusita, izan lastoa, alfalfa edo dena delakoa, ia ezinezkoa da erostea. Azkenean, halabeharrez, handik edo hemendik lortu beharko da; bestela animaliak saldu egin beharko ditugu, ez ditugulako gosez hiltzen utziko, baina egoera oso larria da», berretsi du kezkatuta Irisarrik.

Gainera, Bittor Sanchezek gogorarazi duen moduan, lehortea ez da tokian tokiko arazoa izan; arazo orokorra izan da Europa mailan, eta horrek asko zailtzen du prezioetan oreka lortzea. «Lehortea ez da hemen bakarrik gertatu, Estatu osoan berdin gertatu da, eta horregatik forrajea erosteko ikaragarrizko prezioak eskatzen dira. Oso gutxi dagoelako, eta eskaera, ikaragarria. Eta gehitzen badiogu pentsuak daukan prezioa… Egoera txarra da», dio.

Bistan denez, aurreko astean izan genituen euri zaparradek ere ez dute egun batetik bestera arazoa konponduko. «Jendeak dio: ‘euria etorri da’. Noski, leku batzuetan buelta emango diote egoerari, baina beste batzuentzat jada berandu izango da. Orain arteko galerak hortxe daude. Horrek ez dauka bueltarik. Ganaduari eman behar izan zaion janaria kanpoan belarrik ez zegoelako, hori jada galduta dago».

«Ekaitz perfektua»

Lehortea, gainera, ez da arazo bakarra izan azken hilabeteotan nekazari eta abeltzainentzat. Gizarteko beste hainbat arlotan gertatu den bezalaxe, prezioen igoera orokorrak gogor astindu du lehen sektorea ere, nolabaiteko «ekaitz perfektua» sortuz, Bittor Sanchezek erabilitako kontzeptua errepikatuz. «Azkenean, jende guztia kezkatzen duen gauza berak kezkatzen gaitu gu ere: etorkizuna oso ilun ikusten dugula. Prezioen igoera, esnearen salneurria, haragiaren salneurria… dena. Eta gauza bakarra balitz gora egin duena... baina dena batera etorri da. Amaia bikotekideari esaten nion: ‘zonbiak bakarrik falta dira’», gehitu du egoera umorez hartzeko saiakera eginez.

Larreak lehor (Guillaume FAUVEAU)

«Hemen historia da ez dela soilik bazka falta, baizik eta ustiapenetan argiaren prezioaren igoera ere, adibidez, izugarria izan dela. Lehen etxalde batean 300 euro gastatzen bazituzten. orain agian 900 gastatzen dituzte. Eta hori ezin da jasan. Hor, zer neurri hartu? Noski, alde batetik gerrikoa estutzea eskatzen zaigu, baina jada gehiago ezin dugu estutu. Estatu espainiarra, adibidez, hasi zen gasaren prezioari topea jarri behar ziola esaten, eta horrekin argindarraren prezioa jaitsiko zela, baina guk ez dugu horrelakorik ikusten. Hala ere, produktu batzuetan topeak jarri ahal badira, zergatik beste batzuetan. ez? Forrajean edo pentsuan, adibidez. Horrela sektoreari lagunduko litzaioke», planteatu du Patxiku Irisarrik, ideiaren bat mahai gainean jartzeko asmoz.

Deskribatu dugun egoera zail horrek ondorio zuzenak ekarriko ditu sektorean datozen hilabeteetan: ganadua kentzea, adibidez. «Horrelako gastuak ikusita, neguan gertatuko da, bai ardi sektorean bai behi sektorean. anitzek azienda kenduko dutela, lehenago bidaliko dutela hiltzera. Lehen ardi bat sei-zazpi urterekin bidaltzen bazen hiltegira, orain urtebete lehenago bidaliko dute. Eta gauza berdintsua, behiekin. Beraz, hor nabarituko da hiltegietan lan dezente edukiko dutela negu honetan», aurreratu du Patxiku Irisarrik.

Lokate baserrian ere antzeko irakurketa egiten dute. «Nik ardiak ditut eta ardi esnea saltzen dut, eta jada badago jendea aurtengo negua ez duela pasako esaten duena. Ikusita zer gastu dauzkagun eta esnearen prezioa ez bada ikaragarri igotzen… Esnearen prezioak %25 igo beharko lukeela diote [errentagarria izateko]. Hori sekulako arazoa da, bai esnea saldu behar dugunontzat, bai esnea erosi eta gazta saldu behar duenarentzat. Horregatik, bada jendea dioena ardiak kenduko dituela».

Laguntzak berandu

Egoerari aurre egiteko, Nafarroan “Lehortearen Mahaia” deritzona ipini zuten martxan, eta dirulaguntza batzuk hitzartu zituen Gobernuak sektoreko ordezkariekin, nahiz eta Patxiku Irisarrik adierazi duen moduan, batzuentzat laguntza hori beranduegi helduko den ziur asko.

«”Lehortearen Mahaia” gobernua, sindikatuak, kooperatibak eta horrelakoak biltzeko lekua da, bertan egoeraren analisia partekatzekoa. Gobernuak datu batzuk bota zituen; gure ustez, datuak ongi ziren, baina motz geratzen ziren. Zenbateko galera izan zen belarretan, edo zerealetan… Hor portzentaje batzuk eman ziren eta guk uste dugu portzentaje horiek altuxeagoak direla. Eta mahai gainean laguntza batzuk jarri ziren. Abeltzain sektorearendako sei milioi euroko dirulaguntza jarri zuten mahai gainean, tope batzuekin: 15.000 euro, gehienez, ustiategi bakoitzarentzat. Baina, noski, dirulaguntza horiek ez dira orain banatuko; datorren urteko Aste Santutik aurrera hasiko dira banatzen. Ongietorriak dira, noski, baina batzuentzat beranduegi izango da», dio.

Behiak bazka jaten Nafarroako ustiategi batean (Iñigo URIZ / FOKU)

Gipuzkoan oraindik ez dago horrelakorik, nahiz eta datozen asteetan berriren bat egon litekeen laguntzen inguruan. «Nik badakit udazken partean, azaro aldean edo, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza batzuk ateratzeko asmoa duela, Ukrainako gerraren ondorioen harira. Ardiak, behiak, behorrak, oilaskoak, txerriak… dauzkan jendeari laguntzeko, antza denez, baina ez zehazki lehortearengatik, baizik eta Ukrainako gerraren ondorioak baretzeko argudioarekin», aipatu digu Bittor Sanchezek.

Eta nahigabe ere, aurtengoak beste galdera bat utzi du airean, lehen sektorearen etorkizuna erabat baldintza lezakeena: aurtengoa ezohiko kasua izan da, isolatua, edo aldaketa klimatikoak horrelako asko ekarriko ditu etorkizunean?

Segur aski bietatik dago. Aurtengoa oso berezia izan dela argi dago, Sanchezen iritziz: «Aurtengoa erabat ezohikoa izan da. Gu Aian gaude, kostaldetik oso gertu, eta hala ere, oso lehorra izan da uda. Gainera, hemen belarra jaten duen ar bat ere azaltzen da, eta horrek hemengo belar gutxiak erre egin ditu. Aurtengoa ez da normala izan».

Aldaketa ere bai

«Aurtengoa ohikotik atera da, lehortea maiatzean hasi zelako», berretsi du Irisarrik. Baina aldaketa klimatikoa bertan dugula ere oso argi du: «Antzerako egoera bat ezagutu genuen 2003-2004 urteetan. Bi urte horietan nahiko lehorte handiak izan genituen, baina batez ere uztailean eta abuztuan izan ziren, eta ekainera arte izan zen zer bildu. Eta abuztu ondotik euria egin zuen eta leku batzuetan aukera izan zuten korte berria egiteko. Baina aurtengoa berezia izan da. Eta dudarik gabe aldaketa klimatikoa hor dago. Lehorteaz ari gara orain, baina duela urtebete, abenduan, Nafarroan uholdeak izan ziren. Bistan da aldaketa klimatikoa dagoela. Nik 53 urte ditut, txikitan eskolara oinez joaten nintzen baserritik, eta lautik hirutan zirimiria izaten zen eta bustita ailegatzen ginen eskolara. Gaur egun, egun batean zirimiria ikusteko auskalo zenbat itxaron behar den. Horregatik, aldaketa klimatikoa heldu da eta horretan ari direnek aipatzen dute horrelako lehorte eta uholdeak maizago ikusiko ditugula. Eta horrek eman behar digu zer pentsatu», hausnartu du EHNE-Nafarroako idazkariak.

 

SAGARRA, MAHATSA, PERRETXIKUAK... BI GEHI BI EZ DIRA BETI LAU IZATEN NATURAN

Udazkena uzta garaia da hainbat sektore desberdinetan, eta aurtengo lehorteak horietako zenbaitetan izan dituen edo izan ditzakeen ondorioak ere aztertu nahi izan ditugu. Ur faltarekin kezkatuta somatu ditugu nezkazari elkarte desberdinak, baina egia da sektorearen arabera asko aldatzen dela egoera.

Sagarra biltzeko garaian bete-betean sartuta gaude, adibidez, eta badirudi aurtengo uzta espero zena baina txikixeagoa izango dela, baina sagarrak bi urtez behin ematen duenez eta aurten ez zenez uzta urtea tokatzen, galera ez da horrenbestekoa izango. «Iazkoa uzta historikoa izan zen, eta horregatik aurten jada espero genuen uzta txikiagoa izatea, sagarrak bi urtez behin ematen duelako. Baina egia da uda lehor eta bero honek ez duela lagundu uzta hori handitzen. Txikia espero genuen eta txikia izan da. Hor dago koxka gure kasuan», azaldu digu Olatz Mitxelena Garmendia Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak.

«Euri gehixeago egin balu seguruenik uzta txiki hau handixeagoa izateko aukera legoke, zuhaitzak gehiago errekuperatzeko aukera izango zuelako. Baina kalitate aldetik ez da horrenbeste kezkatzen gaituen elementu bat. Zuhaitzek emankor segitzen dutelako eta osasuntsu jarraitzen dutelako. Gainera, plantazio berri asko jarri dira azken urteetan eta horiek emankorrak izateko pixka bat falta da oraindik. Bide onetik doa sektorea alor horretan. Lehortea ez da inorentzat positiboa, kezkatzen gaituelako, baina produktuari dagokionean aurtengo udak ez du horrenbesteko eraginik izan», gehitu du irakurketa baikorra eginez.

Sagar bilketaren erakustaldi bat (Idoia ZABALETA / FOKU)

Sagarra bezalaxe, mahatsa ere bilketa garaian sartuta dago, baina oraindik ez dago batere argi zer puntutaraino baldintzatuko duen lehorteak aurtengo uzta. Nafarroan, adibidez, nabarmena izan da bilketa asko aurreratu dela, baina lehen datuen arabera bertako Jatorri Izendapenak 68 milioi kilo jasotzea espero zuen, aurreko urtean baino %17 gehiago.

Itxaso Compañon Arrieta, Arabako Errioxako Bodegen Elkarteko lehendakariak aipatzen duenez, euri faltak mahats kopurua txikitzea espero du, baina hezetasun ezak era berean gaixotasun gutxiago izatea ekarri du. «Mahastiak erakutsi digu oso indartsua dela, jende askok ez zuen espero landareak horrenbeste irautea urik gabe. Lehorteak kantitaea murriztu egin du. Azkenean aleak txikiagoak dira, mahats-mordoak zabalagoak eta aireatuagoak. Aleen artean leku gehiago dago eta horrek sanitarioki oso osasuntsu egotea ekarri du. Ez dago inolako onddo edo gaixotasunik. Alde horretatik ondo, eta kalitatez ere bai. Hasiera batean badirudi kolore gutxiago izango duela aurten, baina oraindik itxaron egin behar da», nabarmendu du.

Hori bai, ez du ezkutatzen aurtengo uzta «oso arraroa» izan dela. «Batzuk jada biltzen eta prentsatzen hasita daude, eta beste batzuk oraintxe hasi gara (irailak 27). Mahasti bakoitzak badu bere garaia eta itxarotea komeni izaten da, ze mahasti noiz jaso behar den kontuan hartuz. Oso desberdin etorri da mahatsa altueraren arabera, ureztatu den edo ez…».

Eta nekazaritza ez den arren, lehorteak perretxiku biltzea nolabait baldintzatu ote duen ere galdetu nahi izan dugu, udazkena perretxiku garaia dela jakinda. Erro Parke Mikologikotik aipatu digutenez, eguraldi lehorrak ez du asko laguntzen, baina naturak ezusteko handiak ematen ditu. «Mikologia oso zaila da aurrikusten. Irail erdialdean adibidez boletus kolpe handia izan zen nahiz eta lehorte handia izan. Borraska bat sartu zen eta badirudi horren eraginez izan zela. Alde horretatik ez da nekazaritza edo abeltzantzarekin alderagarria. Denboraldi benetan txarra espero zen hasiera batean, eta inork ez zuen uste irailean horrelako fruktifikaziorik izango zenik, adibidez. Eta izan genuen. Onddoak oso bereziak dira zentzu horretan», diote adituek. Aurreko asteko euriteek adibidez egoera aldatu omen dezakete.