Bere sabaia altxatzen jarraitzen du Elordik eta errespetu ikaragarria sartuz finalerdietan da
Lehen zati estratosferiko batean 14-1 aurreratu da eta bigarrenean Unai Laso on baten aurka sufritzen ere badakiela erakutsi du.
Aitor Elordik bere sabaia altxatzen jarraitzen du eta iaz final laurdenetarako ligaxkan sartzea lortu bazuen, aurten final erdietarako sailkatu den lehen pilotaria da, hiru astetan txapeldun izandako hiru pilotariri gailenduta; Erik Jaka, Joseba Ezkurdia eta gaur Bilbon Unai Laso egungo buruz buruko txapelduna. Emaitzez harago, aurkariei errespetu ikaragarria sartuko da mallabitarra azken aurreko koxka horretara, betiko pilotari polit eta arriskutsua erabat lehiakorra ere bilakatu delako lanaren poderioz. Ezkurdiaren aurka egin bezala, une batzuetan perfekziotik bertan aritu da, bere joko oldarkor eta bizkorrarekin aurkaria atzeraka aterata, baina gauzak zail jarri zaizkionean hortzak estutzen ere jakin du, presioa gainetik kendu eta maila onean aritu den Unai Lasoren erasoaldiari aurre egiteko. Baikokoak Joseba Ezkurdiarekin jokatuko du multzoko finalerdietako bigarren txartela, zuzeneko kanporaketa bat balitz bezala.
Esan bezala, partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoan bizkaitarrak Bizkaia pilotalekuan batutako pilotazaleak erabat txunditu ditu bere jokoarekin Unai Laso erabat erantzunik gabe utziz. Lehen hiru tantoak hiru sake beldurgarrirekin lortu ditu eta lehen pilotakada horretan bulkada hartuta, airean ibili du Bizkarreta-Gerendiaingoa. Pentsa, 42 pilotakadetan, 10-0 aurreratu da Aspeko aurrelaria, guztiak aho bete hortz utzita. Pilotakada guztiei zentzua emanda, bizi ibili du pilota eta aurrelari nafarra erabat defentsan aritzera behartu du, tantoa dominatzeko inolako aukerarik gabe. Lehen atsedenaldi luzetik bueltan (12-1) hasierako alde hori luzatzeko gai ere izan da Elordi sake errematean zital arituta eta 14-12koan Laso aspaldiko porrotik mingarrienerako bidean jarria zuela zirudien.
Lasoren erantzuna
Puntua galduta, Unai Lasok ezin du pozik egon, baina hein handi batean irakurketa positibo bat egiteko modua ere badu, une kritiko batean, heldutasun froga bat gainditu duela esan dezakegulako. Aspaldian halako une latz batean egon gabe, partidari joaten utzi gabe, Bizkarreta-Gerendiaingoak bikain erantzun du eta gauzak ondo eginda, arazo larritan jarri du ordura arte laineza hartuta zen arerio bat.
Hamabi tantoz atzetik zela gurutzatu ahal izan du bere lehen gantxoa eta hortik aurrera partidaren gidoia goitik behera aldatu da. Sakez asko sufritu ostean, sakez baita ere min handia egiten hasi da nafarra. Pilotariak eta pilotak gastatuz joan diren heinean tantoak eta partida luzatu egin dira eta hor bere dohainak handiak direla erakutsi du nafarrak. Batez ere ezkerrez txokoan luze jota, min asko egin dio hankak lotzen joan zaizkion arerio bati eta partida ekartzea lortu du, hori bai, markagailua berdindu gabe. 16-19koan eta 18-20koan ikusi du garaipena gertuen aurrelari nafarrak baina aukera aukerako gantxo bat kanpora bota izanak eta sake-errematean arinegi joateak aukera urri horiek zapuztu dizkiote, Elordiri ondo merezitako puntua emanez.
FITXA TEKNIKOA:
Laso: 18
Elordi: 22
Pilotakadak: 255. Iraupena: 58,47 minutu. Markagailua: 0-10, 1-10, 1-14, 7-14, 7-15, 10-15, 10-16, 12-17, 13-17, 13-19, 16-19, 16-20, 18-20, 18-22. Sakeak: 5 Lasok eta 6 Elordik. Egindakoak: 10 Lasok eta 10 Elordik. Galdutakoak: 5 Lasok eta 3 Elordik. Gorabeherak: Sarrera polita Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Andoni Aretxabaletaren agurreko jaialdian. Egoitz Carrionek egin ditu Lasoren botilero lanak eta Garikoitz Txakartegik bere iloba Elordirenak.
Aretxabaletak irribarre batekin esan du agur
Ezin zuen bestela izan, eta bere aurpegian iltzatua dirudien irribarrearekin amaiera eman dio Andoni Aretxabaletak bere 12 urtetako ibilbide profesionalari, nahiz eta Gabonak inguruan Markina-Xemeinen beste omenaldi-festa bat antolatzen ari diren dagoeneko. Baina dena gerorako utzi gabe, ondoan izan ditu kide, herritar eta baita bere lehen pilotakadak eman zituen Zumarragako Eitza auzoko lagun multzo handi bat ere.
Hatzeko lesio batek gorriz edo urdinez jantzita amaitzea eragotzi dio, baina horrenbeste ordu eman dituen Bizkaia pilotalekuan agur ekitaldi xume bat egin diote. Markina-Xemeingo eta Munitibarko pilota eskolako haurrek –han aritzen da irakasle– egindako pasilotik irten da Aretxabaleta kantxara, eta enpresako kideena izan da jaso duen lehen babesa.
Enpresaren zati batek Labriten beste jaialdi bat zuenez, Peña, Imaz, Elizegi, Albisu eta Larrazabalek ordezkatu dituzte gainerakoak, Bilboko jaialdian parte hartu dutenekin batera. Maila goian jarrita zuen Aretxabaletak berak Aimar Olaizolari eta Oinatz Bengoetxeari egindako kantu eta dantzekin, eta oraindik ia arnasa berreskuratu gabe, lehen partidan garaipena lortu duen Iñaki Artolak hartu du mikroa, txapelketako bertso bat botatzeko «Halako poz bat sentitzen dugu / zure sanotasunean / aldageletan atetik sartzen / sumatzen zaitugunean. / Nahiz pilotari eder ugari / aritu den jardunean / zure neurriko jendea gutxi / eskuzabaltasunean / lagunak hortxe gertu izango / gaituzu nahi duzunean».
Bertso bera brodatuta zeraman txapela eskaini dio Jon Ander Peñak eta gero atzetik etorri dira Unai Iglesias (Baiko) eta Unai Rementeria eta Lorea Bilbaoren oroigarriak. Zorionez, frontoietara hurbiltzen jarraituko duela mehatxu egin du.