INFO
Entrevista
Oier Guillan
Metrokoadroka Sormen Laborategiko kidea

«Denok dugu familia gertuegi, tabu izateraino; interesgarria izan da gai horretan murgiltzea»

Izurri garaiko bizipenen harira familiaren ideiari tiraka hasi eta ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ obra ondu du Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Igande honetan ikusiko du argia Azpeitian. Oier Guillan zuzendariak lanaren nondik-norakoak azaldu dizkigu.

Metrokoadroka kolektiboaren lan berriaren eszena bat. (Mendi URRUZUNO)

Taldekideei gertatutako anekdota bati helduta jarri diote izenburua. «Kontrakoa ere egin gezakeen, baina grazia eta era berean trasfondoa duenez kontatzea erabaki dugu. Behin programatzaile baten emaila jaso genuen ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ antzezlanaren cachet-a eta behar teknikoen gainean galdetuz. Zur eta lur geratu ginen. Obra hori ez zen existitzen. Gero konturatu ginen gaizki-ulertua zegoela oinarrian. ‘Metrokoadroka zertan dabil?’, galdetuko zion programatzaile batek besteari eta batek ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ erantzun, eta besteak hori ekoizpen berriaren izenburua zela pentsatu. Hain ona iruditu zitzaigun anekdota noizbat muntaiaren bat egitea pentsatu genuela. Eta urte batzuk pasata, lan berri bati ekiteko tenorean ginela, gure buruari egindako promesaz gogoratu ginen. Izenburua bageneukan, obrarik ez. Izenburuari tiraka, bapatean, beste oihartzun batzuk topatu genizkion», kontatzen du Guillanek.

Deskonexioa. «Gaizki-ulertzea oso esanguratsua izan zen. Eragileak, programatzaileak, sortzaileak... zein deskonektatuta gauden isla dezake. Zenbateko elkar ezagutza eta komunikazio falta dagoen. Eta sentsazioa areagotu egin zitzaigun etxealdian. Maila sozial zein pertsonalean oso nabarmena egin zitzaigun».

Familia. Ideia horri tiraka hasi ziren lanean eta ohikoa duten moduan, bidean joan dira lana sortzen. «Obra zer den sorkuntza prozesuan bertan ikusten dugu, aktoreekin lanean hasten garenean. Zuzendaritzatik saiatzen gara irakurtzen aktoreen gorputzetan zer gertatzen den eta horrek zer esan nahi duen. Lanketa horren gainean deskubritu genuen ardatz berria, protagonismo osoa hartu zuena: familia. Pandemiako deskonexioarekin lotzen zen. Itxialdian jende askori pasa zitzaion galdera burutik: zer da familia unitatea? Pisukideak familia dira? Nork zaintzen du nor? Bapatean oso modu gordinean geratu zen agerian familiaren eredu klasikoak, baita muturreko egoeran ere, duen pisua. Markatzen zuen itxialdiaren muga, momentu askotan», egin du hausnarketa Guillanek.

Zuzendariaren esanetan familiaren gaia ezbaian jarri bai, baina beste kontu batzurekin gertatzen dena ez da ematen kasu honetan. «Ez da desegituratzen. Zaila da deskorapilatzen, desegituratzen, berregituratzen. Nahiz iruditu beti hor egon den gaia dela ertz askotatik landu gabeko gaia izaten jarraitzen du. Denok dugu familia gertuegi, tabu izateraino batzuetan; oso interesgarria izan da gai horretan murgiltzea».

Oier Guillanek zuzendu du lan berria. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Umorearen bidea hartu zuten. «‘Sit-com’aren iruditeria aukeratu genuen obra honetan lantzeko. Metrokoadrokak ezaugarri dituen poesia bisuala eta umore absurdorearekin lotuta dago. Sit-cometan egongela egoten da askotan, eta norbaitek zeharkatzen duen ate bat. Protagonistak familia edo lagunak izan ohi dira. Familia eta elkarbizitza zer den sakonago arakatzeko bidea ematen zigun, dibertigarria izan zitekeena. Bizipen bat umoretik lantzeak esan nahi du prest zaudela horretaz hitz egiteko. Tramari oso errotua zaudenean, aldiz, gerta daiteke oso lotua egotea doluari edo minari eta umoreak eta ironiak ahalbidetzen dizu distantzia hartzea, zure buruaz barre egitea eta enpatia sentitzen, bai zure minarekin, bai besteen minarekiko. Umoretik lantzen duzunean gai potente bat segur aski indartsu zaude eta dramatik egiten duzunean, ez beti. Eta horrek ez dio kentzen seriotasunik gaiari. Gure ustez edozein gai landu daiteke umoretik», azaldu du.

Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran ikusiko ditugu eszenan. Marina Suarez eta Oier Guillan aritu dira zuzendaritza artistikoan. «Lantalde berria da. Aurretik elkarrekin lan egin gabeak gara eta pozik gaude egindako bidearekin», adierazi du Guillanek.

Ozaetako Garaion Sorgingunean, Azpeitian –Dinamoan eta Soreasu– eta Errenteriako Lekuona Fabrikan egindako egonaldietan ondu dute lana.

Ikusleak eszenan gertuko gertaerak ikus ditzan saiatu dira. «Umoretik hitz egiten duzunean aktorearen eta ikuslearen arteko lotura beste modu batean sortzen da. Ikusten genuen telebistako komedia hain barneratua daukagula barre eta txalo enlatatuak entzutean berehala errekonozitzen duela kodea. Berehala funtzionatzen du eta oso jostagarria da guretzat hori desegituratzea» Guillanen esanetan.   

Publikoarekin partekatu. «Saiatu gara proba dezente egiten estreinaldi ofizialaren aurretik. Eztena eta BAD jaialdietan egon gara, Pasaiako Umore Topaketatan, eta publikoak asko lagundu digu obra osatzen. Ikusi dugu jendeak oso ondo pasatzen duela eta era berean gaiaren sakontasuna iristen zaiola. Zentzu horretan oso pozik gaude eta desiratzen estreinaldiaren eguna iristeko», aitortu du zuzendariak.