Sei urtean gose larria %123 igo da klima-aldaketaren hamar puntu kritikoenetan
«Gure begien aurrean lehertzen ari den bonba bat da» klima-aldaketa. Eta aise gainditzen du herrialde pobreek aurre egiteko duten gaitasuna. Ondorioz, are gehiago murgiltzen ari dira muturreko gose-egoeran. Klima-aldaketak gehien eragindako 10 herrialdeetan %123ko igoera izan du gose larriak.
Muturreko gose-maila %123 igo da sei urtean klima-aldaketak gehien kaltetu dituen hamar herrialdeetan, Oxfam GKEak egindako azterketaren arabera. Erakundeak berehalako neurri politikoak eskatu ditu atzeraelikatzen den krisi bikoitzari aurre egiteko.
Somalia, Haiti, Djibuti, Kenya, Niger, Afganistan, Guatemala, Madagaskar, Burkina Faso eta Zimbabwen, muturreko fenomeno klimatologikoengatik NBEren alerta gehien duten herrialdeetan, 48 milioi pertsona daude, guztira, elikadura gabezia larrian eta, horietatik, 18 milioi gosetearen atarian daude.
Oxfamek nabarmendu du hamar herrialde horiek batera munduko karbono-isurketen %0,13ren ardura bakarrik izan arren, krisi klimatikoaren ondorioak ordaintzen ari direla, horri aurre egiteko prest egon gabe —Afrikako Adarrean agerian geratu den bezala, aurrekaririk gabeko lehortearekin—.
Aitzitik, industrializatuenek eta kutsatzaileenek (G20 taldekoak, esaterako) munduko ekonomiaren %80 kontrolatzen dute, eta, oro har, munduko karbono-isurketen hiru laurden baino gehiago eragiten dituzte.
Gainera, «herrialde horietako agintariek enpresa kutsatzaile aberatsak babesten jarraitzen dute, kasu askotan hauteskunde-kanpainei babes handia ematen dietelako», kritikatu du Oxfamek.
Gabriela Bucher GKEko zuzendari exekutiboak adierazi duenez, klima aldaketa «jada ez da erloju-bonba bat»: «gure begien aurrean lehertzen ari da», hondamendi natural hilgarriagoen eta ohikoagoen bitartez. Izan ere, azken mende erdian bost aldiz biderkatu dira hondamendi horiek.
«Pakistanen lur azalaren heren bat ur azpian dago. Laboreak eta lurrak suntsituta geratu dira, eta nekazaritzako azpiegiturak, birrinduta. Arabiar itsasoaren beste ertzean, Somalian 40 urtean inoiz izandako lehorterik larriena jasaten ari dira, uztak eta abelburuak galduta. Klima ez da aldatzen ari. Klima aldatu egin da», laburbildu du Oxfamek.
«Hondamendi klimatikoen oldeak aise gainditzen du pobreek aurre egiteko duten gaitasuna, eta are gehiago murgiltzen ditu muturreko gose-egoeran», gaineratu du. Izan ere, gaur egungo krisia are gehiago nabarmentzen ari da mundu mailako desberdintasuna. Bucherren arabera, «krisi klimatikoen errepikapena jipoi hilgarri bihurtzen ari da» gutxien garatutako herrialdeentzat.
Desberdintasunari aurre egitea
Oxfamek herrialde aberatsenak eta kutsatzaileenak jarri ditu jomugan, baita haien enpresak ere, eta gogorarazi du hidrokarburo-enpresek 18 egunetan lortutako irabaziekin soilik ordain litezkeela NBEren aurtengo dei humanitario guztiak: 49.000 milioi dolar, hain zuzen ere. Oxfamek kalkulatu du 2.800 milioi dolar irabazi dituztela egunero enpresa horiek azken 50 urteetan.
Hidrokarburo-enpresen urteko mozkinen batez bestekoaren %1 10.000 milioi dolar da, eta hori «nahikoa litzateke Nazio Batuen Erakundeak elikagaien segurtasunerako egindako deialdi globalaren defizit gehiena estaltzeko».
Gabriela Bucherrek herrialde aberatsen «erantzukizun morala» eskatu du, klima-aldaketak kaltetutako errenta baxuko herrialdeei laguntzeko. «Ez da karitatea, betebehar etikoa baizik», nabarmen du, larrialdiei aurre egiteko finantzaketa-modu berriak bilatzeko egindako deialdi baten barruan.
Ildo horretan, energia- eta elikadura-sistemen «egiturazko desberdintasunak» konpontzea planteatu du, kutsatzaileenen zergak handituta.
Oxfamek herrialde ahulenen zorra barkatzearen alde ere egin du, haien gobernuek baliabide horiek klima-aldaketaren aurrean erresilientzia-ekintzetan erabili ahal izan ditzaten.
«Aldaketa esanguratsuak behar dira politiketan, klima-aldaketaren eta gosearen krisi bikoitzari aurre egiteko. Berehalako neurri masiboak hartzen ez badira, gose-espiral gero eta handiagoa geldiezina izango da», ohartarazi du erakunde honek.
NBEren Batzar Nagusiak joan den hilabetean egindako bileran erantzuna izan behar zuen mezu horrek, baina estatu eta gobernu buruen ohiko hitzaldietan ez zuen oihartzunik izan.
Azaroan, klimaren inguruko COP27 gailurrean ere proposamen zehatzak aurkezteko aukera izango da. Bertan «bereziki herrialde aberatsek eta kutsatzaileen buruek isurketa gutxitzeko konpromisoak betetzen dituztela erakutsi beharko dute», nabarmendu zuen Bucherrek.
Hamar puntu kritikoak
«Klima-aldaketak gehien eragindako 10 herrialdeetan %123ko igoera izan du gose larriak azken sei urteetan», dio txostenak, Somalia, Haiti, Djibuti, Kenya, Niger, Afganistan, Guatemala, Madagaskar, Burkina Faso eta Zimbabwe aipatuta.
Hamar «puntu kritiko horiek» jaso dute, muturreko fenomeno meteorologikoei lotuta, Nazio Batuen Erakundearen larrialdi-dei gehien.
Gaur egun, 48 milioi pertsona gose egoera larrian daude herrialde horietan –2016. urtean, 21 milioi ziren–. Horietatik 18 milioi gosetearen atarian daude.
Sei urteko aldia (2016-2021) aztertzen duen txosten horretako bost adibide nabarmendu ditu Oxfamek. Batetik, Somaliak –Afrikako Adarra osatzen du Djibuti, Eritrea eta Etiopiarekin batera– aspaldiko lehorte larrienari aurre egin behar dio, eta bi eskualdetan gosetea izatea aurreikusi da. Euri falta dela eta, bestalde, milioi bat pertsonak etxetik alde egin behar izan dute. Herrialdea 182tik 172. postuan dago klima-aldaketari aurre egiteko prestakuntzari dagokionez.
Bestetik, Kenyan lehorteak ia 2,5 milioi abelburu hil ditu eta 2,4 milioi pertsona gosea pasatzen ari dira; horien artean, muturreko desnutrizio egoeran dauden ehunka mila haur. Nigerren (Afrika mendebaldea), 2,6 milioi pertsona gose larria pasatzen ari dira; hau da, %767 hazi da, 2016arekin alderatuta. Zerealen ekoizpena ia %40 erori da, muturreko fenomeno meteorologikoek, etengabeko gatazkekin batera, gero eta gehiago zailtzen baitituzte nekazaritza-jarduerak. Berotze globala 2° C-tik gorakoa bada, artatxikiaren, sorgoaren eta antzeko oinarrizko elikagaien ekoizpena %25 gehiago amildu daiteke.
Burkina Fasok —Niger bezala, Sahel eskualdean— gosearen igoera kezkagarria izan du, %1.350 hazi baita 2016tik; 2022ko ekainean 3,4 milioi pertsona baino gehiago muturreko gose egoeran zeuden, gatazka armatuaren eta laborantza eta artzaintza lurren desertifikazioaren ondorioz.
Lehorte larriak ez dira Afrikan bakarrik gertatzen. Guatemalan, lehorte larri batek arto-uztaren %80 inguru galtzea eragin du, eta kafe landaketak suntsitu ditu. «Ia zortzi egun eman ditugu ia janaririk gabe», dio Mariana Lopezek, Erdialdeko Amerikako Korridore Lehorreko Naranjo herrian bizi den amak. Lehorte iraunkorrak lurrak saltzera behartu zuen.
Oxfamek, bestalde, gosea hedatzen laguntzen ari diren bost muturreko fenomenoak jaso ditu txostenean: Asiako tifoiak, ekialdeko Afrikako lehortea, hegoaldeko Afrikako zikloiak, Saheleko lehortea eta Erdialdeko Amerikako Korridore Lehorra.
BI LEHORTERI BURUZKO HISTORIA: SOMALIA ETA AEB-ak
Klima-aldaketaren ondorioek ez diete guztiei berdin eragiten. 2020az geroztik, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko eremu zabalek mendeetan izandako lehorterik larriena jasan dute; batez ere, klima-aldaketaren ondorioz.
Gaur egun, AEBetako lurraldearen %64ak muturreko bero-boladak eta era bateko edo besteko ur-eskasia jasaten dituela kalkulatu da.
Hala ere, lehorte horien larritasuna gorabehera (lehorte bakoitzak, batez beste, 10.000 milioi dolarreko kostua eragin du), eragin ekonomikoa oso mugatua izan da, aldaketa klimatikoaren puntu kritikoenetan lehorteek duten kostu ekonomikoarekin alderatuta.
Izan ere, AEBak klima aldaketarako ongien prestatuta dauden herrialdeen %10en artean daude, botere ekonomikoari esker.
Botere ekonomiko hori, besteak beste, 23 bilioi dolarreko BPGan islatzen da.
Horri esker, bertako Gobernuak kaltetutako nekazari txikiei eta egoera ahulenean dauden pertsonei klima-aldaketaren eraginetara egokitzen eta azkar errekuperatzen lagundu ahal izan die.
Somalia klima aldaketarako prestakuntzaren zerrendako 172. postuan dago, 182 herrialdetik.
Mende erdian lehorterik larriena pairatzen ari da, eta zazpi milioi pertsona gosea pasatzen ari dira eta, horietatik 200.000 gosetearen atarian daude.
Gutxi gorabehera, 3 milioi abelburu galdu dira lehortearen ondorioz. Somaliako familien hondamendia izugarria da. Izan ere, haien elikagai-iturriak, diru-sarrerak eta aurrezkiak abere-taldeen mende daude, batez ere.
Herrialdeak 1.500 milioi dolar behar ditu premiaz ura eta bizi-elikagaiak lortzeko, eta, horrela, biztanleria goseak jota gera ez dadin.
Kopuru hori herrialdeko BPGaren %30 da. Hala ere, urteetako kolapso ekonomikoak, etengabeko gatazkek eta kanpo-zor gero eta handiagoak hondamendi klimatikoei aurre egiteko Somaliako Gobernuak duen gaitasuna suntsitu dute.
ASIAN TIFOIEK DESBERDINTASUNAREN ARRAKALA HANDITZEN DUTE
Asiak elikadura-segurtasun falta eta hondamendi arrisku handia du, muturreko fenomeno meteorologikoek sarritan astintzen dutelako kontinentea.
2020an, gose kronikoak jotako mundu osoko biztanleriaren erdia –418 miloi pertsona, aurreko urtean baino 57 milioi gehiago– Asian bizi zen.
Beste modu batez esanda, janari nutritibo bat Asiako biztanleriaren zati handi baten ahalmen ekonomikotik kanpo dago: 2020. urtean, 1.900 milioi pertsonek ezin zuten dieta osasuntsua izan.
Krisi ekonomikoek, pandemiak edo elikadura merkatuetan gertatzen direnek prezioak nabarmen garestitu dituzte, ezberdintasunak areagotu eta gosea handitzearekin batera.
Zikloiek, tifoiek eta uholde monzonikoek pertsona askoren etxeak eta diru-sarrerak suntsitu dituzte eta desberdintasunaren arrakala zabaldu dute Bangladesh, Nepal, Pakistan eta Indian.
Zikloi tropikalak, 1970eko hamarkadatik, gero eta suntsitzaileagoak dira ozeanoen beroketaren ondorioz, eta XXI. mendearen amaierarako suntsitzeko ahalmena bikoiztuko dutela uste dute.
Azken 40 urteotan, lurrera iristen diren tifoien indarra %12 eta %15 bitarte handitu da, eta 4 edo 5 mailako ekaitzak hirukoiztu egin dira.
ASEAN erakundearen arabera, muturreko fenomenoek urtean 4.400 milioi dolarreko galerak eragiten dituzte eta tenperatura globalak igotzen jarraitzen badu, Asiako arroz ekoizpena %50 murriz liteke, 1990. urtearekin alderatuta.
Eta litekeena da 2030ean goseteak 38 milioi pertsona gehiago jotzea Asia eta Ozeano Bareko lurraldeetan.