INFO

Donostiako Herria tabernak jasandako erasoa grabatu dute; zazpitik gora dira aurten

Donostiako Ikatz kalean dagoen Herria tabernatik ikurriña eraman dute berriz ezezagun batzuek, baina oraingo honetan eraso faxista grabatua izan da eta irudiak hemen dira ikusgai. Behin eta berriz errepikatzen ari da aurten, baina ez du zalaparta politikorik ez eta atxiloketarik ere eragin.

Este navegador no soporta el elemento video.


Donostiako Herria tabernak jasandako eraso faxista baten grabazioa eskuratu du NAIZek. Bertan ageri denez, zortzi lagunek hartzen dute kalea, gauez, taberna guztiak itxita direla aprobetxatuz, eta horietako batek tabernaren atarian gainean egon ohi den ikurriña kentzen du.

Bideoan aipatzen denez, 2022. honetan jada zazpi aldiz baino gehiago gertatu dira honelako erasoak. Egoera publikoki salatua izan da zenbaitetan; pasa den otsailean, esaterako. Hala ere, alderdi politiko zein erakundeen partetik ez du aparteko erreakziorik eragin, eta ez da atxiloketarik ekarri ere.

Urte hasierako eraso horren ondoren Herria Kultur Elkarteak kziurtatu zuenez, «jarrera politiko jakin batzuekiko gorrotoa» adierazten dute ekintza hauek eta inpunitate osoz burutzen dira: «Badakite poliziaren patruilaren bat ikusiz gero ez zaiela ezer larririk ekarriko».

«Militarrak, zakurrak edo fatxak» ote diren egileak, galdera hori luzatu du Donostiako Piztu ekimenak sare sozialetan:

 

Donostiako Ikatz kaleko taberna aski ezagun hau eraso faxisten jomugan dela bistan da, baina ez da bakarra: Leitzan, esaterako, honelako erasoak salatu dira azken hilabeteotan, behin eta berriz errepikatutakoak

Irudiei erreparatuta, gizonezko gazteak dira erasoaren egileak, talde antolatu modura aritzen direnak. Batek ikurriña kentzen duen bitartean, besteek kalearen kontrola hartzen dute. Hauetako batek hormetan dauden afixak urratzeari ekiten dio. Ikurriña eskuetan hartzen duenak hormatik jeisteko unean kolpe galanta hartzen duela ikus daiteke.

‘Alde hemendik, geurea ikurriña’, da bideoak bukaeran dakarren aldarria.