INFO

Joan den ikasturtean 157 eskola jazarpen kasu identifikatu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

157 eskola jazarpen kasu antzeman zituen Lakuako Gobernuak 2021-2022 ikasturtean, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako %14,2a, ostiral honetan jakinarazi dutenez.

Lucia Torrealday Lakuako Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria, Xabier Balerdi Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusiarekin batera, datuen aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

2021-2022 ikasturtean eskola jazarpen gisa identifikatutako 157 kasu izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Lakuak ostiral honetan jakinarazi duenez. Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako %14,2a da, 1.098 kasu aztertu baitzituzten tarte horretan.

Gainera, aurreko ikasturtearekiko igoera izan dela zehaztu dute, bai aztertutako kasuetan, baita jazarpen bezala egiaztatutako kasuetan. Aztertutakoak 966tik 1.098ra igo dira eta identifikatutakoak 129 izatetik 157 izatera igaro dira.

Hala ere, jazarpen gisa identifikatutako kasuen ehunekoa azken urteetan egonkortu egin dela nabarmendu dute, %12 eta %14 artean.

Azken hamarkadako datuak aztertuta, Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak nabarmendu du Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamabi aldiz biderkatu dela (2009-2010 ikasturtean aztertutako 89 kasu izatetik, joan den ikasturtean aztertutako 1.098ra). Jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopurua 32 kasutatik 157ra igo da epe berean, ia hirukoitza.

Lakuak zehaztu duenez, «datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullyng-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa da, kasuen gorakada baino gehiago». Hau da, ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dutelako igo dira identifikatutako eta aztertutako kasuak.

Bigarren Hezkuntzan eta hitzezko erasoak

Bestalde, jazarpen gisa identifikatutako kasu gehienak Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 157 kasu horietatik 98 garai honi dagozkio (12-18 urte), kasu guztien %62,4a.

Lakuak azpimarratu du, gainera, identifikatutako guztien artean 51 kasutan (%32,4) jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberjazarpen kasuak esaten zaie hauei.

Dena den, sarrien gertatzen diren jazarpen motei begira jarriz gero, hitzezko erasoak aurki daitezke konfirmatutako kasuen %82,1ean. Horren atzetik gizarte bazterkeria eta marjinazioa dator, kasuen %54,7an presente dagoena; eta ondoren berriz, larderia, xantaia eta mehatxua, kasuen %35,6an.

‘Bizikasi’

Azken ikasturteko datuak aurkeztearekin batera, Torrealdayk ‘Bizikasi’ ekimena ere hizpide izan du, duela bost urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullying-ari aurre egitea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin formazioa, orientazioa eta erremintak ematen dizkie ikastetxeei.

Horretarako, urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko «lan handia» egin dela gogorarazi du. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.