INFO

Euskararen erabilera handitzen laguntzeko Euskaraldiaren gida

Euskaraldiaren bezperetan ahobizi eta belarriprest rolak jokatuko dituzten herritarrei baliabideak ematea da Zapla! podcastaren asmoa. Lau ataletan, hizkuntza sumisioaren eta asertibitatearen gisako kontzeptuak ulertzen laguntzen digute adituek.

Euskaraldia ospatzeko Gernika-Lumon egindako jaialdia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atean dugu Euskaraldia. Heldu den ostiralean, azaroak 18, hasi eta abenduaren 2ra arte hamabost egun intentso biziko dituzte ahobizi, belarriprest eta arigune funtzioak beteko dituzten norbanako eta entitateek. Hirugarren edizioa da, ekimena ezaguna da, eta garrantzi handia eman diote bultzatzaileek ariketa kalitatez egiteko jendea prestatzeari, modu hagitz kontzientean jokatzeko aukeratu dituzten rolak. Norberak zein hizkuntza ohitura aldatu nahi dituen hausnartzea eta benetan hori egin ahal izateko ahalik eta jantzien egotea da helburua. Eta horretarako, hainbat tresna ari da eskaintzen Euskaraldia, tartean Zapla! podcasta.

«Hizkuntza ohiturak aldatzeko gida moduko bat» dela azaldu dio GAUR8ri Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Erakunde honek prestatu du edukia EiTB Podkast gunerako, eta ekoizpena On Timek egin du. Aurkezle lanetan, berriz, Monika Belaustegi (Goiena, Txap) eta Juan Kruz Lakasta (Euskalerria Irratia) kazetariak aritu dira.

Lau atal ditu Zapla!-k eta dagoeneko entzun daitezke aurreneko biak. Gainerakoak, azaroko hurrengo bi astearteetan sareratuko dituzte.

Ordu erdiko iraupena du Zapla! podcastaren atal bakoitzak. Elkarrizketa dago erdian eta osagarriak dira bizitzako momentu batean hizkuntza hautu bat egin duten pertsonen testigantzak eta ohiko bizitzako egoeren irudikapenak.

Gemma Sangines

Lehenbiziko kapituluan, Gemma Sangines Valentzian bizi den psikologo bilbotarra da elkarrizketatu nagusia. Hizkuntza asertibitatea lantzeko eskaintzen diren TELP tailerren sortzaileetako bat da.

Tailerron helburua da lehen hitza euskaraz egiten ausartzeko baliabide askatzaileez jabetzea, konplexuak hankaz goiti botaz eta zamak partekatzen ikasiz, aldeko espazioak eta jarrerak irabazteko. Hizkuntza gutxituen hiztunen artean dagoen autoestimua hobetzen laguntzen dute. Hiztun hauek askotan urpekariak bezalakoak dira: ur azalaren azpian gelditzen dira eta soilik eremu ziurretan ateratzen dira azalera.

Sangines estres linguistikoaz, hizkuntza sumisioaz eta asertibitateaz aritu da solasean podcastean. Azkenaldian termino hauek euskalgintzan gero eta gehiago ateratzen ari diren arren, psikolinguistikan ez daramate hamarkada bat baino gehiago. 2010ean bilbotarrak “Sortir De L’Armari Lingüístic: Una guia de conducta per a viure en català” argitaratu zuen Ferran Suayrekin batera, eta hura egokituz, “Irten hizkuntzaren armairutik - Euskaraz bizitzeko portaera gida” plazaratu zuen Emun kooperatibak 2015ean.

Presa dugunean erdaraz egin eta euskaraz erantzuten digutenean gure buruarekin gaizki sentitzen gara. Hori estres linguistikoa da.

Adituak zenbait aholku ematen ditu elkarrizketan estres hori murrizteko. Irudikatu semaforo bat eta hura berde dagoenean, hau da, egoera hizkuntza hautua erraz egiteko modukoa iruditzen zaigunean, beti euskaraz egin. Aurreiritziak identifikatzea ere komeni da. Gure buruari erraten diogu, adibidez, Gasteizera goazenean ez dela erraza euskaraz komunikatzea. Aurreiritziak alde batera utzi, eta saiatu euskaraz egiten bertzeak ez duela ulertzen erran arte.

Asertibitatea lotsaren eta agresibitatearen erdian kokatzen du Sanginesek. Eta euskal hiztunak hagitz lotsati ikusten gaitu. Bere gomendioa da oreka bilatzea alde batetik bertzera joan gabe, horrek ekarriko digu lasaitasuna guri eta solaskideari ere bai.

Euskaraldiaren aurkezpena. Monika DEL VALLE | FOKU

Juan Ignacio Perez Iglesias

Zapla!-ren lehen atalean, Juan Ignacio Perez Iglesias Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak eta Jakiundeko presidenteak hizkuntza hautuaren inguruko bere testigantza eman du. Kontatu duenez, karrerako hirugarren urtean euskaldundu zen, eta tesia euskaraz egitea eta defendatzea erabaki zuen. Hautu inportantea izan zen emaztea eta bientzat haien lehen hizkuntza izan ez arren, umeak izan zituztenean euskara etxeko hizkuntza bihurtzea ere. Orain, seme-alabak etxetik joan direnean, etxean gaztelania eta euskara nahasiz komunikatzen direla aitortu du.

Martinez de Lagosek esplikatu duenez, podcastaren bidez hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabideak eskaini nahi dituzte, euskararen erabilera handitu nahi duten herritarrentzako tresnak, eta horiek lantzeko hainbat egoera zehatz ere irudikatu dituzte aktoreen laguntzarekin, gero horien gainean adituen aholkuak jaso ahal izateko.

Euskaralditik harago

Zapla! Euskaraldiaren hirugarren edizioaren testuinguruan sortu bada ere, gerora ere erabilgarria izanen den tresna dela uste dute podcastaren sortzaileek. Topaguneko kideak agertu duenez, Euskaraldiak hizkuntza ohiturak modu babestuagoan aldatzeko aukera ematen du, eta ariketa honetatik harago ere bada premia halako prozesu batean laguntza handiagoarekin barneratzeko, prestatuago. Hori ez da momentuan egiten den zerbait.

TELP tailerretan egiten dute hori normalean, eta ideia da gero eta baliabide gehiago eskaintzea, beste bide batzuk.

Podcastaren bigarren kapituluan, ahalduntze eskolez hitz egiten dute. Tolosaldeko esperientzia pilotuaren berri ematen du Imanol Artola Felix Galtzaundi euskara elkarteko kideak. Hiznet graduondokoaren bukaerako lana gai honen inguruan egin zuen Artolak, Sangines bera gidari eta Kike Amonarriz laguntzaile, eta aurreko Euskaraldian euskaldunak ahalduntzeko talde bat antolatu zuen. Sei lagunekin prozesu bat egin zuen sei astetan, eta bizipen horiek izan dira oinarria asteotan Errenterian eta Getxon martxan diren ahalduntze eskoletarako. Artola bertsozalea da eta Ahalduntze Bertso Eskolak hartu zituen eredu.

Zapla!-ren hirugarren atalean, lehen aipatutako TELP tailerren gainean ariko dira eta laugarrenean, entitateei eta hizkuntzarentzako gune babestuei buruz.