INFO

Trans Legea espainiar Kongresuan jasaten ari den oztopoak salatu dituzte

Euskal Herriko hainbat LGTBI kolektibok Trans Legea espainiar Parlamentuan izaten ari den oztopoak salatu dituzte. Horren aurrean, «jarrera irmoa» izatea eta legea lehenbailehen onartzea ahalbidetzeko eskatu diete EAEko eta Nafarroako ordezkariei.

LGTBIfobiaren aurkako eguna dela eta Gasteizen egin zen manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA)

Loratuz lotu, Siendo tú, Dekumas, Fenix, Lumagorri, Transkolore, Kattalingorri, EHGAM, Ozen! LGTB, Sare Lesbianista eta Safikak taldeek espainiar Parlamentuan eztabaidatzen ari den Trans Legea pairatzen ari den oztopoak salatu dituzte eta EAEko eta Nafarroako ordezkariei «jarrera irmoa» izan dezatela eskatu diete.

Komunikatu baten bidez, Trans Legeak Madrilgo Diputatuen Kongresuan azken urteetan gainditu behar izan dituen oztopoak gogorarazi dituzte: «Lehenik eta behin, trans elkarteek 2021eko maiatzaren 17an proposatzen zuten testuaren tramitazioa baztertu zen. Ondoren, Ministroen Kontseiluak proposamen berri bat egin zuen, hasierako testuarekin alderatuta eskubideen murrizketa argia jasotzen zuena. Geroago, Estatu Kontseiluak hilabeteak behar izan zituen loteslea ez zen nahitaezko txosten bat egiteko, nahiz eta Berdintasun Ministerioak lege hori urgentziaz izapidetu. Azkenik, Legebiltzarreko izapidea hasi da eta Alderdi Sozialistak behin eta berriz luzatu du, eskuinaren eta ultraeskuinaren babesarekin».

Izan ere, legearen tramitazioak trans pertsonen aurkako indarkeria «areagotzea» eragin duela salatu dute elkarteek: «Astez aste, egunez egun, hazten doan areriotasuna sortu du. Iraindu, mespretxatu eta zalantzan jartzen gaituzte. Trans identitateak solasaldien xede dira, non mundu guztiak duen iritzia emateko eskubidea, eta hori gertatzen den bitartean, indarkeria giroa hazten doa gure aurka. Gezurrez betetako eztabaida ireki da, izen ona kentzeko irrikaz, gizartearen bazterrera aldentzen jarraitzeko irrikaz».

Horren aurrean, ezinbestekotzat jo dute «jarrera irmoa» izatea. Trans kolektiboa eskubideen subjektu gisa aitortzea behar dela nabarmendu dute, eta, horrela, «indarkeria giro» horri amaiera ematea.

Horregatik, legea berehala onartzeko eskatzen dute, epeak luzatu eta oztopo gehiagorik gabe: «Ezinbestean, trans ume eta nerabeei, migratzaileei, eta bitarrak ez diren pertsonei eskubideak eman eta aitortu behar dizkiegu. Genero autodeterminazioaren eskubidea inolako mugarik gabe onartzea bermatu behar dugu».

Egoera horretan, agiria sinatu duten kolektiboek honako hau eskatzen diete EAEko eta Nafarroako ordezkariei Diputatuen Kongresuan eta Senatuan: Trans Legearen onarpena bultzatzea, «atzerapenik gabe eta egoeraren premia» kontuan hartuta; eta trans pertsonen eskubideak zabaltzea helburu duten zuzenketak babestea, haien eskubideak edo duintasuna murriztea sustatzen duen oro baztertuz.