INFO

Milaka lagun kaleetan eta hamaika ekimen indarkeria matxista salatu eta biktimak oroitzeko

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, erakunde, sindikatu eta beste eragile batzuek hainbat mobilizazio eta ekimen egin dituzte. Hauen artean, indarkeria matxistaren biktima izan zen Sara Pinak eskolak ematen zituen Castejongo Maiatzak Bi ikastetxean egindako izan da hunkigarrienetakoa.

Este navegador no soporta el elemento video.


Azaroaren 25ean ospatzen den Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, elkarretaratzeak eta ekimen desberdinak egin dituzte Euskal Herrian barrena erakunde, sindikatu eta bestelako eragileek. Arratsaldean mobilizazio jendetsuak burutu dira Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñean.

Baionan larunbaterako utzi dute hitzordua, baina lehen mobilizazioetakoa Lapurditik abiatu da, Hendaia eta Irun artekoa hain zuzen ere.

Hendaiako herriko etxetik abiatu da Bidasoaldeko M8 asanbladak Bagera elkartearekin batera antolaturiko martxa. Hendaiako atxikitze zentrora joan dira lehendabizi, emakume migranteen aurkako jazarpena salatzera, Santiago zubiko barandilletan zapi beltzak lotu dituzte gero, emakume migranteek mugan pairatzen duten bortizkeria salatuz. Irungo Justizia Jauregian amaitu da mobilizazioa, justiziaren aldetik jasotako tratu ankerren aurka.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen arratsaldeko 19.00etan abiatu dira feministak, milaka eta milaka. «Beldurra eta kontrolaren aurrean justizia feminista» lelo orokorra izan dute mobilizazioaren pankarta buruek. Bilbon, auzo ezberdinetatik zetozen sei zutabek Jesusen Bihotza Plazan egin dute bat, eta bertatik abiatu da mobilizazioa.

Sistema heteropatriarkalak emakumeen bizitzak «kolpatzen» dituela salatu dute Bilboko azken irakurketan. Instituzioak kritikatu dituzte, oraindik ere biolentzia matxista salatzea zaila izaten delako: «Ez gaituzte sinisten».

Justiziaren jarrera salatua izan da, are gehiago lege berriaren ostean gertatzen ari den zenbait ondorio kezkagarri dela eta. Gaur bertan jakinarazi du Bizkaiko Auzitegiak kondena guztiak berrikusiko dituela, Estatu fiskal nagusiaren ustez berrazterketa hori neurtuagoa izan behar den arren.

Iruñean ordu bete beranduago ekin diote bideari.

 

Hiriburu guztietan «autodefentsa feminista» aldarrikatu dute partehartzaileek, eraso guztiek erantzuna izan behar dutela nabarmendu dute, «kalea eta gaua gureak dira» oihukatu dute eta «Gora borroka feminista!» leloa ozen entzunarazi dute. Adin guztietako emakumeak batu dira manifestazioetara, horietako asko oso gazteak, bai eta gizonezko ugari ere.

Kapitalismoaren «logika merkantilistak» emakumeei dakarzkien kalteak ere salatu dituzte. Esaterako, Iruñeko toki adierazgarri batean, El Corte Ingles supermerkatuaren aurrean.

Castejonen ekitaldi hunkigarria

Goizeko ekitaldi hunkigarrienetakoa Castejonen egin dute, indarkeria matxistaren biktima izan zen Sara Pinak klaseak ematen zituen Maiatzak Bi ikastetxean. Federico Garcia Lorcaren bertsoak izan dituzte Sara Pina oroitzeko, Rozalenen kantekin batera. Tuteran eta Cortes bere jaioterrian ere ekitaldiak antolatu dituzte. Maiatzak Bi ikastetxeko irakasle Ana Maria Solak Eferi adierazi dionez, Sara Pina ikasleekin gogoz aritzen zen. Honekin batera, ikastetxean Skolae programa martxan dutela eta maila bakoitzean indarkeria matxistari buruzko jarduerak egiten dituztela azaldu du. 

Zizur Nagusiko institutuan, berriz, indarkeria biktimak pairatu duten bi emakumek (Ana Delgado eta Elena Malaguilla) bizitakoaren testigantza eman diete ikasleei. Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirez eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria ere Zizurren izan dira.

Irulegiko Eskua

Aranguren ibarrean, Iruñerrian, bertan aurkitu duten Irulegiko Eskua erabili dute indarkeria matxistaren sinbolo gisa, bertan egin duten kontzentrazioan.

Lakuako Gobernuak ere ekitaldi instituzionala egin du, Iñigo Urkullu buru izan dutelarik. Kazetariei egindako adierazpenetan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko duten konpromisoa nabarmendu du. «Gaur, indarkeria matxistaren biktimak gogoan izateko eguna dugu. Sostengua eta elkartasuna adierazi behar diegu eta Gobernuek dituen errekurtsoak helerazi behar diegu», gaineratu du.

Idoia Mendia lehendakariordeak indarkeri matxista pairatzen duten emakuemeek erakundeen ateak zabalik dituztela aldarrikatu du.

Iruñean UGT eta CCOO sindikartuek elkarretaratzea egin dute euren egoitzaren aurrean ‘#VivasLibresUnidas Berdintasunaren alde’ zioen pankarta baten atzetik.

Iruñean ere, LABek beste elkarretaratze bat egin du Sarasate pasealekuan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Bertan, «indarkeria matxistari aurre egiteko tresna eta protokolo eraginkorrak» ezinbestekoa dela nabarmendu du LABeko Idazkaritza Feministako arduradun Maddi Isasik.

«Borondate politiko falta nabaria da, enpresak eta erakundeak derrigortzeko protokolo eraginkorrak martxan jartzera», gaineratu du Isasik.

ELAk, berriz, Agurain hautatu du elkarretaratzea egiteko. Bertan, lantokietan sexu erasorik ez izateko neurriak hartzeko beharra nabarmendu dute. «Jendarte bezala hahiko genukeena baino ohikoagoa da», esan dute. Prekarietatearen kontra martxan jarri duten kanpainan 183 sexu eraso antzeman dituzte. Aste honetan bertan, Eibarren lankide batek emakumea bortxatu duela jakin da.

Iruñea, Tutera eta Tafallako udaletxeen aurrean ere kontzentrazioak egin dituzte. Nafarroako Parlamentuan ere elkarretaratzea egin dute egoitzaren atarian.

Gasteizen ere elkarretaratzeak egin dituzte bai Udalaren egoitzaren aurrean bai Batzar Nagusi eta Aldundiarenetan. Gorka Urtaran alkate buri zutelarik talde guztietako ordezkariek idazki bat irakurri dute emakumeek seguru bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Aldundiaren aurrean Ramiro Gonzalezek gizonei indarkeria matxistaren aurrean pausu bat emateko eskatu du.

Donostiako Udalak adierazpena onartu du emakumeen segurtasunerako beharrezkoak diren diru-partidak onartzeko konpromisoa adieraziz. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, berriz, Aldundiari emakumeek bizi duten egoerari buruzko ikerketa bat egitea eskatzen dion adierazpena onartu dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan Eudelek idatzitzako adierazpena irakurri da. Bertan, emakumeek espazio publikoak berdintasuna erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen, mehatxu edo erasorik jaso gabe.

Beste zenbait eragilek bat egin dute jardunaldi honekin, keinu txiki edo handiekin. Athletic-ek, esaterako, morez margotu du San Mames, indarkeria matxista gizartetik behingoz ezabatua izan dadila.