INFO

Manga euskaraz irakurtzeko aukera eskainiko du aurrerantzean Harriet argitaletxeak

Orain arte, Euskal Herriko mangazaleek gaztelaniara edo frantsesera jo behar zuten komiki mota japoniar hori irakurri nahi bazuten, euskaraz ez baitzegoen. Harriet Ediciones-ek Kabe bilduma abiatu du Tomomi Usui egilearen ‘Cube Arts’ istorioarekin.

Muro anai-arrebak, Harriet Edicioneseko sortzaileak, komiki berriekin. (Maialen Andres | FOKU)

2021ean gazteleraz 1.033 manga argitaratu ziren, eta frantsesez 2.204. Euskaraz, ordea, bat ere ez. Gabezia horren aurrean, Harriet Ediciones argitaletxeak manga euskaraz eskaintzeko bilduma bat abiatzea erabaki du. «Nerabeen guraso askok galdetzen digute ea ez dagoen mangarik euskaraz. Hau da lehendabizikoa», azaldu dute aurkezpenean. Japoniako mangak bezalaxe, alderantziz irakurtzen da, atzetik aurrera. Mangazaleak modu horretara ohituta daude.

Bildumak Kabe du izena, eta ‘horma’ esan nahi du japoniarrez, Gregorio Muroren abizenak bexalaxe; eta Murok berak esan bezala, «‘oztopo’ ere esan nahi du. Japoniarrek oztopo ugari jarri dizkigute», argitu du. Izan ere, pandemia dela medio, ezin izan dute aurrez aurre elkartu komiki topaketetan, eta horrek harremanak zaildu dituzte. Harriet Ediciones Gregorio Muro ‘Harriet’-en komikiak zabaltzeko eta, bide batez, beste euskal egilek egindakoak Europan zehar ezagunak egiteko sortu zen, baita Europako proposamen interesgarriak gurera ekartzeko. Finean, argitaletxe txikia da eta Japoniarrak mesfidati agertu ziren hasieran, batez ere euskarara ekarri nahi zituztelako lanak.

Iker Alvarez itzultzaileari esker, zeina Tokion bizi den duela 5 urte eta japoniarreko mailarik altuena duen, lortu zuten harremanak estutzea eta Tomomi Usuiren ‘Cube Arts’ lana itzultzea adostu zuten. Hau hiru liburukiz osatuta dagoen arren, momentuz bakarra dute eskuartean (beste biak otsailerako prest izatea espero dute). Shonen estilokoa da, alegia, irakurle gazte eta nerabeei zuzendutakoa eta akzioduna.

Protagonista batxilergoko ikasle bat da. Egun batean bideojoko berri bat jasoko du etxean probatu dezan, eta blokez osatutako unibertso horretan nahi duena egiteko aukera duela konturatuko da, baita armekin borrokatzea ere.

Mangan genero ugari dauden arren, publiko guztientzako aproposak direnak hautatuko dituzte aurrerantzean ere. Negoziaketan daude laster beste lan ugari euskaratu ahal izateko. Euren helburua da horiek ineditoak izatea eta zuzenean japoniarretik itzultzea. Euskaratu nahi dituzten lanen artean daude ‘Heroine games’, ‘Change the world’, ‘An otaku called God’, ‘Dinosan’ eta ‘Girl's las tour’ (azken biak gazteleraz argitaratuak izan dira).

Komiki gehiago euskaraz

Bildumaren sorrerarekin batera, Harriet-ek beste lan bat aurkeztu du, ohiko komiki formatuan: Bruno Duhamelen ‘Inoiz ez: E eguna’ lana, aurretik argitaratu zuten ‘Inoiz ez’ lanaren bigarren zatia. Argitaletxe honek egile frantsesaren hainbat lan eman ditu orain arte.

«Komikizaleak ez direnek ez dituzte ezagutzen, ikuspegi mugatua dute, eta ez dakite komikia literatura bezai aberatsa dela gaie ta estilo aldetik», aipatu dute. Komikiak gizartean sustatzeko asmoz, Bilbon 2014 eta 2018 bitartean ospatu zen komiki azoka berreskuratuko dute, oraingoan Hernanin. Bihar aurkeztuko dute Hernanikomik, asteburuan ospatuko dena saltoki, liburu aurkezpen eta musikarekin. «Euskal Herrian dagoen talentua ezagutzera eman nahi da, oso aberatsa baita», azpimarratu dute.