INFO

Bikote bat atxilotu dute Bilbon, irailean gizon bat hiltzen saiatzea leporatuta

Ertzaintzak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu Bilbon, azken honen senar ohia hiltzen saiatzearen akusaziopean.

Ertzaintzak Deustun duen komisaria. (ERTZAINTZA)

Ertzaintzak 60 urteko gizonezko bat eta 56 urteko emakumezko bat atxilotu ditu Bilbon, joan den irailean emakumearen senar ohiaren aurkako homizidio saiakera leporatuta. Atxilotu dituztenean, suzko arma bat, deskarga elektrikoak ematen dituen pistola bat, autodefentsako esprai bat eta arma zuri batzuk kendu dizkiete.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa irailaren 26an hasi zen, gizon batek Bilboko erdigunean arma zuri batekin erasoa jasan ostean. Biktima bere etxetik irten eta autoan sartzera zihoanean, labana bat zeraman gizon bat hurbildu zitzaion eta, esandakoa egin ez zuenez, zauritu eta ihes egin zuen. Biktima ospitalean artatu behar izan zuten.

Datu eta lekukotasun guztiak bildu ondoren, Ertzaintza kasua ikertzen hasi zen, homizidio ahalegin bat izan zitekeelakoan. Hasierako ikerketaren ondorioz, erasoaren egilea nor izan zen frogatu ahal izan zuten eta ondorioztatu zuten emakume bat ere inplikatuta zegoela, erasoaren egile materialari babesa ematen aritu baitzen. Emakumea erasoaren biktimaren emazte ohia da.

Asteartean, kasuaz arduratu ziren ertzainek bikotea aurkitu zuten biktima bizi den lekutik hurbil eta, identifikatu ondoren, biak atxilotu zituzten. Tokian bertan egin zieten prebentziozko miaketan, suzko arma bat, deskarga elektrikoak ematen dituen pistola bat, autodefentsako esprai bat eta arma zuri batzuk kendu zizkieten.

Atxilotuei lesio delitua, hilketaren saiakera eta armak zilegi ez den moduan edukitzea leporatu dizkiete. Dagozkion eginbideak amaitu ondoren, ustezko erasotzaileak Bilboko guardiako epaitegiaren eskuetan utziko dituzte.