INFO

Euneiz unibertsitatearen lehen ikasturte irekiera babestu dute agintari nagusiek

Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan dira Euneizen ikasturte irekierako ekitaldian, astearte honetan. Unibertsitate pribatuak 110 ikaslerekin eman dio irekiera.

Euneiz unibertsitateko irekiera ekitaldi instituzionala, Gasteizen (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Asteartez egin da Euneizeko, Gasteizen egin berri den unibertsitate pribatuaren irekiera instituzionala. Lluis Vivent bertako errektorearekin batera hartu dute ekitaldian parte Gorka Urtaran Gasteizeko alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Denis Itxaso Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak eta Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntz arloko sailburuak, Euneizeko lehendakari Jordi Rocherekin batera.

110 ikaslerekin ireki ditu ateak Euneizek, eskainitako plazen %60arekin hain zuzen ere. Multimedia ingeniaritza, entretenimenduaren industriako musika ekoizpena eta soinua, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak, eta fisioterapia graduak ikasi daitezke bertan. Irailean egindako irekieran Viventek azaldu zuen hurrengo ikasturterako eskaintza akademikoa bikoiztuko dutela, beste lau gradu eskainiz.

Irekieraren ekitaldi instituzionala izan da gaurkoa, eta unibertsitateko zuzendariak azpimarratu nahi izan du «unibertsitatea ikaskuntza berri baterantz eboluzionatzen ari dela». Digitalizazioaz eta horren inguruko erronkez ere hitz egin dute ekitaldian, errektorearen hitzetan «gizarte digitala» sortzea XXI. mendeko erronka nagusienetariko bat delako.

«Teknologia ez da beste bitartekari bat, interaktuatzen eta baldintzatzen duen eragile bat baizik», esan du hizlariak. Hau dela eta, kritikatua izan behar dela eta elkarbizitza arauak errespetatu behar dituela ziurtatu du.

Ikaslegoarentzat hitz batzuk ere izan dituzte ekitaldian. Eunezein helburua «etikaz eta erantzunkizunez jarduten duten pentsalariak» heztea dela esan diete.