INFO

Arabako Metalgintzaren grebetan parte hartu zutenak isunak jasotzen hasi direla salatu dute

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek salatu dutenez, Arabako Metalgintza sektorearen grebetako protestetan parte hartu zuten langileak isun ekonomikoak jasotzen hasi dira.

Arabako Metalgintza sektorearen manifestazioa, ekainaren 30erako deitutako greba egunean, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek osatzen duten intersindikalak maiatzean eta ekainean Arabako Metalgintzan deitutako grebetan parte hartu zuten hainbat langile zigor ekonomikoak jasotzen hasi direla salatu du, Ertzaintza «patronalaren eta enpresa handien alde» jarri delakoan.

«Berriro ere, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza buru duela, patronalaren eta enpresa handien alde jarri da, segurtasun pribatuko zerbitzu gisa jardunez, eta zerbitzu publikoaren betebeharra alde batera utzita. Poliziaren borrakadak, bultzadak eta mehatxuak zigorrik gabe geratuko dira berriro. Eta, aldiz, grebarako eskubide legitimoa baliatzen zuten metalaren sektoreko langileak zigortzen dira», adierazi dute sindikatu hauek ohar baten bidez.

Bide batez, greba batzordeak Ertzaintzari enpresa batzuk grebarako eskubidea urratzen ari ote ziren egiaztatzea eskatu zionean hartutako jarrera «bereziki larria» izan zela diote. Zehazki, grebarako oinarrizko eskubidea ez zela «bermatua» izan salatu dute, Ertzaintzak «eragotzi» egin zuelako, piketeei langileei informazioa ematea galaraztearekin batera.

Gauzak horrela, «ezarritako isun guztiak etetea eta izapidetzen ari diren zehapen guztiak geldiaraztea» eskatu dute.

«Lakuatik udazken beroa iragartzen denean, badirudi ez duela zalantzarik izango bere polizia indarrak langileak erreprimitzera bidaltzeko, beren baldintzen edo lanpostuen alde borrokatzen duten bitartean. EAJ-PSE, berriro ere, kapitalaren zerbitzura», amaitu dute oharra sindikatuek.