INFO

Pilota mistoak gero eta pisu handiagoa du emakumeen Lau eta Erdiko txapelketan

Lesio larri baten erruz kantxetatik at urtebete eman ostean, Laia Salsamendi pilotari nafarra asteburu honetan Legution hasiko den Master Laboral Kutxa txapelketan lehiatuko da. Daniela Vargas mexikarra ere lehen aldiz ariko da pilota mistoarekin.

Aurkezpena Bilbolo Itsasmuseum museoan izan da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Asteburu honetan Legution hasiko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketak argi uzten du gero eta gehiago direla pilota mistorako jauzia ematera ausartzen diren emakumeak. Gaurko Bilboko aurkezpenean jakitera eman dutenez 65 izango dira, izen emate erabat librea izan duen txapelketan parte hartuko duten emakumeak eta horietako 28 izango dira ikuskizun handiagoa bermatzen duen pilota mistoarekin arituko direnak eta gainontzeko 37ak pilota goxoarekin arituko dira. Oraindik orain emakume gehienak pilota goxoarekin jokatzen badute ere, portzentaiak asko ari dira orekatzen, aurtengo txapelketan mistoarekin jokatuko dutenak %43 direlako. Iazko datuekin alderatzen badugu, igoera nabarmena da, iaz %36a izan baitzen mistoarekin aritu zena eta zer esanik ez alderaketa material hau lehen aldiz erabili zeneko 2019ko datuekin alderatuta, orduan %28 baino ez baitzen mistoarekin ausartu. Emakumeen esku pilota etengabeko garapen batean murgilduta dago eta datu hauek argi uzten dute nondik pasatzen den modalitatearen etorkizuna, formakuntzan pilota goxoaren garrantzia inolaz ere baztertu gabe.

Salsamendiren itzulera

Baina pilotarien kopuruaz harago, pilotarien kalitatean ere azpimarra egin beharra dago eta, alde horretatik, aurtengo edizioa bi nobedade handirekin dator. Lehena ikaragarri pozgarria da, Laia Salsamendik atzean utzi duelako azkenaldi luze honetan kantxetatik at izan duen lesio larria eta Master Laboral Kutxa honetan parte hartuko duelako. Belauna txikitu aurretik, Uharteko Klubean hazitako Izabako pilotariak etorkizunik handienetako pilotari bat zela argi utzia zuen eta ikusmin handia dago egungo espezialistarik onenen aurka eman dezakeen maila ikusteko.

Bestalde, Daniela Vargas mexikarrak ere lehen aldiz jokatuko du pilota mistoarekin, herrialde horretako eta Amerika guztiko lehen emakumea izango delarik material horrekin jokatzen. Beraz, Amaia Aldaik inoiz baino konpetentzia handiagoa izango du iazko txapela errepikatu nahi badu, parean izango ditu eta, besteak beste, Olatz Arrrizabalaga, Enara Gaminde, Miriam Arrillaga –zilalrrezko domina jantzi berri du Mundialean fronball-ean– edo Leire Garai, azken bi hauek Biarritzeko Mundialean aritutakoak. 

Txapelketak, dagoeneko ezarria du bere ibilbide orria eta Legutioren ondoren, Atxondo, Usansolo, Okondo, Gordexola, Berriz, Galdakao eta Abadiño izango ditu geraleku, abenduaren 10an finalak emakumeen esku pilotarako horren berezia den Zornotzako pilotalekuan jokatu aurretik. Abenduaren 4ko Abadiñoko finalerdiak eta 10eko finalak ETB 1en eta EITB.eus atarian ikusi ahal izango dira zuzenean.