INFO

Pilotari kopurua handituta eta jaialdiak bikoiztuta, indarberritua dator Winter Series

Zortzi bikote arituko dira urriko azken astelehenean hasi eta otsailaren 19ra luzatuko den txapelketan. Gazteen aldeko apostuta nabaria da eta partida guztiak ETB-k prime timean emitituko ditu.

Txapelketan arituko diren pilotariak Mundakako Santa Katalina ermita inguruan. (JAI ALAI NEWS)

Edizio bakar bat nahikoa izan du Gernikako Winter Series-ek denboraldiko zesta-punta txapelketarik garrantzitsuena bilakatzeko. Pilotari guztiek nahi dute bertan parte hartu, Katedraleko giroa itzela izaten da jaialdi guztietan eta kirol honek neguan ere tokirik izan dezakeela erakutsi ostean, espazio hori sendotzea eta zabaltzea da antolatzaileek bigarren ekitaldi honetarako euren buruei jarri dioten erronka.

Txapelekta urriaren 31an hasiko da, Gernikako urriko azken astelehenean eta otsailaren 19an bukatu. Bi hilabete jokatzetik, lau hilabete jokatzera pasako dira pilotariak, eta 16 jaialdi izango dira guztira, iazko ia bikoitza. Partida guztiak astelehenetan jokatuko dira, finala kenduta. Iaz bezala, igandean jokatuko da azken partida.

Parte hartzeari dagokionean, pilotari guztiek nahi dute neguko txapelketa honetan parte hartu eta iaz 12 izan baziren jokatzeko aukera izan zutenak, aurten zortzi bikote arituko dira, hau da, iaz baino lau pilotari gehiago, Gernikako astelehenetan zestan jokatzen. Abanikoa, beraz, zabaldu egiten da eta, bide batez, gazteentzat aukera berriak sortzen dira.

Belaunaldi aldaketa prestatzen

Alde batetik, Winter Series Pro-Am txapelketatik datorren bikotea dugu. Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabalek ondo merezita lortu dute Winter Seriesa jokatzea. Atariko txapelketa honetan, sei bikotek hartu dute parte eta lehen edizioa izanda ere, arrakastatsua izan da.

Bestetik, gazteen aldeko apustu argia egin nahi dute antolatzaileek, Johan Sorozabal (Biarritz, 21 urte) eta Julen del Rio (Gasteiz, 25 urte) gonbidatuz. Pausu garrantzitsua da, kirol honek belaunaldi aldaketarekin duen erronka garrantzitsuari begira.

Beste bi berrikuntzak Jon Tambourindeguy eta David Minviell dira. Iparraldeko bikote hau ondo ezaguna da zesta-punta munduan eta esperientzia handia dute goi-mailako lehiaketetan.

Gainerako pilotariak, ezagunak dira: Erkiaga, Zabala, Goikoetxea, Etcheto, Beaskoetxea, López, Barandika, Lekerika, Olharan eta Basque.

Zortzi bikote hauek bi taldetan banatu dituzte; Barandika-Lekerika, Erkiaga-Zabala, Olharan-Aimar eta Urrutia-Aimar A multzoan eta Beaskoetxea-Lopez, Goikoetxea-Etcheto, Tamboutindegui-Minvielle eta Johan-Del Rio. Multzo bakoitzeko bi bikoterik onenek lortuko dituzte finalerdietarako txartelak.