INFO

Erasoak kudeatzeko protokoloak, elkarte eta kolektiboetan ere bai

Elkarte eta kolektiboetan eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gida ondu du Emagin elkarteak. Justizia feministan oinarrituta, erasoa egin duenaren kanporatzetik edo heriotza sozialetik urruti, birgizarteratze feminista lortzea du jomugan. Ekainetik euren webgunean eskuragarri dago.

Idoia Arraiza, Emagin elkarteko kidea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Emagin, pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da. Jendarte eraldaketaren alde lan egiten dugu eta horretarako prozedura feministak erabiltzen ditu bere oinarrizko lan esparruetan: formakuntza, ikerketa, ekoizpena eta dokumentazioa.

Azken urteotan gero eta gehiago dira elkarte eta kolektibo mistoetatik jasotzen dituen laguntza eskaerak, haien barruan eraso matxisten kasuak nola kudeatu ez dakitelako. Halakoetan jarduteko protokoloak sortzeko, Bertsozale Elkartearekin edo Euskaltzaleen Topagunearekin prozesu parte hartzaileak gauzatu zituzten eta tresna batzuk sortuak zituzten. Horiek eskuragarri jartzea «interesgarria» iruditu zitzaien «edozein erakundek bere prozesua eginez, protokoloa osatu ahal izateko», azaldu du Idoia Arraiza Emagineko kideak.  

Izan ere, «beharra» atzeman zuten, halako erasoak gehiago azaleratzen baitira. Identifikatzeko gaitasuna handitu izanaz gain, arduradunaren iritziz, igoera horren zergatia salatzen duenak «sinetsiko eta babestuko» dutela espero duela da. «Jendartean indarkeriaren kontrako jarrera nahiko irmoa lortu da, eta horrek, lotsa edo beldurraren gainetik, salatzera animatzen ditu». Hala ere, ez da beti horrela izaten, eta gerta daiteke erasoa jaso duenaren hitza zalantzan jartzen edo egin duenaren alde egitea. Kudeaketa are zailagoa da erasoa egin duena ezaguna, militantzia kidea edo betiko laguna bada.

Gidak alde teoriko eta praktiko bana du, talde bakoitzak bere kabuz protokoloa atontzeko erabil dezakeena. Nahiz eta hura jarraitzea nahikoa izan, oraindik ere kanpo laguntza profesionala beharrezkoa dela uste dute sortzaileek: «Ez dakigu gatazkak konpontzeko eta harremanak lantzeko kultura emozional nahikorik dugun gure mugimendu sozial, politiko eta kulturaletan horrelako erronkei autonomoki heltzeko». Inbertsioa bada ere, harremanei eta gatazkei garrantzia emateko modu bat ere badela zehaztu du.

Justizia feministan oinarritutako proposamena da gidan jasotakoa eta bost urratsetan banatu dute prozesua: prebentzioa, aktibazioa, kudeaketa neurriak, jarraipena eta itxiera, eta ebaluazioa. Hiru erpinetan lantzen dute erasoa, pentsa ohi denaren kontra, ez baita bakarrik erasoa egin eta jaso duenaren arteko arazoa, komunitateak ere ardura du gertatutakoan. «Baimendu» egin du botere harremanak erreproduzitzea eta batzuek baliatzea beste batzuk erasotzeko. Hortaz, ezin zaio erru guztia erasoa egin duenari bota. «Konplizitate» hori dagoenez, konponbideaz arduratu eta lanketa egin behar du taldeak berriro gerta ez dadin eta zauriak ixteko, beste kide batzuk ere senti baitaitezke mugituak, beldurtuak...  

Oinarritik puntara eragin

Erasoak definitzeko icebergaren irudia darabilte. Hau da, intentsitate altuko eraso bat emateko, aurretik jarrera matxistak –hitza zapaldu, norbaiten iritzia kontuan ez hartu– eta intentsitate baxuko asko izan dira. Zenbait jarrerari aurre egiteko protokoloa eraginkorrena ez bada ere, Arraizaren esanetan, «garrantzitsua iruditzen zaigu erasoak definitzerakoan continuum hori ikustea, harremana dutela jarrera matxistek eraso larriagoekin eta guztiekin amaitzen saiatu behar dugula gure taldean».

Esku hartzearen ardatzak eraldaketa eta minaren erreparazioa dira. Salaketa bat jasotzean, erasoa egin duen pertsonarekin hitz egin eta ezinbestekoa da berak onartzea egin duen mina. Hala bada eta prozesu bat egiteko prest badago, martxan jarriko da. Ez badu onartzen, aldiz, bestelako neurri batzuk har daitezke salaketa publikoari begira, erantzun soziala... Beti ere, proportzionaltasuna garrantzitsua da, ez direlako neurri berak hartuko egoera bat edo beste gertatzean.

Prozesua birgizarteratze feministan oinarritzen da. Egoeraren araberako lanketa bat egin beharko du eta zenbait espaziotan parte hartzeari utzi burutu artean, gehienbat, erasoa jasan duenaren ongizatea bermatu eta askatasun osoz bere bizitza egiten jarrai dezan. Konpromisoak hartzen eta benetan ikusten bada saiatzen edo eraldatzen ari dela, kolektiboaren parte izatera buelta daiteke. «Jendartea eralda dezakeguna sinisten dugu, pertsonak eralda daitezkeela sinisten dugulako. Feminismoaren lanketa edo maskulinitateena egiten badu, edo egoeraren arabera, terapia pertsonal sakon bat, sinets dezakegu benetan jarrera horiek zuzendu eta ez dituela errepikatuko».

Erasoak identifikatzeko eta emozioak lantzeko, autodefentsa feminista

Emagin dokumentazio zentro bat izateko sortu zen, baina feminismoa aitortza soziala lortzen joan zen heinean, elkartea bera eta Bilgune Feminista formazio eskaerak jasotzen hasi ziren, eta erabaki zuten Emaginek kudeatzea. Eskaintzaren horren izarra «autodefentsa tailerra da», gehien eskatzen dutena eta hezitzaile gehienek ematen dutena. Bertako kide Idoia Arraizaren hitzetan, «horrek esan nahi du, batetik, beharrezkoak direla eta, bestetik, funtzionatzen dutela, bertan bizitzen dutena eta lortzen dituzten tresnak benetan erabilgarriak direla emakumezkoentzat egunerokoan erasoei aurre egiteko edo lasaiago bizitzeko».

Eraso fisiko bat jasateko probabilitateak «oso gutxi» dira. Bestelakoak, ordea, «egunerokoan jasaten ditugu emakume guztiok», horregatik, beharrezkoa da horiek identifikatzen jakitea eta erantzuteko estrategiak garatzea. Arraizak azaldu duenez, askotan ez dira atzematen errazak. «Ez dakigu zer gertatu den, baina ez gara ondo sentitzen. Garrantzitsua da egoera batzuk ez normalizatzea edo naturalizatzea. Bestela, askotan uste dugu gure errua dela edo ez dela horrenbesterako, ahoberoa edo oso sentibera naizela... Ardura eta errua gure gain jartzen dugu eta gure kontra dator». Gertatutakoa izendatu, erasoa edo jarrera matxista hitzak jartzea, «oso garrantzitsua» da mugak jarri eta nork bere burua babestu ahal izateko.

Lau edo zortzi orduko jarduerak dira. Laburrenetan ez dituzte teknika fisikoak lantzen, lehentasuna ematen diote erabilgarrien diren gauzei. Erasoak identifikatzeari eta beldurra edo amorrua bezalako emozioak lantzen jakiteari, baita estrategia indibidual eta kolektiboak garatzeari ere, «gure arteko aliantzak eta ahizpatasuna». Luzeek, berriz, badute atal fisiko bat. «Nahiz eta inoiz ez egon zure burua egoera horretan, ikusteak uste baino indar gehiago dugula edo gauza sinple batzuekin eraso batetik ihes egin dezakegula, lasaitzen gaitu, beldurra txikitzen duelako», argitu du kideak.

Gehienbat udalek eskatzen dizkiete halako tailerrak, baita elkarteek edo emakume taldeek zuzenean ere . Denetariko emakumeek parte hartu ohi dute, nahiz eta gazteak gehiago animatzen diren, baina beti emakume helduak edo zaharrek ere parte hartzen dute. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak egotea «oso polita» izaten da eta elkarrengandik ikasten dute ere. Eskoletan ere aritzen dira, bereziki, DBHn. Neskekin autodefentsa feminista lantzen dute, eta mutilekin, maskulinitateak. Saiatzen dira saio bat gutxienez banatuta egiten, zehaztu duenez, «bizipenak oso desberdinak direlako eta ez duelako zerikusirik neskek kontatzen dutena bakarrik jartzean edo elkarrekin daudenean».