INFO

Durangoko Azoka pandemiaren aurreko dimentsioetara itzultzeko xedearekin dator

«Tunel ilun baten bukaeran ikusten den argia» legez irudikatu du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediagako koordinatzaileak, abenduaren 7tik 11ra egingo den 57. edizioa. Pandemiaren aurreko Azoka itxurarekin, aurtengoak 930 nobedade, 248 stand eta 250 ekitaldi izango ditu, baita ere ‘Irati’ filmaren jaia.

Beñat Gaztelurrutia eta gune desberdinak koordinatzen duen taldeak, aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ)

Durangoko Azokaren aurki izango den edizioari ‘eztanDA!’ leloa jarri diote, intentzio bereziarekin Beñat Gaztelurrutiak, Gerediagako koordinatzaileak, ostegunean aitortu duenez: «Bi urte zailen ondoren, uste dugu hau izango dela pandemia aurreko Azoka berreskuratzeko urtea. Jai handi bat eta eztanda handi bat izatea nahi dugu, enkontru handi berri bat. Azoka berreskuratu nahi dugu, giroa berreskuratu nahi dugu eta jaia berreskuratu nahi dugu». Aurreko bi urte neketsu, korapilatsu, trabaz eta egon ezinez betetako edizioak gainditu ondoren, ohiko Azoka itzuliko dela iragarri dute 57. edizioko egitarau eta nobedade nagusiak aurkeztu dituztenean, Bartolome Ertzilla Musika eskolan egindako agerraldian. Ostiralean hasiko dira muntaketa lanak Landako gunean.

Jakin beharreko zenbait datu: Azoka abenduaren 7tik 11ra ospatuko da ohiko guneetan, 176 partehartzaile izango ditu –argitaletxe, zigilu, elkarte... guztiei parte hartzaile deitzen diete– eta jarriko diren 248 erakusmahaietan 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelako produktu (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar) egongo dira salgai. 176 kultur eragile hauetatik, 34 lehenengo aldiz etorriko dira Durangora eta autoekoizleen plazan, bestalde, 15 autoekoizlek parte hartuko dute.

Online denda eta aparkalekuak

Erakusmahaitan salgai egoteaz aparte, nobedade horiek guztiak Azokako online dendan ere eskuragarri egongo dira (7tik 10era bitartean) Azokaren web orrian. «Kulturzale eta sortzaileei ahalik eta baliabide gehien eskaintzen saiatu gara, horregatik aurten uztartu nahi izan ditugu Azoka presentziala eta digitala», Gaztelurrutiaren esanetan. Sare sozialetan, beraz, presentzia berezia izango du Azokak, Tik Tok bezalako plataformetan ikusgarritasuna lortzeko ahaleginetan.

Eta bi urteko etenaldiaren ostean, aurten ere Azokak autobus-lanzadera zerbitzua berreskuratuko du abenduaren 8tik 11ra. Doako zerbitzu honek Landakogunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu 20 minuturo, goizeko 10.30etik 20.00ak arte. Hori bai, dei egiten zaie azokazaleei garraio publikoa erabil dezaten.

Kontuan hartu beharreko hitzordua: ‘Irati’ eta Gazteen eguna

Edizio hau nobedade batzuekin dator, esaterako, abenduaren 9rako antolatu den Gazte EztanDA!, gazteei begirako egun berezia. Hainbat jarduera antolatu dira, gazte-bazkari bat –norberak ekarri beharko du janaria–, jinkana bat eta elektrotxarangaren jai bat herriko jaietatik.

Beste bat, Irudienean Paul Urkijoren ‘Irati’ filmaren emanaldi berezia. Sitgeseko jaialdian eta Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu ondoren, Durangon proiekzio berezi bat egingo da Zugaza zinema areto nagusian abenduaren 10ean. Estreinaldia da Bizkaian, otsailera arte ez baita zinema areto komertzialetara iritsiko. Hainbat gonbidatu izango dira eta sarrerak, gonbidapenarekin, egun berean jaso ahal izango dira goizeko 10.30etatik aurrera.

Beste nobedade bat: musika eta liburuen erakusmahaiak beste modu batean antolatu dira; hau da, liburuak alde batetik, musika besteik. Musika sektorearen egoerarekin kezkaturik, «bultzada bat eman nahi izan diogu musikari, entitate propio duen espazio bat sortzen. Musikaren plaza bat izango da», Gaztelurrutiaren esanetan. Bertako erakusmahaietan QR kode batekin kanten lehen minutuak entzun ahal izango dira.

Ahotsenea eta digitalak

Bestalde, guneek, ohi denez, beraien egitarau propioa prestatu dute. Ahotseneak Plateruenako oholtzara 47 talde igoko ditu –kontzertu-aurkezpenetan stand bat egongo da ere taldeen disko eta materialarekin–, besteak beste Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokei, Willis Drummond, Xsara, Odei...

Irudienean 24 film luze, 15 labur, web serie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Saguganbaran familiei begirako ikuskizuna, tailerrak eta aurkezpenak egongo dira, eta Skenatokian pieza laburren erakusketa egingo dute 12 talde San Agustin Kulturgunean.

Landako guneko areto nagusia partekatua izango da: alde batetik, Kabi@k –mundu digitalarenkin lotutako aurkezpenak– eta, bestetik, Talaiak. Kabi@k, esaterako, abenduaren 9ran Gamer gela bat antolatu du Game Erauntsia taldeko kideekin. Talaian, ohi denez, aurkezpenak egingo dira. Aipagarrienak, Euskadi literatura saridunak elkartuko dituena edota kultura eraldatzaileari buruz gaztetasunetik ausnartuko duten gazte sortzaileek.

Bi hanka berri

«Azokari atera zaizkion bi hanka» bezala definitu ditu, bestalde, Gaztelurrutiak ‘Da Pro’ eta ‘Zu non, han Da!’ egitarauak. Azokarekin ia modu paraleloan hedatzen ari dien ekimenak dira, egia esan. Edizio hau hasi aurretik, abenduaren 5ean, sortzaileentzako topaketa profesionalak antolatuko dira berriz San Agustin Kulturgunean eta Bizenta Mogel bibliotekan.

Eta Azoka amaitzen denean, abenduaren 12tik aurrera, ‘Zu non, han DA!’ proiektua hasiko da, Azokan salgai egongo diren hainbat nobedade Euskal herriko 132 saltokietan eskuratu ahal izango direlako. Aurreko aldiz, sortzaileek euren lanak en aurkezpenak egingo dituzte herrietan, zehazki, 45 liburu dendatan.