INFO

Tubacexeko langile baten kontrako prozesu judiziala bertan behera uzteko eskatu dute

Aintzane Mendia Tubacexeko beharginaren aurkako prozesu judiziala bertan behera uzteko eskatu dute Laudion. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra du bizkar gainean 129 kaleratzeen kontrako protestetan inputatua izan ostean. Elkarretaratzea deitu dute Gasteizen, hilaren 7rako.

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea, erdian, Laudion egindako agerraldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bizkaiko Metaleko, PCBko, Tubacexeko eta Petronorreko lan gatazketan auziperatuak izan diren langileek Aintzane Mendia Tubacexeko beharginaren aurkako prozesu judiziala salatu eta bertan behera uzteko eskatu dute ostegun honetan, Laudioko lantegiaren aurrean eginiko agerraldi batean.

Borroka ezberdinetan salatutako beste beharginez eta langileen ordezkariez inguratuta, azaroaren 7an Gasteizen epaitua izango den Mendiak berak hartu du parte ekimenean. Ondoan, hainbat lankide eta auzokide ere izan ditu Mendiak.

Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du laudioarrarentzat, Tubacexeko zuzendaritzak egin nahi izan zituen 129 kaleratzeen aurkako langileen mobilizazioetan inputatua izan ostean.

Nabarmendu dutenez, inputazio horien helburua langileak «jazartzea, kriminalizatzea eta beldurtzea da», patronalari «aurre egiteari uko egin diezaiogun». Estrategia horretan, Lakuako Gobernuak duen «lankidetza estua» ere salatu dute, Ertzaintza «protesta legitimoak erreprimitzera» bidaliz, gero ondorio larriak dituzten autoak egin ditzaten.

«Enplegua eta norberaren eta lankide guztien lan-baldintzak baino ez ditugu defendatu», azpimarratu dute agerraldian parte hartu duten lantegi ezberdinetako langileek.

Argi utzi dute, halaber, borroka dela «langileok dugun mekanismo bakarra inposizioari, prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko, eta patronalaren aurrean negoziazioan presio gaitasun handiagoa izateko». Patronalak, berriz, «legeak eta gobernuak ditu bere alde», gogoratu dutenez.

129 kaleratzeetatik 17 milioiko irabazietara

Mendia hurrengo astelehenean epaitua izango den bitartean, 129 langile kaleratu nahi izan zituen Tubacexek berak izan dituen irabaziak ekarri dituzte gogora: «Tubacex gezurretan ari zela erakusten du, eta larriena gatazkan zehar Eusko Jaurlaritza eta erakundeak zuzendaritzaren alde jarri zirela da, zuzendaritzaren argudioak bereak eginez eta gatazka kriminalizatuz eta zapalduz».

Gooratu dute, era berean, Mendiarena ez dela kasu bakarra, eskualdeko gazteek inputazio larriak izan baitituzte mobilizazio haietan parte hartzeagatik.

Azpimarratu dute salaketek, isunek eta errepresioak ez dituela lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka geldituko, eta elkarretaratzea deitu dute azaroaren 7rako Gasteizko Zigor Arloko 1 zenbakiko epaitegiaren aurrean, Mendiari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa 10.30ean izango da, ‘Aintzane zurekin gaude, borroka ez da delitu’ lelopean.