INFO

Elurra heldu da Euskal Herrira, Nafarroako Pirinioa zurituz

Elurrak zuritu ditu Nafarroako Pirinioko gailurrak ostiral honetan eta arazoak sortu ditu NA-2011 errepidean. 9. kilometrotik aurrera itxi egin behar izan dute, errepidean pilatutako elurragatik.

Elurra Belaguan ostiral honetan. (NAVARRA.ES)

Elurra Euskal Herrira heldu da ostiral honetan. Zehazki Nafarroako Pirinioetara iritsi da, paisaiak zurituz eta urtaro honetako lehenengo arazoak sortuz errepideetan.

Izan ere, azken orduetako elurteen ondorioz, NA-2011 itxi egin behar izan dute 9. kilometrotik aurrera, errepidean pilatutako elurragatik.

Egoera honi aurre egiteko, elurra kentzeko makinak lanean ari dira Nafarroaren iparraldean. Eta lanean jarraituko dute asteburuan zehar.

Aemetek iragarri duenez, elur-maila 1.700 metrora jaitsiko da egunaren amaieran, eta larunbat honetan prezipitazio txikiak espero dira goizaldean, 1.400-1.600 metrotik gora elurra eginez.

Dena den, Euskalmeten arabera ez du elurrik egingo Euskal Herrian, ez larunbatean ezta igandean. Iragarri duenez, goizaldean hodei multzoak izango dira oraindik, batez ere ipar-ekialdean, eta bertan euri pittin bat egin dezake eta altxatzea gehiago kostako zaio.

Gainerakoan, ordea, goizean goizetik eguzkia bistan izango da, goi-hodei batzuekin. Hala, tenperatura maximoak 18 gradu ingurukoak izango dira kostaldean eta 16 gradu ingurukoak barnealdean. Haizea aldakor ibiliko da, indar handirik gabe, eta goizean hegoaldekoa gailenduko da.

Igandeari dagokionez, hodei gehiago izango dira zeruan. Nahiko ahulduta iritsiko den fronte batek hodeiak ekarriko ditu baina, hala ere, zenbait momentutan ostarteak ere zabalduko dira. Tenperatura pittin bat gehiago igoko da eta mendebaldeko haizea ibiliko da.

Goizean goiz giro hotza izango da eta lainoa sortuko da zenbait bailaratan. Gasteizen 3 gradurekin esnatuko dira.

Informazio osoa Naiz Eguraldian.