INFO

Laboral Kutxa Masterraren hasierak Laia Salsamendi bere lesiotik bikain itzuli dela argitu du

Izabako pilotariak 22-11 irabazi dio Atxondon Andrea Capellani, duela urtebete belaunean min hartu eta gero lehiaketara sasoian iritsi dela erakutsiz. Bezperan jokaturiko partidan, berriz, Etxegaraik 10-22 irabazi zion Arraizari.

Laia Salsamendi belauneko lesiotik indartsu bueltatu da. (Juanan RUIZ | FOKU)

Belauneko lesio larri baten erruz urtebete kantxetatik at egon ondoren, Laia Salsamendik nekez pentsatuko zukeen kantxetara igande honetan baino hobeto itzultzerik. Atxondon egin du, frontoian oso giro ederra eta goitik beherako garaipena erdietsita Laborak Kutxa Masterraren hasieran.

Izabakoak 22-11 irabazi dio Hiru Hiriburuak txapelketan txapela jantzi berri duen Andrea Capellani. Biek partida ona jokatu dute eta berdindu ostean, nafarrak kantxan bere lekua topatu du eta ez dio aukerarik eman errioxarrari. Bere itzuleran, Laia Salsamendiren eskuinak aldea ezartzen jarraitzen du, eta tantoak bukatzeko orduan ez du eraginkortasunik galdu. Capellanek, aldiz, tantoa amaitzeko orduan zenbait gabezia erakutsi ditu eta garesti ordaindu du.

Legution jokatu zen zapatuan, bestalde, pilota mistoko eliteen beste partida. Etxegaraik ez zion inolako aukerarik eman Arraizari eta 10-22ko emaitzaz hautsi zuen aitaren batean hasi eta amaitu zen partida.

Atxondo eta Legutioko frontoiek sarrera eta giro polita izan dute. Elite mistoko lehen kanporaketak alde batera utzita, gazteen pilota goxoko lehen atarikoak ere jokatu dira. Azken hauetan azpimarratzekoa da Marta Gomez sestaoarraren joko ona eta sakea, Alejandra Biliak errioxarrari 18-7 irabazi baitio (tanto asko sartu dizkio saketik) eta aipagarria izan da da baita ere Irati Betegi eta Alba Monjeren arteko borroka. Markagailuan berdinketa ugari izan ditu lehiak, baina azkenean 18-16 irabazi du Betegik.

Bestalde, Daniela Vargas mexikarrak ere lehen aldiz jokatuko du pilota mistoarekin, herrialde horretako eta Amerika guztiko lehen emakumea izango da material horrekin jokatzen. Beraz, Amaia Aldaik inoiz baino konpetentzia handiagoa izango du iazko txapela errepikatu nahi badu, aurrez aurre izango baititu Olatz Arrrizabalaga, Enara Gaminde, Miriam Arrillaga edo Leire Garai, besteak beste. Txapelketaren koadroa iazko sailkapena errespetatuz osatu da.

Laboral Kutxa Masterrak bere ibilbidea honakoa izango du Atxondoko partidaren ostean: Legutio, Usansolo, Okondo, Gordexola, Berriz, Galdakao eta Abadiño izango ditu hurrengo geraleku, abenduaren 10ean Zornotzako pilotalekuan finalak iritsi bitarte. Esan behar abenduaren 4ko Abadiñoko finalerdiak eta 10eko finalak ETB-1en eta eitb.eus atarian ikusteko modua izango dela.