«Hasi nintzenean, ez nuen inolaz uste hau guztia lortuko nuenik»
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia irabazita denboraldi bikaina osatzen ari da Nerea Arruti. Lehiatu duen dana irabazi du urnietarrak, eta «urtea guztiz borobiltzeko gogotsu» agertu da NAIZ Irratian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Nerea Arrutik eta Julen Alberdi “Txikia IV”-ak irabazi zuten igandean Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Nagusitasunez gailenduta jantzi zuten txapela biek. Denboraldi bikaina osatzen ari dena Nerea Arruti da, jokatutako guztia irabazita. Ospatzeko astirik izan ez badu ere, «oso pozik» agertu da lortzen ari denarekin. Urnietarrak jada zertxobait badarama aizkora munduan, baina esan daiteke bete-betean asmatu zuela erabakiarekin, hasiera batean honelakorik espero ez zuela onartu badu ere.
Geldiezina dirudizu. Sherpa.ai aizkolari txapelketan ere txapela bereganatu duzu. Nola sentitzen zara?
Egia esan, kristoren poztasunarekin nago. Egia da oraindik ez dudala sinisten aurtengo denboraldia nola doan, eta oso pozik nago.
Ospatzeko aukera izan al zenuen?
Ezer ez. Bazkaltzera joan ginen, baina azkenean, igandea izanda, ospatzeko aukera gutxi izan genuen.
Aipatu duzu denboraldi ederra egiten ari zarela. Pentatloian txapeldun, banaka zein binaka; Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun aizkoran federazioak antolatutako txapelketetan; eta orain Sherpa.ai aizkolari txapelketa ere poltsikora. Zerbait gehiago eskatu al daiteke?
Egia esan, gutxi gehiago. Badauzkagu beste erakustaldi batzuk urtea bukatzeko eta gero polit-polita dena Trinitate plazakoa da, San Tomas egunekoa. Hori izugarria izango da, ea bertan ondo egiteko aukera dudan.
Non dago zure muga?
Muga ikusiko da. Azkenean beti izaten duzu hobetzeko aukera eta horretan saiatuko gara, bai aizkoran teknikoki hobetzen, baita denborak-eta hobetzen ere.
«Muga non dagoen ikusiko da. Azkenean beti izaten duzu hobetzeko aukera eta horretan saiatuko gara, bai aizkoran teknikoki hobetzen, baita denborak-eta hobetzen ere»
Igandean ez zenuen aparteko arazorik izan. Hasieratik nagusi izan zinen, 12:16ko denborarekin. Atzetik Irati Astondoak amaitu zuen, ia lau minutura (15:58). Uste baino errazago joan al zen finala?
Nahiko ondo sentitu nintzen lehenengo momentutik. Lehendabiziko enborrean oso ondo ikusi nintzen eta horrek “subidoia” ematen dizu eta horrela jarraitzeko zera ematen dizu. Momentuan ez zara konturatzen nola doazen besteak; bai gutxi gorabehera hor gertu edo ez dauzkazun, baina zure buruaren kontra zoaz. Gauzak ondo atera ziren eta oso pozik.
Hasieratik amaierara, beraz, gorputzaldi onarekin aritu zinen?
Bai. Igandean ondo sentitzen nintzen eta ikusi zen.
Jada denboratxo bat badaramazu kirol honetan, baina esan daiteke asmatu egin duzula aizkora munduan sartzen, dena irabazten ari baitzara.
[Barrez]. Bai, egia esan, kirol honetan ondo hasi eta ea ondo bukatzen dudan esperantza daukat eta disfrutatzen jarraitzekoa.
Espero al zenuen aizkoran sartzean hauek lortuko zenituenik?
Ez, ez. Inola ere ez. Lehendabiziko aldian hasi nintzenean, etxera bueltatzen nintzen eta esaten nuen: ‘Puf, hau ez da nirea. Zertan ari naiz hemen sartuta?’. Baina gauzak gogoz hartzen dituzunean, gero atera egiten dira.
Kirola eta kultura uztartuta ospatu da aurtengo edizioko finala Bilbao Arenan. 3.000 zale inguru bildu ziren Bilboko aretoan. Zer moduzko giroa izan zenuten?
Kristoren “subidoia” ematen du jendea animatzen ikusteak eta honelako ekitaldietan eta honelako giroa ikustea oso polita da.
Eta orain zer? Aipatu duzu erakustaldi batzuk badituzuela, baina zein da hurrengo hitzordurik garrantzitsuena?
Azaroaren 27an Lehen Mailako mutilen txapelketa dago eta bertan parte hartzen dugu hiru neskak ere erakustaldi moduan. Baina garrantzitsuena datorren abenduaren 21ekoa da, San Tomasekoa.