INFO

Haurtxoak hil eta eskuak hutsik gelditzen direnean

Adineko pertsonak edo gaixorik daudenak hiltzea normaltasunez hartzen dugu gizartean, nahiz eta oraindik heriotza tabu erraldoi bat den. Zendutakoak jaio aurretik, jaiotzean edo jaio ostean hiltzen diren haurrak direnean, berriz, ez dakigu nola jokatu eta mina ematen duten gauzak esan ditzakegu.

Eider Otxoa doluterapeuta Aretxabaletako kontsultan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gaur haurdunaldi, jaiotza edo jaioberrien heriotzaz kontzientziatzeko nazioarteko eguna da, eta aletxoa jarri nahi dugu dolu prozesu horregatik pasatzen ari diren familiak ulertuago sentitu daitezen. Eider Otxoa doluterapeutarekin eta haren pazientea den Saioa Tejeirorekin hitz egin dugu emozioz betetako elkarrizketa batean. Otxoak doluan dauden pertsona, bikote eta familiekin terapiak egiten ditu Aretxabaletan duen Dolulaguna kontsultan, eta horrez gain haur baten galera izan duten familiak biltzen dituen Esku Hutsik elkartearen zuzendaritzako kide ere bada (Hego Euskal Herriko Dolu Perinataleko elkartea, iaz sortu zen eta urtean zehar hainbat ekintza garatzen ditu, aste honetarako ekintza bereziak barne).

Bide profesional hori hartzea erabaki zuen bere lehen semea, Ekaitz, erditzean hil zenean duela 11 urte. «Ekaitzen heriotzak nire bizitzaren zentzua guztiz aldatu zuen. Orain bizitza honetan maitasuna emateko eta besteei laguntzeko nago. Bere heriotzaren ondorioz bizitako dolu prozesuaren ondoren, baldintzarik gabeko maitasuna eta indarra sentitzen ditut. Bizitzak beste zentzu bat hartzen du hil den pertsona horren ondorioz», dio. Izan ere, terapian lantzen duten puntu garrantzitsu bat da heriotzatik, dena galduta dagoela uste dugun puntu horretatik, gauza ederrak sortu daitezkeela. Ekaitzen ostean beste bi seme izan ditu, eta argi du 3 semeren ama dela. Bere familiak Bidegineko Izaskun Andonegirekin egin zuen dolu prozesua.

«Dolu perinatala dolu gogorra da, desautorizatuta dagoelako. Konpasio bat dago, eta ‘izango duzu beste ume bat’ esaten dute. Edo beste haur bat baduzu aurretik, ‘nola beste bat duzun...’, baina hori esatea hanka bat galdu eta bestea duzula aipatzea bezala da. Berdin du beste ume bat egotea edo ez, zeren faltan botatzen duzuna ez dago», aipatu du mina lasaitzeko intentzioarekin egiten diren esaldi oker horiei buruz.

Berarentzat, heriotza baten ostean mina ematen duena ez da adina, hildakoarekin dugun harremana baizik, eta seme-alabekin dugu harremana baino handiagorik ez da. Hor sartzen da ‘bizi ez den etorkizuna’ kontzeptua. Haurdun gelditzean, itxaropenak eta etorkizunerako planak sortzen dira, haurra hiltzean zapuzten direnak. Horren ostean dolua ondo egiteko, oso garrantzitsua da ospitalean izandako tratua, Otxoaren iritziz, hori dela eta sanitarioekin formakuntzak egiten ditu. «Ospitalean igarotakoa da gure umearekin gauden lehen eta azken unea. Ordu horietan umearekin egiten dena oso garrantzitsua da eta familiaren nahia errespetatzea: agurra nola prestatzen den, argazkiak nola ateratzen diren, gorpuarekin zer egiten den... Erraztasun horiek baditugu, trauma gutxitzen da».

Gurasotasunaren aitorpena

Haurra haurdunaldian, erditzean edo jaio ostean hiltzen denean, gainera, beste arazo bat gehitzen zaio familiari: amatasuna eta aitatasuna ez onartzea. Amaren kasuan, baimen bat ematen zaio amatasunarenaren parekoa, baina aitak ez du horren eskubiderik. «Esku hutsik geratu gara gure umea gabe, eta biok –ama eta aita, bi ama edo bi aita– gaude gure dolua bizitzen. Aitatasun hori ez da onartzen. Normalean, umea jaiotzen denean ere, aita bigarren plano batean geratzen da eta sentsazio hori areagotu egiten da umea hiltzen denean. Terapiara datozen aitek esaten dute denak amaren minagatik galdetzen dutela,  beraiek minik izango ez balute bezala. Bikote doluak egiten ditudanean aitaren ezintasuna ateratzen da. Aitak emakumea zaintzeko rola hartzen du, emakumeak fisikoki ukituak gelditzen garelako, eta ez zaie hori aitortzen», azaldu du terapeutak

Gainera, umea besoetan ez izatean gizarteak ere ez ditu guraso bezala ikusten. Terapian hori lantzen dute, hasiera batean aita eta ama direla onartzeak min asko ematen duelako, baina behin onartuta min gehiago ematen du gainontzekoek gurasotasun hori ez onartzea. 20 urteko semea hil ostean, gurasoak guraso izaten jarraitzen dute baina erditzean hiltzen bada ez. «Denak dira seme-alabak, berdin du zein adin duten. Guraso izan eta ezin izan dutenak ere guraso dira. Ezintasun prozesu asko daude terapian lantzen direnak; 7 in vitroren ostean haurdun gelditzen ez direnak, hainbat haur galdu dituztenak... horiek ere guraso dira eta errekonozimendua behar dute. Guraso gara haurdun gelditzea erabakitzen dugunetik, eta une horretatik haurdun gelditu arte dagoen ibilbidea izan daiteke hilabetekoa edo urteetakoa, eta denbora horretan guraso izan zare ere bai», azpimarratu du Otxoak.

Eta hor dago beste arazo potoloa. Izan ere, gizartean uste da haurdunaldiaren 9. astean haurra galtzeak min gutxiago ematen duela 8. hilabetean galtzeak baino, baina Otxoak argi du mina ezin dela konparatu, bakoitzaren egoera desberdina delako.

Bere hitzetan, «asimilatuta dugu gizartean ume guztiak ez direla jaiotzen eta, izan ere, 12. astera arte ez dugu esaten haurdun gaudela. Haurra hil daitekeenaren onarpen bat da. Lau haurdunalditik ume bat hiltzen da, estatistikoki, baina ez dira kontutan hartzen kasu berezi asko. Covid garaian ez dakigu zer gertatu den, baina normalean baino ume gehiago hil dira». Hori hala izanik, tabua izateak ez du zentzurik. Izan ere, gaiari buruz hitz egiten hastean, konturatuko gara ia familia guztietan egon direla galerak.

Saioa Tejeiro eta bere familia: Uhara eta Maren alabak, Jare semearen kutxa eta Ibon bikotea. (Raul BOGAJO / FOKU)
Saioa Tejeiro eta bere familia: Uhara eta Maren alabak, Jare semearen kutxa eta Ibon bikotea. (Raul BOGAJO / FOKU)

Zeruko izar distiratsuena

Besoetan ez dituzten haurrei aitortza egin nahian, terminologia bat osatu da. Izen asko erabiltzen dira, baina guk hiru bakarrik aipatuko ditugu: eguzkiak galera baten aurretik jaiotzen diren umeak dira, izarrak hil diren haurtxoak eta ortzadarrak galeraren ostean jaiotakoak. Maren, Jare eta Uhara, Saioa Tejeiro eta bere bikotearen eguzkia, izarra eta ortzadarra dira. Jare amaren sabelean 32 aste zituela hil zen, Marenek 4 urte zituenean. Uhara aurten jaio da, psikologikoki oso haurdunaldi gogor baten eta beste bi galeren ostean. Familia osoa, izeba eta aiton-amonak barne, Eider Otxoarekin terapia egin dute euren harremana indartuz eta dolu prozesu horretatik maitasun istorio eder bat sortuz.

Tejeirok kontatu digu Jarek bizki bat izan behar zuela, baina hilik zegoen eta amaren gorputzean naturalki desagertu zen. Horretaz aparte, haurdunaldi normala izan zen. Marenek ilusio handia zuen anaia txikia izan behar zuelako, baina abenduaren 23 gauean Tejeirok zerbait gaizki zegoela sumatu zuen. Hurrengo egunean medikura joan eta entzun nahi ez zituzten hitzak esan zien medikuak, «ez dago taupadarik». «Nituen esperantzak garrasi batekin joan ziren, malko artean. Bihotza aterako bazidaten bezalako mina sentitu nuen. Nire semea, Jare, hilda zegoen nire barruan», kontatu digu amak. Gabon egunean erditze prozesua hasi zuen «min fisiko eta psikiko askoren artean». Une horretan hasi zen bikotearen dolua, ospitalean. Beraien esperientzia ona izan zen. Hasieran beldur ziren txikia ikusteko, baina emaginak esan zien «ume polit bat izan duzue», Tejeirok izugarri eskertzen dituen hitzak, eta ikustea eskatu zuten. Jantzita ekarri zuten, sehaskatxoan, eta berarekin egon ahal izan zuten, muxuak eman, besarkatu, abestu eta merezi zuen bezala agurtu.

Maren txikia zen, baina hasieratik kontatu zizkioten gauzak ziren bezala, Otxoaren gomendioz, eta gurasoek uste baino heldutasun maila handiagoa erakutsi zuen. Amaren sabelean eskua jarri eta anaia agurtu egin zuen. Gerora Jareren omenez kutxa bat prestatu zuten bere txupetea, arropa eta jostailuekin, eta arrebak horrekin jolasten hazi zen, anaia beti presente izanez. «Ez gara inoiz damutuko. Horri esker, Jare Marenen parte da», azpimarratu du Tejeirok.

Jare bizirik mantentzeko modu bat da berari buruz hitz egitea, nahiz eta jendeari kosta egiten zaion. Marenek ere eskolan gertatutakoa kontatu zuen eta hori lagungarria izan zen. Txikiari Jare izarretara joan zela esan zioten eta, ordutik, izar distiratsuenari begiratzean bera dela esaten dute. Abenduak 25ean kandela bat pizten dute eta ‘Zorionak zuri’ abesten diote, eta bere omenez landatutako haritzari bisitak egiten dizkiote noizean behin.

Mugarik gabeko maitasuna

Familia osoarentzat sekulako kolpea izan zen Jareren heriotza. Gurasoentzat gaia hasieratik tabua izan ez den arren, aiton-amonak beste garai batean hazi zirenez, desberdin ari ziren bizitzen. Terapia elkarrekin egitea erabaki zuten guztiak batera zauri berri eta zaharrak sendatzeko. «Nire ahizpak babes handia eman zidan. Guztia askoz errazagoa izan zen berari esker. Beti eskertuko diot nire alboan geratu izana», esan du esker onez.

Tejeirorentzat oso gogorra izan zen erditzearen ondorengoa. Hormonak gora eta behera, esnea mozteko pastilla hartu behar izatea, sabela hutsik sentitzea, besoen pare. Ezin zituen haurdun zeuden lagunak ikusi mindu egiten zelako. «Nire gorputzak ume bat behar zuen, eta ez zegoen», dio. Orduan beste ume bat izatearen inguruko zalantzak etorri ziren, eta presiorik gabe saiatzea erabaki zuten, denborak errespetatuz. Bi galera izan ostean, 2021eko irailean haurdun zegoela jakin zuten, bosgarren haurdunaldia, eta ez zen batere erraza izan. «Ortzadarren haurdunaldiak ez dira errazak izaten, jakitun zarelako berriro gertatu daitekeela. Jare 32. astean hil zen, Uhara 32. astera heldu zenean paniko atake batekin joan nintzen ospitalera, alaba ez nuela sentitzen esanez, berriro gertatuko ote zen beldurrez», aipatu digu amak.

Zorionez Uhara osasuntsu jaio zen, baina Jareren dolua ez da amaitu, eraldatu baizik. «Jarek maitasunak ez duela mugarik erakutsi digu. Dolua maitasuna dagoelako geratzen da eta ez da inoiz bukatuko. Orain maitasuna eraldatu egin da, gehiago dugulako emateko. Uharak argia ekarri du gure bizitzetara. Argia eta koloreak, ekaitzaren ostean beti irteten baita ortzadarra».