INFO

Zubietan ponpa bat jarri nahi duela onartu du GHK-k: «Segurtasun jarduera hutsa da»

GHK-k GuraSOSen aurka jo du, plataformak emandako informazioa «faltsua» dela esanez. Dioenez, ur ponpa bat jarri nahi du, «etorkizunean beharrezkoa izanez gero, plantaren azpian biltzen den lurpeko ur emari txikia Añarbeko ur beltzen sarera eramateko». «Prebentzio eta segurtasun jarduera hutsa da».

Zubietako erraustegia, artxiboko argazki batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

GuraSOSek ostegun honetan salatu zuenez, GHK partzuergoak baimena eskatu dio URAri Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara isurtzen diren urak ponpatu eta saneamendu sistemarekin konektatzeko Añarbeko hodi biltzailearen bidez. Plataformaren esanetan, ur hori Monpaseko hustubidetik irtengo litzateke.

Ostiral honetan, ohar baten bitartez, GHK-k adierazi du informazio hori «faltsua» dela. Dioenez, GHK-k baimena eskatu du «instalazioen azpitik doan sakoneko drainaren irteeran segurtasun sistema bat jartzeko».

«Sistema horretan ponpa bat jarriko da, etorkizunean beharrezkoa izanez gero, plantaren azpian biltzen den lurpeko ur emari txikia Añarbeko ur beltzen sarera eramateko», esan du, «prebentzio eta segurtasun jarduera hutsa» dela azpimarratuz, «eta gaur egun ez da beharrezkoa. Egunen batean ponpaketa puntualik egin behar bada, Añarbeko Urak baimentzeko irizpideen arabera egingo da beti».

«Beraz, segurtasun sistema osagarri eta erredundantea gauzatzean datza, instalazioen segurtasuna are gehiago areagotzeko», gaineratu du, eta «informazio hau guztia» Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Batzarretan jakinarazi dela nabarmendu du.