INFO

Energia fotovoltaikoa, autokontsumorako biderik zuzenena

Energiaren prezioaren gorakadari aurre egiteko, gero eta komunitate energetiko gehiago sortzen ari dira Euskal Herrian. Baina partikularrek ere badute argindarra sortzeko aukera, eguzki-plaka fotovoltaikoen bitartez.

Eguzki-plaka fotovoltaikoekin etxebizitza bateko argindar beharren %60-70 ase daiteke. (J.S.)

Euskal Herria gune pribilegiatua ez izan arren, eguzki-erradiazio nahikoa dago panel fotovoltaikoekin elektrizitatea sortzeko. Energiaren Euskal Erakundeak egindako azterlanen arabera, euskal kostaldean urtean 950-1.000 orduko aprobetxamendu-maila dago, tarteko eremuan 1.100-1.150 ordukoa, eta hegoaldean 1.350-1.400 ordukoa.

Beraz, aitzakiarik ez dago etxeetan eguzkiaren erradiazioa aprobetxatzen hasteko. Gainera, 2019an onartutako lege berriak atzean utzi zituen ordura arte zeuden oztopo guztiak, eta geroztik nabarmena da eguzki-plakek izan duten gorakada. Erakunde publikoen dirulaguntzak ere ez dira ahaztu behar, inbertsioaren %50-60ra iritsi daitezke eta.

Testuinguru horrek lagunduta, Euskal Herrian komunitate energetiko asko sortu dira azken hiru urteotan, baina partikularrek ere badute argindarra sortzeko aukera, eguzki-plaka fotovoltaikoen bitartez. Eta sortutako elektrizitatearekin, berogailu sistemak martxan jartzeko aukera izango dugu.

Gero eta eguzki-plaka termiko gutxiago jartzen dira, sortzen duten ur beroa gordetzeak zailtasun tekniko gehiago dituelako. Gaur egungo joera da plaka fotovoltaikoen bitartez elektrizitatea sortzea eta horrekin, termo moduko batean ura berotzea eta aerotermia bezalako sistemekin berogailua martxan jartzea.

Arrasateko Ekitermik kooperatiban adituak dira mota horretako instalazioak diseinatu eta jartzen. Xabier Lizaur da bazkide sortzaileetako bat eta berak dioenez, orain arte elektrizitate beharrak asetzeko eguzki-plaka fotovoltaikoak jartzen ziren, eta ur bero eta berogailu beharrak asetzeko, erregai konbentzionalak (gasa edo gasolioa). Eta azken urteetan,  eguzki-plaka termikoak jartzen hasi ziren.

Orain, ordea, gero eta eguzki-plaka termiko gutxiago jartzen dira, sortutako ur beroa gordetzeak zailtasun tekniko gehiago dituelako. «Udan, eguzki ordu gehien dagoenean, ez dugu berogailurik behar. Eta neguan, aldiz, eguzki ordu gutxien dagoenean, orduan behar dugu berogailua. Eta horrek arazo tekniko ugari sortzen ditu».

Horregatik, gaur egungo joera da plaka fotovoltaikoen bitartez elektrizitatea sortzea eta horrekin, termo moduko batean ura berotzea eta aerotermia bezalako sistemekin berogailua martxan jartzea.

Aerotermia

Zer da aerotermia sistema? Ziklo frigorifikoan oinarritutako sistema da, non konpresore baten bitartez, kanpoko airearen berotasuna likidora pasatzen den. Eta nola berotu dezake ura neguan? Zirkuituko tenperatura -30º ingurukoa delako, eta kanpoan bi edo hiru gradu zero gainetik badaude, 32 edo 33 gradu gehiago delako hori. «Horregatik, sistema hauek oso efizienteak direla esaten dugu, plaka fotovoltaikoen argindarra besterik ez dutelako behar eta ondorioz, emisiorik ez dugulako sortzen», dio Lizaurrek.

Baina, instalazio horiek edozein etxetan jar daitezke? Printzipioz, bai: etxebizitza unifamiliarretan, baserrietan, pisuetan… Xabier Lizaurrek dioenez, «une honetan egiten ari garen instalazioen %80 etxe unifamiliarrak eta baserriak dira, eta %20 etxebizitza kolektiboak». Azken horietan, hori bai, etxebizitza bloke berriak izatea komeni da, «eraikuntza zaharretan oso zaila delako horrelako sistema oso bat txertatzea».

Eguzki-plaka fotovoltaikoei aerotermia sistema gehitu ezkero, ur-beroa eta berokuntza beharrak ere ase daitezke. (J.S.)


Etxebizitza kolektiboak

Eginda dauden etxebizitza kolektiboetan, hori bai, instalazio fotovoltaikoa bakarrik jartzen da, elektrizitate beharrak asetzeko, eta hori bi modutara egin daiteke. «Alde batetik, bloke osoko kontsumo komunitarioa asetzera joan gaitezke (igogailua, garajeak, argia…) eta bestetik, etxeetako kontsumoak asetzera. Bloke txikiak direnean, ez du merezi diru-inbertsio hori egitea, igogailuaren eta eskailerako argiaren kontsumoa ez delako oso handia. Horrelakoetan hobe izaten da kontsumo partikularrak asetzeko instalazioak egitea».

Kasu horietan, plaka fotovoltaikoek sortzen duten elektrizitatea ez da etxeetara bideratzen, sare orokorrera baizik. Eta gero, faktura egiteko garaian, etxebizitza partikularrek egindako gastuari sorkuntzak eragindako irabazia kentzen zaio. «Finean, teknikoki soluzio errazagoa da, baina administrazio lan handiagoa ematen du».  

Gaur egun, bestalde, instalazio fotovoltaiko gehienek bateria metatzaileak dituzte, eguzki orduetan sortzen den energia eguzkirik ez dagoenean edo gauez erabiltzeko. «Bateriarik gabe, autokontsumo maila %30-40 ingurukoa da, baina bateriekin %60-70era igotzea lor dezakegu». Bateria horiek asko igotzen dute instalazioaren inbertsioa, 6.000 euro ingurutik 10.000 edo 12.000ra iritsi gaitezke eta.

Berogailu sistema erantsi nahi badiogu, beste 14.000 euro beharko dira, batez beste. Hala eta guztiz ere, autokontsumora zuzenduta dauden dirulaguntzekin, inbertsio hori erdira jaitsi daiteke. «Hori bai –zehaztu du Xabier Lizaurrek– laguntzak jaso ahal izateko, instalazio berria etxearen kontsumoetara egokitu beharko da; hortaz, aurreikusitako sorkuntza mailak, gehienez, kontsumoa baino %20 handiagoa izan beharko du».

Zailtasunak

Baina dena ez da arrosa kolorekoa. Teorian gauza errazak diruditen arren, praktikan hainbat zailtasun sor daitezke; ez proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jartzeraino, baina bai proiektua dezente luzatu dezaketenak. Ekitermik kooperatibako arduradunak dioenez, obra- lizentziek asko atzeratu dezakete proiektua. «Hainbat autonomia erkidegotan ez da udal obra-lizentziarik behar, baina EAEn derrigorrezkoa da, eta udal batzuetan bi edo hiru hilabete pasatzen dira lizentzia eman bitartean».

Epeak atzeratzea eragin duen beste faktore bat osagaien krisia da. «Autoen sektorean bezala, guk ere osagaien krisia sufritzen ari gara, eta hainbat instalazio geldirik izan ditugu inbertsore elektrikoa falta zitzaigulako. Aspaldi deslokalizatu zen osagaien ekoizpena; orain dena Asiatik dator, eta kanpoarekiko mendekotasun handia dugu».