INFO

Ehun mugimenduaren ekintza, «energiaren mafiek lapurtu digutenaren zatitxo bat» berreskuratzeko

Gasolinaz depositoa bete eta ordaindu gabe joan. Hauxe da Ehun mugimenduren hainbat kidek egin dutena «energiaren mafiak» duen boterea salatzeko. «Gaur eta hemen energiaren publifikazioak eta demokratizazioak euskal errepublika esan nahi du», ohartarazi du. Bideo  bidez zabaldu dute.

Este navegador no soporta el elemento video.


Ehun mugimenduaren hainbat kide gasolinaz depositua bete eta ordaindu gabe joan dira gasolindegietatik, astelehen honetan jakitera eman dutenez. «Energiaren mafiak» duen boterea agerian uztea da astelehen honetan egindako ekimenaren helburua.  «Horretarako, petrolio-enpresen mafiek lapurtu digutenaren zatitxo bat berreskuratzen hasi gara», azaldu du Ehunek sare sozialen bitartez zabaldutako ohar batean.

Bertan gogoratzen duenez, «ugariak dira kapitalismoak bizitzaren parte kapitala lehenestearen ondorioz egunerokoan sortzen dizkigun kalteak. Paradoxikoa badirudi ere, kalte hauen konponbidea irudikatzeko, ezarrita datozkigun markoak erabiltzen ditugu. Marko horiek kapitalismoak, patriarkatuak, Espainiak eta Frantziak sortutakoak dira nagusiki eta legeak noraino uzten duen, noraino iritsi gaitezkeen eta azken finean, noraino imajinatu dezakegun esaten digute».

«Kapitalismoak Hego Euskal Herrian harten duen forma 78ko erregimenarena da. Erregimen hau, denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzeko mekanismoa da, funtsean. Elektrikak, petrolio eta hormigoiaren mafiak, besteak beste, dira 78ko erregimenaren esentzia. Eta Estatu aparatu guztiek lapurreta hori legalizatzea eta erraztea dute helburu. Botere judiziala, botere legegilea eta botere exekutiboa, beraz, lapurreta legal horren zaintzaileak dira. Hori da Estatu espainiarra, ez besterik», gaineratu du.

Mugimenduaren ustez, «energiaren demokratizazioa eskatzea Espainiatik ateratzea planteatu gabe oximorona dela». «Edo, ba al da norbait energiaren demokratizazioa Espainian lortu daitekeela uste duenik?», galdetu dute independentismoari beste urrats bat emateko unea heldu zaiola nabarmendu baino lehen.

«Ez dira ardiak, otsoak dira»

«Espainiako Gobernuari energia demokratizatu dezala eskatu beharrean, Espainian ezin dela espresuki adierazi eta euskal errepublika behar dugula esatera pasatzeko ordua. Iritsi zaio marko mentala aldatuz proposamen sinesgarriak egiteko garaia. Gaur eta hemen energiaren publifikazioak eta demokratizazioak euskal errepublika esan nahi du», esan du.

Izan ere, «Espainia eta Frantzia ez dira ardiak, otsoak dira. Horregatik, gurean demokratizazio prozesuak konfrontaziotik gehiago izan behar du akordiotik baino. Gainera, argi ikusten dugu, jendartea demokratizatzeko egiten den konfrontazioa izango dela euskal errepublikaren aldeko gehiengo aktiboa sortzeko bidea. Euskal bidea».