INFO

Mendiluze garaile Landakon, lehen itzulia itxiz

2.000 bertsozale batu ditu Durangoko Landako Guneak finalaurretako lehen itzuliko azken saioan. Aitor Mendiluze izan da saioko lehena 726,5 punturekin, eta bigarren Beñat Gaztelumendik egin du 716,5 punturekin.

Durangoko saioan Aitor Mendiluze garaile (Jon Urbe | FOKU)

Finalaurrekoen lehen itzulia Durangon amaitu da larunbat honetan. Aitor Mendiluze izan da lehena 726,5 punturekin eta, ondorioz, zuzenean lortu du bigarren itzulian Bilbon kantatzeko txartela. 2.000 bertsozale batu dira Landako gunean, eta behetik gorako saioa osatu du seikoteak. Irabazleaz gain, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Aitor Bizkarra, Saioa Alkaiza eta Eñaut Martikorena izan dira kantuan sailkapenaren hurrenkeran.

Ohiko legez, zortziko nagusian eman diote hasiera saioari. Bizkarra eta Mendiluzeren lana izan da, akaso, borobilena; gaiak adin txikikoekin lan egiten duten gizarte zerbitzuetako bi langileren paperean jarri ditu, eta gazte horiek jakitun dira 18 urte betetzean kale gorrian geratzeko arriskua dutela. Mendiluzek bota du bertsorik osoena: «Haurrak direla zentrora ekarri hain zintzo eta onbera/ baina hemezortzi betetakoan ia ez dago gauza bera/ «nunbait arazo bihurtzen dira sartu beraz mantapera/ ta nahi edo ez tapaki horren hariak baino ez gera».

Zortziko txikiko bertsoaldiak bixi joan dira, Soto eta Mendiluzeren lanak piztu zituen entzuleen algara sakonenak. Bikote baten paperean jarri ditu gai jartzaileak, Sotoren urtebetetzea zela eta erretzeari uzteko partxeak oparitu zizkion Mendiluzek. «Non atera zenuen nobio karneta?/ utziarazi asmoz neri zigarreta/ partxe batzuei jarri diezu arreta/ ez dakit baino nago pixka bat erreta». Bikote harremanaren krisiez aritu dira, eta Mendiluzek azaldu du zergatia: «...aspaldion musua da juxtu-juxtua/ Julio ez zait gustatzen hautsontzi gustua».

Aktualitateko gai bat egokitu zaie seiko motzean Soto eta Alkaizari. Surflariak izan dira, Soto lapurtarra eta Alkaiza bizkaitarra, Alkaizak Sotori jakinarazi dio Euskal Selekzioak hautatu duela. Sotok abiatu du ariketa: «...ta selekzio euskaldun batek zaitzakela hauta/ suertea daukazu, aupa/ ni re ez nengoke aurka/ euskal herriko urak ordea bi emari dauzka». Alkaizak pozik zegoela bai, baina lagunari bere lekuan balego zer egingo zukeen galdetu dio, zintzo. Itxaropentsu amaitu du bertsoaldia: «Surf, pilota edo puenting/ modernoenentzat tuerking/ urak batuta elkartu al dira akaso sei erpin?/ beraz borrokari ekin/ aldarriz nabil zurekin/ tsunamiren bat surfeatuko dugu elkarrekin».

Gaztelumendik eta Mendiluzek seiko motzean osatutako ariketa ere azpimarratzekoa izan da, aspaldiko lagunak izan dira biak, aspaldi elkartzen ez zirela eta Gaztelumendik astero hitzordua jartzeko proposatu dio Mendiluzeri. Ea emandako hitza beteko duen galdetuz ireki du bidea Mendiluzek eta Gaztelumendik dotore erantzun: «Horixe da gizakia/ lotu behar den zapia/ zu lasai egon beteko baitut/ nik nire zatia/ asteroko terapia/ kafearen aitzakia/ orain huts banak elkar dezala lehendik ebakia».

Hunkidura eta lasaitua

«Lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean, lasaitua hartu duzu» izan da gabarako gaia. Ohikoa duen estiloz josi ditu Gaztelumendik hiru bertsoak, jada laurogehi urte dituen agureak semearen aurrean botatako malkoen inguruan. Bigarren bertsoak borobildu du goitik behera ekarritako kontakizuna: «Etxean hori zen dena: lana,lana eta lana/ gauez ailegatzen nintzen zuek eta amagana/ fakturak ordaindu behar beti lepoan labana/ ta estu dagonak barruan biolentzia darama/ orain damutzen naiz horren gizon gogorra izana/ zuei erantsi izana bizkarrean neukan zama/ hara zure eskutara seme malko putzu bana/ hau da bizitza osoan gordean izan dudana».

Martikorenak beste ariketak bezain azkar kantatu du ganbarako lana ere; bakarkakoan entzulea hunkitu du, amona hil zitzaionaren paperetik kantatu du, gordin, eliza eta fedearekiko mesfidantzaz umore beltza baliatuz; entzulea irribarretik hunkiduraz betetako begietara eramatea lortu du. Bizkarrak bikote harreman baten ibilbidea deskribatu du, hasi zirenetik bikoteak amaitzea erabaki zuen egunera arte zenbait momentu ia ukigarriak bihurtuz. Bigarren bertsoan ikusi da hori: «… azkenik hori izango zen ba maitemintzea elkarrez/ baina sua zoritxarrez/ gaur hor dago ta bihar ez/ geure artekoa zeuk eten zendun ostiral ilunabarrez/ ta ni kanpotik gizon plantekin baina barrutik negarrez».

Durangoko saioko sailkapena:

Aitor Mendiluze 726,5 puntu
Beñat Gaztelumendi 716,5 puntu
Julio Soto 686 puntu
Aitor Bizkarra 677,5 puntu
Saioa Alkaiza 662 puntu
Eñaut Martikorena 636,5 puntu

Hurrengo fasera igaro diren bertsolariak ere larunbat honetan zehaztu dira: Oihana Iguaran, Alaia Martin, Aitor Bizkarra, Agin Laburu, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita Amurrion. Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Unai Agirre, eta Eñaut Martikorena Baionan. Eta Bilbon, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza, Jone Uria eta Maddalen Arzallus.