INFO

Bergarako 38 entitatek euskara lan munduan sustatzeko ‘Harixa’ hitzarmena sinatu dute

‘Harixa’ egitasmoaren helburua helburua Bergarako enpresek euskara sustatzeko urratsak ematea da, lan-mundua ere euskarazko eremu bihurtzeko. Asteazken honetan 38 entitatek sinatu dute horretarako hitzarmena.

'Harixa' hitzarmena sinatu dute Bergarako 38 entitatek (HARIXA)

Bergarako 38 entitatek euskara lan munduan sustatzea helburu duen ‘Harixa’ hitzarmena sinatu dute Miguel Altuna Lanbide Heziketako zentroan egindako ekitaldian. Lau urteko iraupena du hitzarmenak, eta oinarrizko konpromiso batzuk hartu dituzte bertan. Konpromiso orokorrez harago, entitate bakoitzak konpromiso propioak ere hartu ditu.

Hitzarmenaren helburua Bergarako enpresek euskara sustatzeko urratsak ematea da, lan-mundua ere euskarazko eremu bihurtzeko.2021eko maiatzaz geroztik lanean dihardute hainbat eragilek ‘Harixa’ programaren barruan, eta lan mahaiak dira egindako lanaren emaitzetako bat. Bada, lan mahaiaren izenean, Erreka enpresako langile Oihana Irustak hartu du hitza, eta nabarmendu du ekimenaren askotariko izaera eta elkarri laguntzeko baliagarria izango dela.

Artola alkatea egoera linguistikoaz aritu da, Bergaran lan mundua euskalduntzen egindako «lan handia» azpimarratu du; baina hala ere, bizitzako beste esparru batzuekin alderatuta, lan munduarenean euskararen presentzia «nabarmen ahulagoa» dela aitortu du.

Orain dela gutxi ezagutarazi diren euskararen kale erabileraren datuei erreferentzia egin eta gero, egoeraren irakurketa egin du: «Aipagarria da gaur egun 30 urte baino gutxiago dituzten eta Bergaran eskolatu diren herritar guztiek D ereduan egin dituztela Derrigorrezko Hezkuntzako ikasketak». Azken urteetan, eskolaz kanpoko munduan (kulturan, kirolean, aisian...) ere aurrerapauso nabarmenak egin direla adierazi du, eta nagusiki euskaraz funtzionatzen du

Behar beharrezkoa da, beraz, Artolaren esanetan, «eskolan egindako ahalegin horri jarraipena ematea, eta heldu aroan euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea. Eta hor leku berezia izan behar du lan-arloak, helduok bizitzan denbora-tarte handiena igarotzen dugun eremuetako bat delako eta lan- mundua gizarte-harremanen (bikoteen, lagunen...) sorleku nagusietako bat delako».

Bergarako Udalak behar diren giza baliabideak jarriko ditu hitzarmenaren dinamizazioaz eta jarraipenaz arduratzeko: hiztegiak, euskarazko ereduak, ulersaioak, mintzalaguna, udalak enpresei eskaintzen dizKien diru-laguntzetan hizkuntza irizpideak txertatzea, konpromiso bakoitzerako baliabideen gida...