Erdi Aroko Azarola Labea hesitu eta seinalizatu du Galdakaoko Ganguren mendi taldeak
Upo mendiaren magalean dago Azarola Labea Erdi Arotik. Orain, Ganguren Mendi Taldeak Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, labea hesitu eta seinalizatu du, bisitariei informazio gehiago emanez.
Ganguren Mendi Taldeak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, Azarola Labea hesitu eta seinalizatu du. Erdi Arokoa da labea eta Upo mendiaren magalean dago, Lekubasoko urtegiaren eta Arteta auzoaren artean, hain zuzen ere. Panel informatiboa ere jarri dute, Xabier Orue-Etxebarria geologo galdakoztarraren dokumentazio lanari esker batutako informazioa jasotzen duena.
Euskal Herrian Upo mendikoa bezalako 600 labe inguru daude; gehienak, aurkitu diren burdin aztarnategietatik gertu eraikiak. Litekeena da Azarolakoak 4 eta 6 metro bitarteko altuera izatea, bere garaian. Mota horretako labeak substratuan sartuta eraikitzen ziren, lur menditsuetan zein itsas mailatik oso gertu. Zilindro forma dute eta estutzen doaz gorantz.
2010ean Amaia Basterretxea arkeologoaren zuzendaritzapean egindako indusketei esker jakin da Azarolakoa burdina erreduzitzeko labea zela. Labe mota hori ugaria zen euskal herrian eta horri esker, euskaldunek funtsezko zeregina izan zuten burdina ekoizteko eta Europara merkaturatzeko, XII. mendetik aurrera.
Ibilbideak egokituz
Ez da Ganguren Mendi Taldeak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean atontzen duten lehen ibilbidea. Orain arte hiru ibilbide zirkular eta 12 lotura egokitu dituzte, Azarola labeaz gain. Izan ere, Udalaren Gobernu Planak jasotzen du ibilbide osasungarriak diseinatu eta prestatzeko beharra.