INFO

Langile bat hil da Andoaingo Antex Fibres enpresan, makina batek harrapatuta

Andoaingo Antex Fibres enpresan 47 urteko langile bat zendu da makina batek harrapatuta, LAB sindikatuak baieztatu duenez. Ezbeharra Sorabilla auzoan gertatu da, 13.00ak inguruan. Iturri berberek salatu dutenez, honekin 64 langile dira aurten Euskal Herrian lan istripuan hil direnak.

Lan istripuen aurkako elkarretaratze baten argazkia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Larunbata eguerdi honetan 47 urteko langile bat hil da Andoaingo Antex Fibres enpresan, makina batek harrapatuta. Ezbeharra Sorabilla auzoan gertatu da, ordubatak inguru. Hala azaldu du LAB sindikatuak, eta nabarmendu duenez aurten Euskal Herrian 64 langile hil dira dagoeneko.

Ohar batean, dolumina eta elkartasuna adierazi die sindikatuak zendutako langilearen senide, lagun eta lankideei. «Kapitalismoak eragindako beste laneko heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez etxera itzuli».

«Lan osasunaren ikuspegitik ulertezina da gaur egun, oraindik, makina batetan atrapamenduagatik langile bat zauritu edo hiltzea. 90eko hamarkadatik Europa osoan zehar lan osasunerako araudiak makina eta gailuen egokitzapena behartzen baitu arrisku egoera oro ezabatzeko. Makina batek horrelako arriskuak baditu patronalak araudia betetzen ez duelako da. Ez dago beste irakurketa posiblerik», gaineratu du LABek.

Eta galdetu du ea non dauden Osalan eta Lan Ikuskaritza. «Euren betebeharra da patronalari lan osasuneko araudia betearaztea. Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Zer diote Idoia Mendia eta Iñigo Urkulluk? Beti bezala ezer ez. Badirudi langileon bizitzek ez dutela axola».

«LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ez diola patronalari berea den ardura betearazi nahi, eta honen atzean erabaki politikoa dagoela. Honela, errotik aldaketarik egon ezean, datu beldurgarri hauek errepikatzen joango dira etengabe», nabarmendu dute sindikatutik, eta, bide batez, deituko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute.