INFO

Zazpi preso gehiago Euskal Herriratuko dituztela jakinarazi du Espetxe Zuzendaritzak

Presoak Euskal Herriratzeko prozesuak bultzada berri bat izan du, Espainako Gobernuaren Espetxe Zuzendaritzak zazpi lekualdatze gehiago iragarri baitu. Urrats hau gauzatzen denean, hogei baino gutxiago izango dira Estatu espainolean, Euskal Herritik kanpo, diren euskal presoak.

Euskal Herriratzeko aldarria, Gasteizen eginiko elkarretaratze batean. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Zazpi euskal preso gehiago laster izango dira Euskal Herriko espetxeetan, espainiar Gobernuaren Espetxe Zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi duenez. Gehienek hogei urte inguru daramatzate kartzelan eta baten bat baldintzapeko askatasuna lortzeko epea gainditzetik gertu dago.

Horietariko sei EAEko espetxeetara ekarriko dituzte, eta orain Lakuako Gobernuak argitu beharko du Martutenen, Basaurin edo Zaballan sartzen dituen.

Hauetxek dira: Iñigo Guridi Lasa, orain Leongo Mansillan dagoena; Asier Badiola Lasarte (Kantabriako Dueson); Iñaki Bilbao Goikoetxea (Salamancako Topasen); Orkatz Gallastegi Sodupe (hau ere Topasen dute); Fermin Vila Mitxelena (Zaragozako Zueran); eta Iñigo Zapirain Romano (Dueson).

Beste preso bat, Alberto Viedma Morillas nafarra, Salamancako Topasetik Iruñeko kartzelara lekualdatuko dute. Espetxe Zuzendaritzak aipatzen duenez, zigorraren hirugarren laurdenak hilabete honetan beteko ditu Viedmak.

Hau guztia gauzatzen denean, Etxeraten zerrendan oraindik diren bi espetxe ezabatzeko aukera izango da: Topas eta Zuera hain zuzen ere. Hogei baino gutxiago izango dira Euskal Herritik kanpo gelditzen diren presoak, Estatu espainoleko zortzi espetxetan sakabanatuak.