Miraririk ez Alavesentzat Johan Cruyffen (8-0)
Barcelonak ohiko gaitasun ofentsiboa erakutsi du eta atsedenaldirako partida erabakita zegoen. Ohale ohatilan atera dute aurpegian kolpe bat hartu ondoren.
Alavesek ezin izan du topikoa bete Iñigo Juaristiren debutan. Ez da egon miraririk eta Barcelonak ohiko gaitasun ofentsiboa erakutsi du markagailu zabal batekin amaitzeko atsedenaldirako erabakita zegoen norgehiagoka. Puntu bakarrarekin jarraitzen dute gasteiztarrek, beraz, aste gogor baten hasieran, asteazkenean Kopako partida jokatuko baitute Oviedon eta hurrengo igandean Betis hartuko baitute Mendizorrotzan.
Juaristik, gutxienez, partida probak egiteko eta bere jokalariak lehiatzen zuzenean ikusteko aprobetxatu du. Aldaketa deigarriren bat egon da hasierako taldean, Elba zentralen aurrean kokatu baita, Sanadri hamaikakoan sartu da eta Elene Errastik ere zelaierdiko lauko lerroa osatu du, Miriam aulkian geratu den bitartean. Katalunyako erdilariak, edozein kasutan, bigarren zatiko «proban» parte hartu du, atsedenaldian Mikurekin eta Abyrekin batera.
Emaitza antzekoa izan da kasu bietan. Talde arabarrak nortasuna erakutsi eta hainbat gauza ondo egin duen arren, Barcelona nagusi izan da lehen minututik eta ez du denbora asko behar izan ere markagailuan aurreratzeko. Seigarren minutuan sartu du lehena Claudia Pinak, jaurtiketa arrasoa gurutzatuz. Sei minutu beranduago Oshoalak burukada batekin erantzun dio Rolforen erdiraketari eta ordu erdia bete aurretik suediarrak berak aprobetxatu du Pinaren pasea 3-0ekoa sartzeko. Pinak, penalti bat sartuz, eta Mapi Leonek borobildu dute gorri-urdinen lehen zatiko «eskua».
Hamaikako berri batekin ekin dio Alavesek bigarren zatiari baina kontua ez da larregi aldatu eta Paralluelok, Crnogorcevicek eta Geysek bere taldekideen gol-festarekin bat egin dute, behin betiko 8-koa ezarriz.
Bigarren zatiko alde txarrena, edozein kasutan, Ohalek eman duen sustoa izan da. Rolfok besoarekin jo dio aurpegian, atzelariak begian min hartu omen du eta guztiz zorabiatuta atera behar izan dute ohatilan minutu batzuetan soropilean bertan artatu ondoren.
Barcelona: Gemma; Marta, Irene Paredes, Mapi Leon (Laia Codina, 60.min.), Nuria Rabano; Pina (Bruna, 71.min.), Engen, Patri Guijarro (Walsh, 60.min.); Paralluelo (Crnogorcevic, 60.min.), Oshoala eta Rolfo (Geyse, 69.min.).
Alaves: Larque; Cris Auñon, Ohale (Sara Carrillo, 76.min.), Saez, Carla Morera; Elba; Carla Armengol (Miku, 46.min.), Elene Errasti (Aby, 46.min.), Gema (Miriam, 46.min.), Ane Miren (63.min.); eta Sanadri (Lice Chamorro, 63.min.)
Epailea: Suarez Gonzalez (Gaztela eta Leon). Txartel oriak Mapi (63’), Rolfo (68’); Cris Auñon (35’) eta Elba (93’) jokalariei.
Golak: 1-0, 8. min.: Claudia Pina. 2-0, 12.min.: Oshoala. 3-0, 25.min: Rolfo. 4-0, 31.min.: Claudia Pina, penaltiz. 5-0, 43.min.: Mapi Leon. 6-0, 56.min: Paralluelo. 7-0, 85.min.: Crnogorcevic. 8-0, 90.min.: Geyse.
Gertakariak: Liga Fko 9. jardunaldiko partida, Johan Cruyffen jokatuta. Alavesek zuriz jantzi du.