Aitor Elordik azeleragailua zapaltzeari utzi gabe eman du finalerdirako jauzia
Beste erakustaldi bat emanda amaitu du ligaxka mallabitarrak, 22-8 irabazi dio Elezkanori Zumarragan, eta Altuna / Darioren arteko emaitzaren zain geratu da konfiantzaz lepo.
Jokoan gauza handirik ez bazuen ere, txapelketa guztian zehar egin duen bezala, joko oldarkor eta ausartarekin, azeleragailua zapaltzeari utzi gabe itxi du Aitor Elordik Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxka, Zumarragan Danel Elezkanori 22-8 gailenduta. Igandean Altuna eta Darioren artean gertatzen denaren zain, lasai eta konfiantzaz egoteko moduan da mallabitarra, orain arte emandako maila errepikatzeko gai bada, edonori lan handiak emateko moduan dago eta.
Epailearen txapak hala erabakita, sakea bere esku zuela hasi du partida mallabitarrak eta hasiera hasieratik etekina atera dio aukera horri. 0-4koan bi tanto eginak zituen lehen pilotakadarekin eta beste bat sake-errematearekin eta berehala ihes egin dio markagailuan, beste behin, lehiatu ezinik aritu den Danel Elezkano bati. Jaka, Ezkurdia eta Lasorekin egin bezala, aitaren batean jarri du partida oso bere aldeko Aitor Elordik, aurreko hiru partidetan erakutsitako dohain berak erakutsiz. Bizkor eta ausart ekin dio lehiari, pausua aurrera eman eta errematean oso eraginkor. Defentsan aritzea egokitu zionetan ere hankaz oso bizi aritu da eta azken asteetan lortutako garaipenek hauspotuta, erraz aritu da kantxan.
Eta sakearekin falta bat egin badu ere, gaurkoan bere armarik nagusienetako bat izan da lehen pilotakada, denera bederatzi tanto lortu baititu jokaldi honekin.
Elezkano, ezinean
Eta ligaxkako hirugarren partidan ligaxka osoan ikusi dugun Aitor Elordi ikusi badugu, gauza bera esan genezake Danel Elezkanori buruz ere, oso azkar eman baitu amore. 89 pilotakada gurutzatuta joan dira aldageletara lehen aldiz (4-12) eta ondorenean ere ezinean aritu da, bere mailatik urrun, triste antzean. Lehiakortasunik topatu ezinean aritu da ligaxka osoan zehar eta gaurkoan, jokoan ezer ez egonda ere, ezin izan du sentsazio onik topatu.
FITXA TEKNIKOA
Elezkano II.a: 8
Elordi: 22
Pilotakadak: 145. Iraupena: 34,58 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-8, 3-8, 3-9, 4-9, 4-19, 6-19, 6-20, 8-20 eta 8-22. Sakeak: 1 Elezkanok eta 9 (falta 1) Elordik. Egindakoak: 4 Elezkanok eta 10 Elordik. Galdutakoak: 3 Elezkanok eta 2 Elordik. Gorabeherak: Oso sarrera eskasa Zumarragako Beloki pilotalekuan. Ekhi Ziarrusta aritu da Danel Elezkanoren botilero lanetan eta Garikoitz Txakartegi Aitor Elordirekin.