INFO

Auto istripuan hil zen gaztearen aldeko omenaldi berezia Milafrangan

Xana Bidegaray 18 urteko neska gaztea Larresoro parean gertaturiko auto istripuan hil zen joan zen asteburuan. Larunbat honetan omenaldia antolatu dute bere herrian, Milafrangan. Ekimen horren bidez bere hurbilekoek auto istripuei buruzko prebentzio mezua nahi dute zabaldu.

Prefeturak iragarri duenez bide kontrolak zorroztuko dituzte Omiasainduko asteburu luze honetan. (AFP)

Joan zen asteburuan auto batean zihoazen bost gazte bidetik atera eta istripu larria jasan zuten D88 errepidean, Larresoro parean, Lapurdin. Horren ondorioz 18 urteko neska bat hil zen: Xana Bidegaray milafrangarra.

Larunbat honetan, urriaren 29an, omenaldia eginen diote hildako neska gazteari. Milafrangako elizan eskainiko zaio azken agurra, 15.00etatik goiti eta haren lagunek ere parte hartuko dute.

Urdin Euskal Herri irratiak jakitera eman duenez, gazteari azken agurra emateaz gain Xana Bidegarayren familiak «alkoholaren arriskuez kontzientzia» piztu nahi du ekimen horrekin.

Gogora ekartzeko, gazte taldea Dantxarineako diskoteka batetik zetorren istripua izan zuenean, nahiz eta igandean autoa gidatzen zuen gazteari egin alkoholemia proben emaitzak oraino ez dira ezagutzera eman.

Hildako neska gazteaz gain, autoan zihoazen beste lau lagunak, 17 eta 19 urte bitarteko hiru mutil eta neska bat, larri zaurituak suertatu ziren istripuaren ondorioz. Denak ongi osatu dira.

21 hildako urte honetan, gehienak biktima gazteak

Urte hasieratik Ipar Euskal Herrian izan den istripu hilgarrien kopuruaren emendatzeak kezka piztu du. Hiru lurraldetajo errepideetan 21 hildako izan dira aurten.

Eta bereziki nabarmena da gazteek pairatu dituzten ezbeharrak. Zendutako 21 pertsona horietatik 14 18 eta 24 urte bitartekoak dira, Pirinio Atlantikoetako prefetaren kabineteko zuzendariak emandako datuen arabera.

Testuinguru horretan, Omiasainduko asteburu luze honen atarian, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak bide kontrolak azkartuko dituela iragarri du.

Frantziar poliziak eta Jendarmeriak bereziki alkoholemia eta drogari jarriko diete arreta, baina baita abiadurari eta istripuak eragiten dituzten bestelako arau hauste larriei ere.