‘BTN’ Elizondo: Puntutakoa tortura bat da epaileentzat, plazerra bertsozalearentzat
Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren fasearekin batera abiatu da NAIZ irratiko BTN, Bertso Tertulia Nagusia. Analisi eta iritziari egingo zaio tartea. Elizondoko lehen saioa aztertzen izan dira Amagoia Mugika kazetaria, Koldo Gezuraga bertsolaria eta Jon Abril bertso epaile ohia.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Txapelketako bertso saioak amaitu eta berehala hasten dira sortzen lehen solasaldiak, lehen iritzi-truke eta eztabaida biziak. Autoan, etxerako bidean jarraitzen du jarioak, bada whatsap bidez segitzen duenik ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiak askorako ematen baitu. Esaten diren horiek guztiak biltzeko intentzioz, eta batez ere, bertso saioen analisi bat egiteko asmoz martxan jarri dira Bertso Tertulia Nagusiak Naiz irratian. Asteartero izango dira, iluntzeko 22:00etan, eta Iraitz Mateo kazetari eta bertsolariak gidatuko ditu. Lehenengo tertulian Elizondoko bertso saioa aztertu da, eta tertuliakide gisa aritu dira Jon Abril bertso epaile ohia, Amagoia Mugika GARAko kazetaria eta Koldo Gezuraga bertsolaria.
Elizondoko saioa saio oparoa izan zen, lehertu egin zela diote askok, eta mailak koska bat gora egin zuela aurreko fasearekin alderatuta. Puntuek hori erakusten ez badu ere, puntukako ariketetan hoztu zen plaza, baina nola epaitzen da puntuz puntu eta binaka osatzen den bertso bat? «Ariketa hau tortura bat da epaileentzat» aitortu du Abril epaile ohiak. Ez zen izan hori BTN saioan sortu ziren galdera bakarra: nola erantzun diote bertsolariek bigarren fase honetako gai irekiei? Zer da errezagoa irri egin araztea edo negar egin araztea? Saritzen al da, eta nola, bertso kideari bide berriak irekitzea?
Bertso Txapelketa Nagusiaren jarraipena NAIZ irratian
Pasa den irailaren 24an hasi zen urte beteko atzerapenarekin Bertsolari Txapelketa Nagusia Getxon. Geroztik, astelehenero, arratsaldeko 15:00etan txapelketako saioen errepasoa egiten du Garazi Castañok Kultur Haria saioan asteburuko bertsoaldi onenak hautatuta. Txapelketan gertatu bezala, bigarren fase batean sartuko da NAIZ irratia ere, eta bertso errepasoari BTN gehituko zaio orain, Naiz Irratiko Bertso Tertulia Nagusia.
Iraitz Mateo kazetari eta bertsolariaren gidaritzapean, astero-astero, bertso munduko hiru kide arituko dira txapelketako saioak aztertzen. «Saio dinamikoa izango da» esan du Mateok, «ariketa esanguratsuak aletuko ditugu, epaileen puntuazioari begiratu, bertsoaren mamia eta diskurtsoan fokua jarri eta erabilitako teknika aztertu».
Mahaiaren bueltan dozena bat lagun izango ditu Mateok, hirunaka eta txandaka NAIZ irratiko estudiora gerturatuko dira. Perfil ezberdineko tertuliakideak dira, bertso munduarekin lotura dute denek, eta haien bizipen eta esperientzetik saio bakoitzaren ikuspuntu ezberdina emango dute.
NAIZ irratiko BTNen parte hartuko duten kideen artean bertsolari txapelketak jarraitzen urteak daramatzaten kazetariak daude, Amagoia Mugika eta Jon Garmendia ‘Txuriya’. Epaile lanetan 24 urtez aritu den Jon Abril ere gehituko da solasaldietara. Bertso eskoletako kideek ere izango dute bere tokia, Gernika inguruko LiliBertsoko Koldo Gezuragaren, Janire Arrizabalaga eta Beñat Bilbao arituko dira, baita ALBEko Paule Loizaga ere. Azpeitia, Azkoitia eta Errezilgo Erniarraitz bertso eskolako ordezkari moduan hurbilduko da Jon Gurrutxaga. Tertulietan ere parte hartuko dute Eli Pagola bertsolari hernaniarrak, Ainhoa Urien gai jartzaile abadiñotarrak eta Maider Arregi bertsolari oñatiarrak, lehen Señora Sariketa bultzatzaileetako bat. Asier Iriondo gai jartzaile beasaindarra eta Xabier Aierdi soziologoak ere parte hartuko dute solasaldietan. Azken honek II. eta III. Bertsolaritzaren Azterketa Soziologikoetako iker-taldeko partaide izan da.
Iluntzeko 22:00etan, asteartero, izango dira BTN saioak, FM eta streaming bidez zabalduko dira eta ondoren, NAIZeko webgunean jarriko dira entzungai.