INFO

Aitor Bizkarrarentzat azken txartel zuzena

Lizarran jokatu da gaur arratsaldean lehen faseko azken saioa. Aitor Bizkarrak 693,5 puntu bildu ditu. Horrenbestez, hurrengo fasera pasako diren 19 bertsolarien zerrenda osatu da.

Aitor Bizkarrak irabazi du Lizarran jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren saioa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aitor Bizkarrak irabazi du Lizarran jokatu den saioa, lehen faseko azkena. Abadiñokoak 693,5 puntu lortu ditu eta hurrengo faserako txartel zuzena. Gainontzeko puntuazioa honela geratu da: Asier Azpiroz (666), Maialen Akizu (658,5), Imanol Uria (652), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ (622,5). Puntuazioa kontuan hartuta, Azpirozek ere lortu du datorren fasera pasatzea.

Lizarrako saioarekin itxi da lehen fasea eta datorren eskailerara igaroko diren 19 bertsolarien zerrenda osatu da. Honakoak dira: Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Jone Uria, Haritz Mujika, Nerea Elustondo, Ane Labaka, Aitor Bizkarra, Julio Soto, Onintza Enbeita, Agin Laburu, Aitor Etxebarrizarraga, Joanes Illarregi, Maddalen Arzallus, Eñaut Martikorena, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Iñaki Apalategi.

Datorren asteburuan atseden hartuko du txapelketak eta bigarren fasea, finalaurrekoena, urriaren 22an abiatuko da Elizondon. Lehen fasetik datozen 19 bertsolari eta bigarren fasean zain dauden beste bost, guztira 24 bertsolari arituko dira finalera begirako txanpa honetan. 2017an finalista izandako eta aurtengo txapelketan parte hartzeko prest dauden bost bertsolari igoko dira trenera: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi.

Finalaurrekoak bi itzulira jokatuko dira. Lehen itzulian, honako geltokiak izango ditu txapelketak: Elizondo, Donibane Garazi, Irun eta Durango.