INFO

Hauxe duzu nahi duzun neurrian eta doinuan hiru bertso kantatzeko gaia

Txapelketako saioetan une gorenetakoa da ganbara –duela gutxira arte kartzela–, zeremoniatsuena. Aparteko toki batera eramaten dituzte bertsolariak eta banaka ariketa bera proposatzen diete, aukera berdintasunaren izenean. Ganbara aldatu egin da urteen joanean, eta ez da izenez bakarrik aldatu.

Amaia Iturriotz, ganbarako lana hasi aurretik. (Raul BOGAJO | FOKU)

Zenbat errezo egin izan det nere deboran elizan/ ta pozik nago ikusirikan pakian nola gabiltzan/ni naizen bezin kobarderikan iñor ezin leike izan/ semeak gerra ez yoateatik mutil zar gelditu nitzan».

Jose Manuel Lujanbio “Txirritak” 1936ko Bertso Guduko finalean Donostiako Victoria Eugenian kantatua, bakarkakoan. Artean ez zen kartzelako ariketarik, gai berari segidan kantatzen zioten bertsolariek, denak oholtzan zirela. «Gerra zitalaren ondorio gaiztoak» gaiari guztira 27 bertso jarri zizkioten finaleko bederatzi bertsolariek eta Txirritarenak, 27 horietatik batek, gaur arteko bidea egin du, ez baitira bat edo bi bertso hori buruan gordea daukatenak.

Bederatzi bertsolari segidan gai berari kantatuz, batak bestearena entzunaz oholtza gainean. Ez kantatzeko ez entzuteko ez zuen samurra izan behar eta, gainera, bertsolari denak ez ziren baldintza berdinetan aritzen. Lehena izan, laugarrena edo bederatzigarrena, bazen aldea.

1960ko hamarkadan Euskaltzaindiak hartu zuen txapelketak antolatzeko ardura eta orduan etorri zen lehenengoz kartzelako ariketa. Badirudi 60ko txapelketan ez zela espresuki izen horrekin aipatu, baina jasota geratu denez, «Basarri kanpora eraman dute eta Uztapidek kantatzen du». 1962koan, aldiz, “kartzela” hitza erabiltzen da ariketa bera izendatzeko.

Bidegileak bilduman Mertxe Ezeizak jasota utzi duenez, kartzelako ariketa Fernando Artola “Bordari” bertsozalearen ideia izan zen (Txomin Artolaren aita). Bordarik lehia modu berriak ekarri zituen bertsolaritzara; batetik, kartzelakoa –«bakoitzaren abildadeak eta sormen gaitasuna gehiago nabarmentzeko»– eta, bestetik, binaka ofizioka aritzea –«norberarenari eutsiz kantu lagunaren arrazoiketa gainditzeko eta argudio ahalmenak saritzeko»–.

Eta horrela, Bordariren ekimenez, kartzela jarri zioten bertso txapelketei. 1960ko hamarralditik kartzelako ariketa aldatu egin da, segur aski gehiago barrutik kanpotik baino. Alegia, ariketaren funtsak bere horretan segitzen du gutxi edo gehiago, baina kartzela den toki fisiko hori aldatu egin da.

Millan Telleria kantuan, 1970eko hamarkada amaieran. XDZ

Millan Telleriak ez du ahazteko 1970eko hamarkada amaieran ezagutu zuen kartzela bat, ezagutu duen «muturrekoena». «Mungian izan zen, Euskal Herriko Bertsolari Gazteen Txapelketan. Kanpoko saioa izan zen, ez zen areto itxian izan. Kartzelarako ez zuten areto egokirik izango eta okurritu zitzaien altzariak eramateko erabiltzen zen kamioi zikin baten atzeko partean sartzea bertsolariak. Koltxoi eta bestelako traste zahar batzuk ziren bertan eta oso usain txarra, oraindik gogoan daukat usain hura. Eta, gainera, kamioia martxan jarri zuten, bestela bertso saioa entzun egiten zela-eta, kamioia plazatik gertu aparkatuta zegoelako. Han ez zen pertsonarik egongo zenik. Nahiko lan kontzentratzen eta lasai egoten. Murua, Mendizabal, Solozabal, ni neu… ginen kamioi hartan. Barrutik hasi ginen kolpeka, han ezin ginela egon esateko. Gutxienez kamioia itzaltzeko eskatu genien eta beharrezkoa bazen beste norabait mugitzeko. Azkenean kamioia itzali ziguten eta barruan egon ginen. Hura inhumanoa izan zen».

Toki gozoagoak ere izan dira. Esaterako, Zarauzko Lizardi Txapelketa Zinema pilotalekuan jokatzen zenean, parean zegoen Kukulu tabernako jangelan izaten zen kartzela. Bertako jabeek gogoan dute nolako estuasuna pasatzen zuen kartzelan azkena geratzen zen bertsolariak, denak gaztetxoak, gazteen sariketa baita Lizardi.

Gertutasuna eta urruntasuna

Aldatu egin da kartzelako ariketa, ertz askotatik. Adibidez, aurtengo Txapelketa Nagusirako, izena aldatu diote. Orain, ganbarako ariketa da. Andoni Egañak badaki zerbait bakarkako ariketa horri buruz. 1986an kantatu zuen lehen aldiz Txapelketa Nagusiko finalean eta 2009an, azkenengoz. Tartean joan diren 23 urteetan gertutik ezagutu du ganbara Egañak (bestelako txapelketa eta lehiaketetakoak barne).

Kartzela ganbara bihurtzearen inguruan, esateko ezer gutxi dagoela uste du zarauztarrak. «Kontzeptualki, inor ezin da kontra edo alde egon. Txisterako tartea eman dezake, baino gutxi gehiago. Duela hiruzpalau hilabete aldaketa hori aipatu zidatenean, elkartean baten bat oso fin ari dela pentsatu nuen. Iruditzen zait ez zela ezer kostatzen aldatzea eta ekar dezakeen bakarra onura dela. Kartzelara ohitu egin gara, baina kartzelak badu esanahi punitibo bat, zigorrarena, isolamenduarena. Ganbarak, kontrakoa du; uztarena, biltzearena, kontzentrazioarena... Kartzela hainbestetan entzun dugu, hitzari pisu guztia kendu diogula. Baina pisua hor zegoen. Ondo iruditzen zait aldaketa».

Maialen Lujanbio, ganbaratik aretora. Jon URBE | FOKU

Ganbararen kokalekuari dagokionez, Egañak dioenez, «beti ahal dena egiten da». «Toki garrantzitsua oholtza eta oholtza ingurukoa da. Ganbara beti topatzen da ahal den eskuragarrien eta ahal den ezkutuen. Handik ezin da entzun eta ahalik eta gertuen egon behar du. Hortik abiatuta, mila aukera ezagutu ditugu».

1986ko Txapelketa Nagusiko finaleko kartzela ez du gogoan Andoni Egañak. «Esango nuke kartzela Belodromoko aldageletan izan zela, baina ez dut gogoan kantatzen lehena izan nintzelako. Eman dizkiot bueltak eta ez daukat gogoan kartzela hura. Izango zen lehenengoa izan nintzelako kantuan eta beraz ez nintzen kartzelan egon. Hori ere gertatu daiteke».

Gertutasunaren eta urruntasunaren arteko oreka korapilatsua da ganbararena. Gertu egotea komeni da, saioaren martxa ez oztopatzeko; baina bertsolariek bertatik saioa ez entzuteko adinako urrun egon behar du. «Horregatik dira arraroak kartzelak».

1993ko Belodromoko kartzelaz akordatzen da Egaña. «Gogoan daukat 93an oso urrutira eraman gintuztela. Belodromotik atera eta orain errugbi zelaia denaren aldageletan izan zen kartzela. Igual 500 metro zeuden oholtzatik hara eta horrek atzeratu egiten zuen dena. Eta ez atzeratzekotan ere, sekulako antolakuntza behar zen batek amaitu baino lehen bestea abiatzeko. Oholtzatik irteten kosta egiten zen eta kalean beste estadio batera sartu eta hango aldagela izan zen».

1993an urrunegi kokatu zutenez, 1997an gertuago paratu zuten kartzela. «Belodromoko barruko aldagela batean jarri gintuzten, gertuago. Baina zerbait entzun egiten zen eta orduan irratia jarri ziguten, ez entzuteko. Realaren partidua ari zen, Deportivo de la Coruña 1- Real Sociedad 1 bat izan zela uste dut. Ez zen samurra han kontzentratzea, egia esan. Futbola entzuten ari ginela, irratiaren diala mugitu zen berez eta halako batean Irazuren ahotsa entzun genuen. Eta bertsolari denak kartzeleroari abixua ematen, mugitzeko diala. Jexux Murua zegoen kartzelero».

Garrantzitsua da ganbarazainaren figura –lehen kartzeleroa zena ganbarazaina da orain–. Egañaren esanean, «zenbat eta gehiago ezagutu, hobe. Konfiantza izatea, bertsolari bakoitza ezagutzea, txantxa batzuk egitea, zeini hitz egin eta zein bakean utzi jakitea... ganbarazainak egoera irakurtzen jakin behar du».

Donostiako Belodromotik Barakaldoko BECera aldatu zen final nagusia eta baita, noski, ganbara ere. «BECeko nire lehen finalean, 2005ean, ez naiz gogoratzen non zegoen kartzela. Baina bigarrenean bai, urruti samar, eta kotxe bat jarri zuten aretotik kartzelara joateko. 200-300 metro egongo ziren, baina bidea azkarrago egiteko kotxe bat jarri zuten», gogoratu du Egañak.

BECeko kartzela «barra librea» zela dio. «Produktu osasuntsuekin, baina kontuan izanda bertsolariak azukrea beharko duela, txokolatea, intxaurrak...». Tokitan geratu dira altzari-kamioiak.

«Nik adibidez BECeko nire azken txapelketan ez neukan buruan hainbeste txapelketa bera. Baina baneukan buruan Asier Altuna ‘Bertsolari’ dokumentala grabatzen ari zela. Goizean goizetik hasi nintzen berarekin grabazio bat egiten. Eta banekien Altuna kartzelako atarian egongo zela. Konturatu nintzen nire aurrekoak, Ametsek, txamarra gorri bat zeukala eta ahaztuta utzi zuela kartzelan. Eta pentsatu nuen Ametsen txamarra gorria hartu eta nik eramango niola oholtzara. Pentsatu nuen Asierrek harrapatuko zuela keinua eta oholtzan errelebo aldaketa irudikatuko genuela txamarra haren bitartez. Baina baita zera ere! Asierrek ez zuen harrapatu keinua eta Amets ez zen enteratu ere egin txamarra ekarri nionik. Baina eraman nion txamarra. Ni momentu horretan ‘Bertsolari’ dokumentalaren gidoian nengoen».

Ganbaran jan eta edan gutxi egiten omen dute bertsolariek. «Niri gorputzak erretzea eta kafea eskatzen zidan. Akordatzen naiz 1997an edo 2001ean bertsolari batzuk hasi zirela platanoren bat eramaten kartzelako une horretan jateko, kirolarien tankeran».

Andoni Egañak makina bat ganbara ezagutu ditu. Andoni CANELLADA | FOKU

Kartzelako arima

Toki fisikoa aldatu egin da. Baina, bertsolariaren baitan aldatu ote da ganbara? «Igual bai, baina azkenengoetan ez naiz egon eta ezin dut esan. Nire hasierakoetatik nire bukaerakoetara, bai, aldatu zen. Hasierakoetan, 86an eta 89an... bazegoen osagai tuntun bat, niri eragin ez didana eta orain ahaztuta daukaguna. Eta eskerrak ahaztuta daukagun. Osagai hori Bizkaia-Gipuzkoa zen, tontakeria ikaragarria. Kartzelan igartzen zen, elkartzeko moduan edo, zeintzuk ziren gipuzkoarrak eta zeintzuk bizkaitarrak. Nik ez nuen inoiz hori sentitu, baina batzuetan bazirudien taldeka ari ginela edo. Bazegoen halako usain arraro bat. Probintziakeria tuntun horrek agian eragina izango zuen 80ko hamarraldian. Gero aztertzen hasten zara eta igual normala da. 80ra arte beti gipuzkoarrek irabazi zuten txapela, Basarrik eta Uztapidek. 80an eta 82an Amurizak irabazi zuen, 86an Lizasok eta 89an, Lopategik. Probintziakeria tuntun hori ezagutu dut, ez bertsolarien aldetik, baina bai entzuleen aldetik eta horrek eragiten zuen kartzelan. Akaso gehiago elkartzen ginen gipuzkoarrak gipuzkoarrekin... akaso belaunaldi kontua ere bazen. Probintziakeria hori ere bazegoen airean. Ederra tontakeria».

2001eko Belodromoko kartzelara bidean. BERTSOLARI

Bertsolari bakoitzak ganbara modu desberdinean bizi du, bakoitzak bere izaeratik eta bere saiotik. «Segun zein dagoen kartzelan, segun saioa nola doan, bakoitzaren aukera maila... dena nahasten da. Saio kaskarra egin duena kartzelan egon daiteke lasai, etsita, axolagabetuta... bere burua txapelerako lehian ikusten duena kontzentratuago egongo da, edo ez, akaso irekiago eta berritsuagoa. Batzuk urduritzen direnean hizketan hasten dira, beste batzuk bere baitara biltzen dira. Denetarik dago». Hortik abiatuta, ez omen du ganbaran jokaera nabarmenik ezagutu. «Bere baitara bildutako jendea bai, izkina batean. Dantzan hasten denik ere bai. Jon Maia tartean baldin bazen, beti festa sortzen zuen. Nik eskertzen nion, nik nahiago dut destenkatu tenkatu baino, baina kontzentrazio bila zebilenak seguru gureak pailazokeriatzat hartuko zituela... izaerak dira eta momentuak».

Egañaren ustez, ganbarakoa saioaren irakurketa egin eta gogoratzeko unea izaten da. «Normalean ordurako eginda izaten duzu saioaren irakurketa. Txapelketa batean atzean ere denbora asko ematen duzu eta normalean eginda izaten duzu kalkulua. Kartzelara joaten zara gogoratzeko zer egin nahi duzun, erabil ditzakezun doinu posibleak gogoratzeko... Askoz gehiago ez».

Ganbarak izaten omen du une kolektibo bat, bertsolari denek partekatzen duten hasierako une bat; saioa errepasatu, gauza batzuk aipatu... eta gero bakarkako une bihurtzen da, norbere buruarekin egoteko momentua.

Zozketak erabakitzen du bertsolariek kantatzeko ordena. Baina, aukeratu ahal izanez gero, ganbaran lehena edo azkena? «Normalean tartekoren bat izaten da onena. Batak ezustean bezala harrapatzen zaitu, ariketa bat bukatu eta segidan kartzela. Hantxe geratzen zara, jendetza baten aurrean, zu bakarrik eta erdi biluzik bezala. Hirua edo laua ez dira txarrak. Azkenengoa ere gogorra da. Gogoan daukat 93an, Casillan jokatutako finalaurrekoan, kartzela areto kanpoan zegoen jatetxe bateko jangelan zen. Ni zazpia izango nintzen eta lasai nengoen, banekien normalean finalean sartuta nengoela. Baina zortzia Igor Elortza zen, 18 urteko Igor Elortza. Aukerak zituen finalera sartzeko, ez zen sartu baina gertu ibili zen. Hirua joan eta zuri ikusten nuen Igor; laua joan eta Igor zuriago; ni joan nintzenean paretaren kolorea zeukan Igor gizajoak 18 urterekin...».

Bertsolariaren estrategian ere eragiten du kantaera ordenak. «Bata baldin bazara topikoa lasai samar bota dezakezu, publikoak lehen aldiz entzungo duelako. Baina zortzia baldin bazara, buelta pare bat gehiago eman behar».

Unai Agirre eta Maialen Lujanbio ganbarara bidean. Jon URBE | FOKU

Liturgia gehien duena

Ariketa bezala garrantzi handia ematen zaio ganbarakoari. «Normala da garrantziarena, liturgia handiena duen saioa hori da. Zelofan handiarekin dator. Iraun ere, zortziko batean, ordubete baino gehiago irauten du ariketak. Aldiz, hiruna puntu, berdin puntuatzen dute, baina hogei minutuan joan da».

Puntutan beste ariketek adina balio du ganbarakoak, ez ditu puntu gehiago ematen. «Berdin puntuatzen du, baina egia da bertsolari bakoitzaren prestakuntza, doinutegia, estrategia... gehiago islatzen direla ganbarakoan. Sinadura propioagoa du ariketa horrek eta jendea horrekin geratzen da. Gainera, azken ariketa da eta horrek ere badu partea».

Aldatu egin beharko litzateke? Puntutan balio handiagoa beharko luke ganbarako ariketak? «Sekulako eztabaida sortuko luke, baina agian eztabaidatu beharko da», iritzi dio Egañak.

Ganbarako gaietan ere gertatu da aldaketa. «Gai itxiagoetatik irekiagoetara etorri gara, baina horrek ez du esan nahi orain beti irekiak izango direnik. Lehen fasean jarri dituzten ganbarako gaiak elkarren antzekoak izan dira, oso irekiak. Horrelakoetan zeuk pare bat erabaki hartu behar dituzu. Azken urte luzeetan hori da joera. Gai ireki horiekin, denbora gehiago pasatzen duzu erabaki horiek hartzen bertsoa pentsatzen baino. Garai batean, Euskal Herriko Txapelketan, horrelakoak izaten ziren gaiak: Hiru bertso Lurdes Iriondori. Hor zu zu zara, Lurdes Iriondo ere bera da eta hortik aurrera ahal den ondoen esaten dituzu esan beharreko gauzak. Gai irekiekin, bestelakoa da kontua, sinadura propioarenak pisua hartzen du. Horregatik da arraroa zortziko txikiko hiru bertso eta ganbarako hiru bertso berdin puntuatzea», esan du Egañak.

Ganbaran eskatzen zaio bertsolariari mundu ikuskera propioa, gaiari ertzak topatzeko abilidadea, originaltasuna, zorroztasuna... Bertsolariari zera eskatzen zaio: erakutsi mundua zure begietatik eta harritu gaitzazu.

 

Aurtengo Donostiako Victoria Eugeniako ganbara. Bertsozale Elkartea

Gustura eta babestuta

Peru Vidal da aurtengo ganbarazainetako bat. 2017an ere aritu zen lan horretan. «Gu normalean saioa hasi baino bi ordu lehenago iristen gara eta bertsolariak gustura egoteko moduko toki bat prestatzen dugu. Jatekoa eta edatekoa jartzen diegu eta tokia atontzen dugu. Badaezpada soinu probak egiten diren bitartean ganbaratik ez dela entzuten ziurtatzen dugu. Bertsolariei harrera egiten diegu eta saioa hasi aurretik ere batzuetan ganbaran egoten dira, kontzentratzeko, bakarrik egoteko… Hor hasten da gure lana».

Saioak iraun bitartean, ganbarazainak bertsolarien esku egoten dira, bertsolarizain ere badirelako. «Oholtzaraino laguntzen diegu eta saioak iraun bitartean ere bertsolariak laguntzeko gaude, edozer behar dutela ere. Ganbarako ariketa hasten denean ganbarara laguntzen diegu eta bertan egoten gara beraiekin. Normalean bi ganbarazain egoten gara, batek ganbaratik oholtzarako bidea egiten du bertsolariekin banan-banan eta bestea ganbaran geratzen da gainontzekoekin».

Bertsolaria babesteko tokia bihurtzen da ganbara. «Gu saiatzen gara bertsolaria gustura eta babestuta egongo den toki bat izatea ganbara. Badakigu tentsio handiko uneak direla eta hori gozotasunez kudeatzen saiatzen gara».

Bertsolari bakoitzaren izaeraren arabera eta saioan zehar gertatu denaren arabera, batzuk berritsuago egon daitezke eta beste batzuk, isilago. «Denetarik dago, baina normalean gehienek nahiago dute isiltasuna. Gu tokian eta isilik egoten gara. Bertsolariak ikus dezatela gu han gaudela, baina ez dadila asko igarri. Normalean guk ez ditugu elkarrizketak abiatzen. Badira pixka batean hitz egin nahi duten bertsolariak, saioan gertatutako zerbait aipatu nahi dutenak... hor egoten gara hitz egiteko nahi badute, baina guk ez ditugu elkarrizketak abiatzen. Bertsolari guztiak gure ezagunak dira, konfiantza badugu, baina oharkabean pasatzen saiatzen gara. Egia da ganbarara joaterako saioaren parte handi bat joan dela eta askotan bertsolariek saioari buruzkoak galdetzen dizkigutela. Gu oholtzaren beheko partean egoten gara saioan zehar gauza askori arreta jarriz eta askotan ez ditugu bertsoak ondo entzuten. Ez gara galdera horiek erantzuteko moduan izaten, egia esan, eta halaxe adierazten diegu».

Bere munduan erabat sartuta dagoena, paseo asko ematen dituena, bakarkako doinua errepasatzen duena... ganbaran ez omen da gauza arrarorik ikusten. «Gauza ohikoak ikusten dira ganbaran. Badaude jatekoa eta edatekoa etxetik ekartzen duten bertsolariak, nahiago dutelako ohitura batzuei eutsi. Ganbaran gauza sinpleak jartzen ditugu; azukredun jakiak, kafea, ura, fruta... Dena eskueran daukate bertsolariek, baina esango nuke ez dela askorik jaten eta edaten».

Aurten bertsolari denek ezagutu dute ganbara, baita lehenak ere. «Aurten atseden bat egiten dugu ganbarako ariketaren aurretik eta lehen tokian abesten duen bertsolariak ere izaten ditu bost minutu ganbarara joan, zerbait jan, pixka batean egon... nahi duenerako. Ez da tarte handia izaten, baina aukera hori badu».