INFO

Jaizkibel konpainiak crowdfunding kanpaina abiatu du 25. urteurren jaiari laguntzeko

Hondarribiko alardeko konpainia parekideak 25 urte bete ditu eta hori ospatzeko baita orain arteko guztia erakutsi eta konzientzia sortzeko hainbat ekimen abiatuko ditu. Horiei babesa emateko, diru bilketa kanpaina jarri dute martxan.

Jaizkibel konpainia alardean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

25 urte bete ditu Jaizkibel konpainiak eta hori ospatzeko egun handia antolatu du urriaren 22an Hondarribian. Egun horren aitzakian material eta proposamen berriak lantzen aritu dira, tartean Ibilaldi Historiko bat, konpainiaren historia eta emakumeak alardean parte hartzeko borrokaren nondik norakoak biltzen dituena. Oso arrakastatsua izan da eta dagoeneko bete egin da taldea.

Ibilaldi hori eta urteurrenarekin harremana duten bestelako kontzientziazio ekimenak burutzen jarraitzeko, crowdfunding kanpaina bat jarri dute martxan, denon eskura jartzeko testuinguru honetan sortutako lana eta bide batez, urriaren 22an antolatu duten jaialdiaren antolaketarekin laguntzeko.

Horren bidez, Jaizkibelen 25 urteak ospatuko dituzte, noski, baina «aldi berean ez dugu ahazten gure helburua betetzeko asko falta zaigula oraindik, eta urte osoan zehar lan horrekin aurrera egiten laguntzeko kanpaina izan nahi du honek», adierazi dute konpainiatik.

Urriaren 22koa herriari irekia eta herrian barrena egingo duten jaialdia izango da. Datorren urte honetan erronka garrantzitsuei heltzeko asmoa erakutsi dute konpainiako kideek, «elkarrizketaren bidez konponbidera eramango gaituen espazioak sortu eta bultzatzeko».