INFO

Aitor Elordiri bere botikatik emanda, Altunak ez du bere urteroko zitan hutsik egingo

Saketik asko asmatuta, amezketarrak hasiera-hasieratik hartu du markagailuaren agintea eta aukerarik ez dio eman mallabitarrari (22-7).

Partida amaituta besarkada estua eman diote elkarri bi pilotariek. (Oskar MATXI EDESA/FOKU)

26 urte eskasekin, bere ibilbideko lehen mailako 11. finala jokatuko du Jokin Altunak hilaren 20an Joseba Ezkurdiaren aurka Aitor Elordiri bere botikatik eman eta gaurko finalerdian mallabitarra inolako aukerarik gabe utzi eta gero (22-7). Behar bezala baloratzen ez den dohain bat izan arren, puntualtasuna lekuetara behar den garaian heltzea –ez lehenago ez geroago– amezketarra prezisiorik handieneko erloju bat bezalakoa da eta aurten ere ez du lau eta erdiko finaleko zitan hutsik egingo, zazpigarrena izango du jarraian, pandemiak ere eten ezin izan zuen ohitura. Amezketarraren balentriari –orain arteko espezialistarik onena den Aimar Olaizolak ere ez zuen halakorik lortu–  bainaren bat jartzearren, esan genezake halako partidak itxuraz horren erraz ateratzen dituela, bere buruari meritua kendu ere egiten ez ote dion sentsazioa uzten duela sarri.

Izan ere, azken asteetan Jaka, Ezkurdia eta Laso bezalako txapeldunak garaitzetik zetorren Aitor Elordi txiki utzi du egungo txapeldunak partida ia perfektua jokatuta. Baina horixe dute pilota txapelketek, urteetako lana egun eta ordu jakin batzuetan jokatu behar izaten direla eta une zehatz horietan nekez despistatzen dela amezketarra eta, egunik onena ez izan arren, lehiakorra izaten dela oso urriak direla mailarik ematen ez duen egunak.

Emaitzak kontrakorik iradoki dezakeen arren, ezin esan Aitor Elordik gaur mailarik eman ez duenik, egia da sakearekin eta ez dela aurreko asteetan bezain eraginkor aritu eta orain arte izan ez duen presioa ere sumatu zaiola aurrera pausua eman behar izan duenetan, baina kontua da parean izan duen arerioak ez diola partidan sartzeko inolako aukerarik eman.

Aurkariaren armekin

Eta hein handi batean, bere botikatik emanda utzi du jokoz kanpo Jokin Altunak mallabitarra. Sakea zen amezketarraren kezkarik handienetako bat gaurko partidan eta beldur hori bere aldeko bihurtu du, pilota bizi baina, batez ere, paretara ondo baztertuz. Errestoan ere, errespetua sartu dio Elordiri mallabitarraren lehen sakea airez erantzunda eta hasiera hasieratik hartu du markagailuaren agintea.

Baina sakeaz harago, huts pare bat kenduta, beste guztia ere ondo egin du amezketarrak. Peio Etxeberriaren aurka ez bezala, eskuina fresko ikusi zaio eta piloteoan ere agindu egin du, Aitor Elordi erabat defentsa lanetara behartuz. Ezkerrez ere, Unai Lasok kantxa horretan bertan egin bezala, txokoan luze jota ere mina egin dio; ez dizkio, Bizkarreta-Gerendiangoak bezainbeste tanto sartu jokaldi horrekin, baina airez sartzea eragotzi dio eta, airerik gabe, Elordiren arriskua ere asko murrizten da.

Izan du, Altunak luzeegi botatako sake baten ondoren, sakearekin asmatuta, bere momentutxoa Aitor Elordik eta 9-6 gerturatu zaio, baina bi paretako batek zabaleko egurretara ihes egin dio eta hortik aurrera ezer gutxi egiteko aukera eman dio bere laugarren txapela nahi duen pilotariak.

Zabaletak min hartu

Elordiz gain, etxera oso buru makur itzuli dena Jose Javier Zabaleta izan da, atariko partida bertan behera utzi behar izan duelako Irribarriarekin batera Dario-Rezustaren aurka 18-7 galtzen ari zela orpoan min hartuta. Partida hasieratik deseroso aritu da etxarrendarra eta Binakakoa horren gertu izanda, ez du arriskurik hartu nahi izan. Kolpe handia litzateke beretzat eta enpresarentzat nafarrak hurrengo txapelketari muzin egin beharra. 

Baikon ere izan da berri txarrik, Asier Agirrek min hartu baitzuen larunbatean Labriten jokatutako partidan eta gaurko probek erakutsi dutenez, eskuin eskuko 5. metakarpianoa hautsi du eta hurrengo asteetan igeltsua eraman beharko du.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a: 22
Elordi: 7

Pilotakadak: 178. Iraupena: 38,24 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 9-2, 9-6, 16-6, 16-7, 22-7. Sakeak: 4 (falta 1) Altuna III.ak eta 1 Elordik. Egindakoak: 12 Altuna III.ak eta 1 Elordik. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak eta 5 Elordik. Marraz atzetik: 1 Elordik. Gertaerak: Sarrera ona Bizkaia pilotalekuan. Gorka Altuna aritu da Jokin lehengusuarekin botilero lanetan eta Garikoitz Txakartegi Aitor Elordi ilobarekin.