INFO

Arabako Lautada, Gernika-Bermeo eta Debagoiena, langabezia handienekoak, Eustaten arabera

Eustatek argitaratu berri dituen langabeziari eta okupazioari buruzko datuen arabera, Arabako Lautada, Gernika-Bermeo eta Debagoiena dira langabezia handiena duten eskualdeak.

Lanbideren bulego bat, Bilbon (Monika DEL VALLE | FOKU)

Eustaten datuen arabera, Arabako Lautadan, Gernika-Bermeon eta Debagoienean zegoen langabezia tasarik handiena 2021eko urtarrilaren 1ean, %13,5, %13,1 eta %12,9, hurrenez hurren.

Bestalde, langabezia tasa txikiena zuten eskualdeak Bidasoa Beherea (%8,5), Kantauri Arabarra (%8,3) eta Durangaldea (%8,4) izan ziren, Eustatek asteazken honetan langabeziari eta okupazioari buruz argitaratutako inkestaren arabera.

2011 eta 2021 bitartean, langabeziak behera egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ia eskualde guztietan. Arabako Errioxaren kasua nabarmentzen da, hamar urte horietan tasa 8,8 ehuneko puntu jaitsi baitzen, 2021ean %10,1era iritsi arte.

Aldi horretako langabeziaren jaitsiera ere nabarmendu zen Bidasoa Beherean (ehuneko 7,3 puntu), Enkarterrietan (7,2) eta Kantauri Arabarrean (6,3).

Datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 251 udalerrietatik 140tan langabezia tasa %10etik beherakoa zen iaz, eta beste seitan %3tik behera. Urte horretan bertan langabezia tasa handiena zuten udalerrien artean Sestao (%16,9) eta Oion (%16,5) zeuden.

Hiriburuen artean, Donostiak zuen tasarik txikiena (%9,7); Gasteizen, berriz, %12,1ekoa zen, eta Bilbon, %13,7koa.

Okupazio tasa

Okupazio tasari dagokionez, 2021eko urtarrilaren 1ean, Gorbeialdea zen eskualderik altuena, %55,7rekin; ondoren, Plentzia-Mungia (%54,5) eta Urola Kosta (%53,8) zeuden.

Hiriburuetan, okupazio tasarik altuena Gasteizen (%50,8), Donostian (%49,2) eta Bilbon (%46,9) zegoen.

Halaber, datuek erakusten dutenez, gizonen okupazio tasa %53,6koa zen data horretan, eta emakumeena, berriz, %43koa; hala ere, bi sexuen arteko aldea murriztu egin da 2011 eta 2021 artean, 10,6 puntutik 7,2ra igaro baita.

Gainera, Eustaten datuek erakusten dute EAEn landunen ehunekoak gora egiten duela ikasketa tituluen mailak gora egin ahala.