INFO

Pilotari euskaldunek urre gehienak kolkoratzen jarraitzen dute Biarritzen

Ikusminik handiena piztu duen finalean, Luis Sanchezek min hartu du sorbaldan eta Battita Ducassouk lortu du esku huskako buruz buruko trinketeko txapelketa. Binakakoan ere urrea jantzi du Itsasukoak Peio Larralderekin bikotea osatuz.

Frantziarentzat xaren urrea atera duen taldeak ikurrinarekin ospatu du garaipena. (Bob EDME)

Soinean Frantziako eta Espainiako jantziak eraman behar badituzte ere, euskal pilotariek dominak pilatzen jarraitzen dute Biarritzen eta Lapurdiko beste zenbait herritan jokatzen ari diren Munduko Txapelketan. Gaurkoa bereziki ona izan da Frantziaren izenean lehiatzen ari diren kirolarientzat, lau urrezko domina kolkoratu dituzte eta.

Ikusminik handiena piztu duen finala trinketeko esku huskako buruz burukoa izan da, mailaz ere gaur egun ikus daitekeen partidarik onena zuten eta jokatzekoa Battitta Ducassou lapurtarrak eta Luis Sanchez nafarrak. Zoritxarrez, lehen joko ikusgarri baten ostean (15-14 nagusitu da itsasuarra), bigarrenean nafarra 2-1 aurretik zela, Luis Sanchezek min hartu du sorbaldan eta partida bertan behera utzi behar izan du malko artean. Gauzak horrela, Battitta Ducassouk Bartzelonan lortutako txapelari eutsi dio. Zilarra Mexikorentzat izan da.

Ezbehar honek binakako finalean ere eragina izan du, Luis Sanchezek ezin izan du eta eguna itxi duen finalean. Gauzak horrela, Eneko Maizek  beste nafar bat, Javier Luquin, izan du atzelari, Peio Larralde eta Battitta Ducassouren aurka aritzeko. Eta baldintza horietan, Espainiako selekzioarekin aritu diren pilotariek lehen jokoan ondo eutsi badiote ere (15-11), bigarrenean berezkoetan goi mailan aritzen den bikoteak ez die aukerarik txikiena ere eman (15-4). 

Nesken trinketeko gomazko paletan, Marittxu Housset eta Aizkoa Iturriñok urrea jantzi dute finaleanArgentinari 15-8, 15-6 irabazita. Gizonezkoetan Argentinak eraman du urrea Espainiari irabazita.

Baionako Moderne trinketean, Denis Larretche eta Valentin Cambos lapurtarrak ez ziren faborito gizonezkoen paleta larruzko finalean baina erraz xamar nagusitu zaizkie Argentinari (15-11 eta 15-2).

Xareko gizonezkoen finalean ere Frantziak jantzi du urrea eta beran Bruno Driolet, Eneko De Paredes eta Oihan Borteyr euskaldunak aritu dira, nahiz eta finalean Drioletek Oliver Laberdesque izan duen lagun Lopetegi gipuzkoarrari eta Moncadari 15-11 eta 15-7 gailenduta.

Bihar larunbatez, frontoiko eskuzko eta zesta puntako finalak jokatuko dira eta bertan ere euskaldunek beste zenbait urre eskuratzea espero da.