Abenduaren 15ean kalera ateratzeko deia luzatu die Ikamak ikasleei
Hezkuntza ereduaren errotiko aldaketa aldarrikatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikama ikasle antolakundeak abenduaren 15ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Segregazioarik gabeko hezkuntza publikoa, feminista, euskalduna, ekologista eta burujabea aldarrikatu du.
Ikama ikasle antolakundeko kideek Gasteizeko Legebiltzarraren aurrean bildu dira ostegun honetan, bertan osatzen ari diren EAE-ko Hezkuntza Legearen inguruan ikasleon iritzia eta aldarrikapenak plazaratzeko. Izan ere, ikasturte honetan ezagutarazi den legearen zirriborroarekiko desadostasunak adierazi dituzte.
Ikamarentzat, gaur egungo hezkuntza sistemak «hamaika ertzetatik zapaltzen» ditu ikasleaki: «Pedagogia eredua ez dago gure beharretara egokituta, gure egoera psikosizoala ez da kontuan hartzen, hezkuntza euskaldun bat izatetik urrun gaude, segregazioa nagusi da ikastetxeetan, balore indibidualista eta lehiakorrak nagusi dira...».
Gainera, salatu dute ateratako zirriborroak ez dituela «ez aurrerapausurik ez beharrezko aldaketarik» ematen.
Horregatik, Ikamak hezkuntza sindikatuek azaroaren 30ean eta abenduaren 14ean deitutako grebarekin bat egin du eta, horretaz gain, ikasle mobilizazioa deitu du abenduaren 15ean.
Ikasleon beharrak entzunak izatea eta «errotiko aldaketak» planteatzea ezinbestekotzat jo du Ikamak.
❌Zuenak ez digu balio.
— Ikama (@IkasleriaMartxa) October 19, 2022
Ikasleon neurrira egongo den hezkuntza sistema behar dugu. Ikasleon beharrak eta garapena bermatuko duena eta interes kapitalista eta norma zisheteropatriarkaletik at hezten gaituena.
Abenduaren 15ean beste hezkuntza baten alde kaleak hartuko ditugu! pic.twitter.com/k3wnAltdbL
Euskara Hezkuntza Legearen ardatza izan behar dela aldarrikatu du. «Euskaraz ikasteko eskubidea urratzen zaigun herri zapaldu batean bizi gara. Zapalkuntza honek forma ezberdinak hartzen dituelarik EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian. Honen aurrean, euskaraz ikasteko bermeak behar ditugu Euskal Herritarrok. Aldaketa hauek, errokoak izan ezean, ez dira nahikoak izango. Beste behin ere, euskararekiko egiten diren apostuak anbiguedadez beteta daude eta beraz, ez dira nahikoak. Ikasleok euskal kurrikulum baten beharra aldarrikatzen jarraitu behar dugu, hau lortu ezean, ez ditugulako berme nahikorik izango euskaraz baldintza duinetan ikasi ahal izateko», argudiatu du ikasle antolakundeak.
Gau egun, arraza, erlijio, sexu, klase sozial eta beste hainbat ezaugarri direla medio, ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesua erabat baldintzatuta dagoela gogoratu dute. Horregatik «segregazioarik gabekoa, publikoa, doakoa eta mundu guztiarentzako eskuragarria» izango den eredua aldarrikatu du. Hau horrela, euskal eskola publikorantz bidean berau indartu behar dela diogu.
Horretaz gain, ikasleek hezkuntza burujabe bat behar dutela azpimarratu dute Ikamako kideek. «Burujabetza herri batek eta haren komunitateak bere burua gobernatzeko eta kudeatzeko duen gaitasuna bezala ulertzen dugu, herritik eta herriarentzat izango dena. Prozesu horretan, herritarren hitzak entzun beharko direlarik eta hauen parte hartze erreala bermatu beharko delarik», argitu dute.
Hau horrela, legearen osaketa prozesuan ikasleon hitza eta iritzia kontuan hartu ez dela salatu dute.
«Bestelako eredu bat»
«Ikamatik bestelako hezkuntza eredu batean sinisten dugu, hau sistemaren erreprodukziorako tresna den honetan, ikasle kritikoak sortuko dituen, eraldaketarako sujetu bezala heziko gaituen eta gure herrira egokituko den hezkuntza eredu batean sinisten dugu. Guzti hau Euskal Eskola herritar eta burujabearen eraikuntzarekin lortuko dugu, feminista, euskalduna, inklusiboa eta ekologista izango dena», adierazi dute.
Horregatik, abenduaren 15ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu du Ikamak.