INFO

Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak hitzordua eman du Urdiñarben

Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko lana azkartzeko xedez gaualdia antolatu du azaroaren 4an Urdiñarben. Herrialdeko zenbait auzapezek hitza hartuko dute bilkura ireki horretan.

Ehunka lagun bildu ziren, agorrilaren 13an Maulen, etxebizitzaren arazoaz ohartarazteko. (Guillaume FAUVEAU)

Etxebizitzen garestitzeaz arranguraturik gogoeta egiteko eta neurriak plantan emateari begira bilera irekia antolatu du, ostiral honetan, Xiberako Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak.

Hala, herrialdeko hainbat auzapez eta biztanle batuko dira 20.00etik goiti, Urdiñarbeko Chistera jatetxean.

Kolektiboaren arabera, higiezinen sailean presioa izugarria da eta etengabe emendatzen doa. Ondorioz, bai etxebizitza alokatu eta bai erosteko zailtasunak gero eta handiagoak dira Zuberoan.

Larritasunez erantzun beharra azpimarratu dute: «Iruditzen zaigu beharrezkoa dela informatzea, alarma jotzea eta zerbait egitea luze gabe».

Larritasun bera erakutsi du Maite Pitrau Atharratzeko auzapezak Kazeta.eus atariari egin adierazpenetan: «Xiberoan, Ipar Euskal Herriko barnealdean bezala, erostera datorren jendea ikus dezakegu. Gero eta bigarren etxebizitza gehiago badiren bitartean, guk gure biztanleak hemen biziarazteko arazoak ditugu».

«Duela bi hilabete, hiru seme-alaba dituen bikote bat Maulera joan da Atharratzetik, urte luzez xerkatu arren, etxebizitzarik atzematen ez zutelako. Biziki tristea da guretzat bikote gazteak herritik joatera behartuak ikustea», deitoratu du Maite Pitrauk.

Izan ere, merkatuan ezartzen diren etxebizitzak baliabide ekonomikoak dituen jendeak erosten dituela azaldu du Pitrauk, «eta kasu honetan, jende honen erosketak bigarren etxebizitzak ukaiteko dira». Hori dela-eta, herrietako hautetsientzat etxebizitzak bizitoki nagusi gisa baliatuko dituztenentzat eraberritu edota saltzeko neurriak ezartzea «biziki garrantzitsua» dela adierazi du Atharratzeko auzapezak.

Azken hilabeteetan hainbat mobilizazio egin dituzte zuberotarrek etxebizitzaren gaineko arazoaz ohartarazteko. Hala, martxoan elkarretaratzea egin zuten Lakarrin eta iragan abuztuan, berriz, ehunka lagun bildu ziren Maulen Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak deiturik.