INFO

‘Euskalia’, euskaldunek gidatutako munduaren zientzia fikzioa

Euskal kultura hegemonikoa den mundu batera gonbidatzen gaitu Mikel Alvarez Sarriegik bere lehen eleberrian. Denak lasai eta pozik bizi dira muturgogorrek iraganera bidaiatzea erabakitzen duten arte, kultura espainola berzpizteko intentzioarekin.

Mikel Alvarez Sarriegi ‘Euskalia’ bere lehen eleberriarekin. (Maialen Andres | FOKU)

XXIII. mendera egin behar dugu salto euskaldunok gidatutako mundua nolakoa izango zen irudikatzeko. Euskara da hizkuntza hegemonikoa, ez inposatua izan delako baizik eta hartu duen prestigioagatik, eta denak dira zoriontsuak, euskaldunek egindako gestio onaren ondorioz. Hori da ‘Euskalia’ (Elkar) eleberriaren abiapuntua, Mikel Alvarez Sarriegik literaturari egiten dion lehen ekarpena. Istorioa telesail izateko jaio bazen ere, kaxoi batean geratu baino eleberri bihurtzea erabaki zuen. Bera kazetaritza eta zinemaren mundutik dator eta horregatik bere testuan nabari dira hainbeste ikus-entzunezko lengoaiaren osagaiak. Ondarroako Udalak ematen duen Agustin Zubikarai bekari esker, hasieran lagin bat zena umorez eta ironiaz betetako zientzia fikziozko liburuan gorpuztu da.

«Gauza asko zituen alde: umorea, ironia... baina gauza bat ‘kontran’: istorioa ez da hain literarioa, gehiago dator bat komikiarekin edo ikus-entzunezkoarekin. Zalantza genuen nola moldatuko zen, eta ikusi dugu asmatu duela», esan du Xabier Mendiguren editoreak Alvarezen lanari buruz.

«Euskaldunok uste dugu gure kultura purua eta zintzoa dela. Nola jokatuko genuke gu bagina munduaren jabe? Eta nola jokatuko lukete hizkuntza hegemonikoa hitz egitera ohituta daudenek, euren kultura arriskuan balitz?», aipatu du idazleak aurkezpenean. Euskaliako biztanleak pozik bizi direla dirudi, bakean eta inoiz ikusi ez den ongizate mailarekin, baina badago jende multzo bat kultura espainola galtzeko arriskuan ikustean, horren alde borrokatzeko prest daudenak. Muturgogor barrutian (Extremadurarekin paralelismoa) erresistentzia hasi dute, eta horretarako XXI. mende hasierara bidaiatzen dute, iraultza handia hasi zen unera, hura posible egin zuten gertakariak zapuzteko asmoz.

«Oso prozesu luzea izan da. Lagina egina nuen baina idazten jarraitzeko beldurra nuen eta horrek eraman ninduen oinarriak jartzera. Sekulako prestaketa lana egin dut, normalean egiten ez dudana –aitortu du idazleak, momentuan ateratzen zaiona egitea gustatzen zaiola esanez–. Egindako lan horrek asko lagundu dit hezurdura eginda zegoelako. Esaten dut izan dela etxe bat eraikitzea bezala; lehenengo egitura, eta gero joan naiz paretak pintatzen eta koadroak jartzen», azaldu du idazketa prozesuaz.

Euskal erreferentziak

Prozesu horretan ere txertatu zituen gerora Euskalia osoa osatuko zuten elementuak. Gustuko dituen filmen erreferentziak hartuz, halanola, ‘Terminator’, ‘Matrix’ edo ‘Prometeus’, etorkizuneko mundua irudikatu zuen. «Niretzako hau idaztea opari bat izan da», azpimarratu du. Era berean, konturatu zen gure imaginarioan kanpoko erreferentziak izan ohi ditugula, eta ez bakarrik Estatu Batuetakoak, baita Estatu frantses eta espainolekoak ere. Hori dela eta, pentsatu zuen euskaldunek gidatutako mundu batean erreferentziek Euskal Herrikoak izan beharko luketela. Horren adibide da Muturgogorren telegarraiorako geltokiak Jon Maia Soria izena eramatea. «Omenaldi bat da. Ni neu etorkinen biloba naiz. Beasainen Extremadurako etorkin asko daude, Arroyo de la Luz herrikoak zehazki», azaldu du eleberrian Argierreka izena daraman herria agertzen dela esanez. Hala ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeek garrantzia berezia dute, eta nahiz eta bere eskualdetik, Goierritik abiatu, hainbat euskal herri eta hiri aipatzen dira.

Maitasun istorioetarako tartea ere badago kontakizun zoro honetan. Pelikuelako klitxeak erabiliz, normalean sorpresarako aukerarik ematen ez dutenak, gertatuko denari buelta eman eta irakurlea harritzeko xedea izan du. Bestalde, genero ikuspegia izaten saiatu da. «Gizonok lan asko dugu egiteko oraindik. Konturatu eta testuari buelta bat eman nion», esan du. Horren ondorioz sortu zen Igone pertsonaia, hainbat ezaugarri fisiko zein izaerakoak dituena; muturreko pertsonaia da, emakume indartsua eta gizena. «Zortea dut inguruan emakume indartsuak ditudalako, eta kuadrilan beti neskak eta mutilak izan ditudalako. Bestalde, ni gizena naiz, eta pertsona gizenez inguratuta nago», argitu du Alvarezek.