INFO

Bide Segurtasunaren Aldeko Ituna itxi dute erakunde eta elkarteek; xedea, zero hildako 2050ean

«Aintzindaria» da elkarteek eta EAEko erakunde publikoek mugikortasun seguru baten alde sinatu duten ituna, bai sortu diren aliantzengatik, bai dituen helburuengatik. 17 konpromiso zehatz adostu dira trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko.

Erakunde eta elkarteetako ordezkariek Bide Segurtasunaren Aldeko Ituna sinatu dute. (IREKIA)

Azken bi hamarkada hauetan nabaria izan da trafiko-istripuen ondorioz izan diren hildako eta zauritu larrien kopuruan eman den jaitsiera; ordea, helburua beti da errepideetan zero biktima izatea. Datuek hala diote: 2000. urtean 218 pertsona zendu ziren EAEko errepideetan jazotako istripuetan, 2010ean 67 izan ziren, eta iaz 42.

Hurrengo zerumuga 2030erako finkatuta dago, izan ere, 2020. urtearekin alderatuta, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko kale eta errepideetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua %50 murriztea da elkarte eta erakundeen asmoa.

Hori lortuta, hurrengo mugarria 2050. urtea litzateke. Ordurako erdietsi nahiko litzateke ‘Vision Zero’ maila, hau da, EAEko kale eta errepideetan zero hildako edo zauritu larri izatea.

Testuinguru honetan sinatu dute ostiral honetan hamalau erakunde publikok eta hainbat elkartek ‘Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Ituna’ deitu diotena. «Guztion ongia helburu», ituna mugikortasun «seguru, jasangarri eta efizientearen alde» planifikatua izan da.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburu izan dira ekitaldian, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiez eta Donostia, Bilbo eta Gasteizeko alkateez lagunduta. Elkarteei dagokienez, han izan dira Raul Mena Txirrindularitza Federazioaren ordezkaria; Marian Cogollos Aesleme Elkartearen ordezkaria; Felix Ortiz de Zarate, Euskofederpen Elkartearen ordezkaria; Ana Novella Istripuak Stop Elkartearen ordezkaria; eta Rosa Maria Trinidad, Bide Indarkeria Stop Elkartearen ordezkaria, besteak beste.

Itunak, gainera, sarea handitzeko bokazioa du eta, horregatik, aurrerantzean akordioarekin «bat egin dezakete bide-segurtasunaren esparruan esku hartzen duten sistema publiko eta pribatuko eragile guztiek», adierazi dute Lakuako iturriek.

17 konpromiso

Osasun Mundu Erakundearen arabera, munduan urtean 1,3 milioi pertsona hiltzen dira trafiko-istripu baten ondorioz. Hau da, 3.700 pertsona egunean. Berez, trafiko-istripuak dira 5 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen heriotza-kausa nagusia. Hau aintzat hartuta, Gazteriaren Kontseiluak ere bat egin du itunarekin.

Zifra horien aurrean, Itunak 17 konpromiso hartu ditu akordioarekin bat egin duten erakunde guztiek egindako ekarpenetatik abiatuta, «trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko erantzukizun eta lankidetza partekatua areagotzeko».

17 konpromiso bateratu horiez gainera, erakunde bakoitzak konpromiso indibidual batzuk zehaztuko ditu, eta, hemendik aurrera, horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da gobernantza-eredu egituratu baten bidez. «Azken helburua da Euskadi Europan erreferente izatea Bide Segurtasunean eta trafikoaren kudeaketan, hildakoen eta zauritu larrien kopurua murrizteko helburu globala betez», adierazi du Lakuak, ohar bidez.

Erantzukizun partekatua

Hildako eta zauritu larrien azken datuak kontutan hartuz gero, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako tasa «Europako iparraldearekin bakarrik aldera daiteke». Hala ere, eta heriotza edo lesio larri bakar bat ere onargarria ez dela izanik abiapuntua, ekitaldian ohartarazi dute erantzukizuna ez dela errepidearen erabiltzailearena bakarrik, «baita Bide Segurtasunaren arloan esku hartzen duten gainerako eragileak ere».

Osatu den aliantzak aditzera ematen du erakundeek eta jendarteak Bide Segurtasunarekin, pertsonen bizitzarekin eta gizarte-ongizatearekin hartzen duten konpromisoa.

Era berean, garraio publikoa suspertuko duen eta kolektiborik zaurgarrienen, hau da, oinezkoen, txirrindularien, motor-gidarien, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidarien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta adingabeen, babesa lehenetsiko duen mugikortasun segurua sustatzeko erakundeen arteko eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza indartu ere egiten da.

Bestalde, helarazten da trafiko-istripuen ondoriozko hildakorik edo zauritu larririk gabeko errepide-sarea izatea lortzea «gizarte osoari» dagokion erronka globala dela. «Erantzukizun partekatua da, beraz, eta zirkulazio-arauak betetzetik eta bideko erabiltzaileen arteko elkarbizitzatik eta errespetutik abiatzen da», eman dute aditzera.