INFO

Ion Kepa Parot, Maddalen Arzallus, EiTB eta Streisand efektua

32 urteko espetxealdia amaitu zuela-eta, Ion Kepa Paroten inguruan kantatu zuen Maddalen Arzallusek Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan. EiTBk webgunetik ezabatu du edukia, baina horrek bere oihartzuna handitu besterik ez du egin.

Maddalen Arzallus, Euskadi Irratiko mikrofonoetan kantari. (TWITTER)

Zentsuraren bidez eduki bat isilarazi nahi duenak kontrako emaitza lortzen duenean gertatzen den fenomenoari deitzen zaio Streisand efektua. Estali nahi izan denak interneten duen oihartzuna biderkatu egiten da hura betatzeko erabakiaren ondotik.

Horixe da hain zuzen azken orduotan EiTBri gertatu zaiona. 32 urteko espetxealdiaren ondotik ostegun goizean Mureteko kartzelatik atera zen Ion Kepa Paroten inguruko bertso bat kantatu zuen Maddalen Arzallusek Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan egiten duen kolaborazioan.

«Zer da 32? Bizitza bat, bizitza bi? Azkenerako krisketa kendu zaio ateari... Nahiz eta dena ez den argi eta zalantzaz naizen ari, ea etxea senti dezakeen ilunpeko kabi», hitzekin amaitzen zen Arzallusek gitarra eskutan hartuta kantatutakoa.

Ohi bezala, EiTBk webgunean eskegi zuen kolaborazioaren bideoa, baina kasu honetan, ordu batzuren buruan desagertu egin zen. Hala ohartarazi zuten hainbat erabiltzailek sare sozialetan. 

Faktoria saioaren Twitter kontuaren jarduna ere mugatuta ageri da, eta horrek pentsarazten du salaketa kopuru handia jaso duela.

‘Faktoria’ saioaren Twitter kontua, jarduna mugatuta.

EH Bilduren Mahai Politikoko bozeramaile Unai Urruzunok adierazi du «EitbNet-eko zuzendaritzako kide baten aginduz» kendu dutela eduki hori. Koalizioak hilaren 25ean egingo den EiTBren administrazio kontseiluaren bileran azalpenak eskatuko dituela ere aurreratu du Urruzunok.

Nolanahi ere, Arzallusen bertsoa zentsuratzeko saiakerak berehalako erantzuna izan du sarean, baina ez hura ezabatzeko erabaki hartu dutenek espero zuten zentzuan. Izan ere, biderkatu egin da bere hedapena eta ez dira gutxi hura isilarazi izana salatu dutenak.