INFO

LGTBIQ+ kolektiboaren eta euskal musikaren lehen topaketak, Donostian

LGTBIQ+ kolektiboaren eta euskal musikaren lehendabiziko topaketak egiten ari dira ostegun eta ostiral honetan Donostiako Tabakaleran, Musika Bulegoak antolatuta. LGTBIQ+ zirkuituak, agertoki eta plaza seguruak, eta musikak ahalduntzeko tresna gisa duen boterea dituzte aztergaien artean.

Izei Etxeberria, Jokin Esnaola eta Kattalin Miner, plaza eta agertoki seguruei buruzko mahai inguruko partaideak, ostiral honetan Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ekitaldi berritzailea da Musika Bulegoa egunotan Donostiako Tabakaleran egiten ari dena: LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak eta musika, bereziki euskal eszena, batzen dituzten lehendabiziko topaketak dira. LGTBIQ+ musikarien eta sektoreko eragileen egoera ikusaraztea, euren lana bultzatzea eta kolektibo honen inguruan sentsibilizatzea helburu hartuta, bi ardatzetan banatu dituzte ekintzak: alde batetik, alderdi akademikoagoa eta profil profesionalagoa duten eduki eta partaideak; bertzetik, kolektiboko artisten sorkuntzak eta ibilbideak oinarri dituzten mahai-inguru eta elkarrizketak. Eta, dena biribiltzeko, kontzertu bat.

Bi solasaldi aukeratu ditugu erakusgarri gisa. Lehena, agertoki eta plaza seguruei buruzkoa. Kattalin Miner, Ehiera kooperatibako kidea eta militante transmarikabollo eta feminista, eta Izei Etxeberria, Armairu gabeko gazte jardunaldien antolatzailea eta Gehituko aktibista, mintzatu dira bertan Jokin Esnaola elkarte honetako koordinatzaileak proposatutako galdera eta gogoeten inguruan.

Espazio seguruak

Minerrek azaldu duenez, kolektibo zapalduek beren artean lasai egoteko sortzen dituzte espazio seguruak. Erasorik gabeko guneak dira, baina ez hori bakarrik: badakite ez dutela epairik edo bortxarik jasoko beren adierazteko moduagatik.

Etxeberriak erantsi duenez, horretarako beharrezkoak dira babes sare bat eta zaintza. «Gune hauek etengabe ari dira eraikitzen. Hautsi daitezke eta hori gertatzen denean garrantzitsua da ikusaraztea eta esku hartzea berriro eraiki edo bermatu ahal izateko. Gerta daiteke haustura talde osoarentzat ematea, edo pertsona edo kolektibo jakin batzuek baino ez nabaritzea».

Mesedegarria iruditzen zaio kartel bat jartzea kolektiboarentzat espazio seguru bat eraikitzeko asmoa dagoela ikusarazteko. «Hori da lehen pausoa, baina gero ekintzak egin behar dira».

Eiherako kideak aurreko asteburuan aspaldi gertatu gabeko gauza bat bizi izan zuela kontatu du: taberna bateko atezainak ez zion sartzen utzi. Zergatik? «Zortzi bollera ginelako, eta ‘rara avis’ modukoak izango ginela intuitzen zuten, ez genuela aportatuko. Kaña bat hartu, besterik ez genuen nahi!». Erreklamazio orriak eskatuz erantzun zuten.

Zeinetzat dira seguruak arauaren barruko espazioak? «Gizon zis heterosexualentzat, hortik kanpo gauden guztientzako ez, eta asko gara. Beste gauza bat da disfrutatzen jakitea», argitu du hernaniarrak.

«Bollerontzat ez dago giroko tabernarik aspaldian Donostian; armairutik atera nintzenean bazen zirkuitutxo bat, gaur egun ez»

Uda honetan, BECen Rosaliaren kontzertuan zegoela, 16 urteko marikaz eta trabestiz inguratuta, espazio seguruaren sentsazioa izan zuela kontatu du. «Indarkeria jasotzen dugunok dakigu noiz diren seguruak, askotan intuitiboa da».

«Euskal Herrian espazio seguruak sortzen ditugu geure festak eginez eta berariaz normatiboak izan daitezkeen espazioak hartuz. Bollerontzat ez dago giroko tabernarik aspaldian Donostian; armairutik atera nintzenean bazen zirkuitutxo bat, gaur egun ez». Kolektiboarekin bat egiten duten espazioetan sortu dituzte: «Erreala izaten hastea lortzen dugu gu geu garelako espazioaren parte».

Intersekzioak

Izei Etxeberriak «transmaskulino asexual» gisa definitu du bere burua. «Neurodibergentea ere banaiz, zehazki autista, eta nire errealitatea oso gutxi izaten da kontuan espazio seguruak eraikitzerakoan. Niretzat beti da lagungarria da babes sarearekin joatea, nire errealitatea ulertzen eta ezagutzen duten pertsonekin».

«Garrantzitsua da gehiengoa garen espazioak sortzea. Armairu gabeko gazte jardunaldietan hala izan zen. Oso ondo funtzionatu zuen hitzaldiak intersekzionalitatearen ingurukoak izateak: ez monogamiak, buru osasuna, neurodibergentzia... Aniztasuna kontuan izaten saiatu ginen, eta hori funtsezkoa da espazio seguruak eraikitzeko», defendatu du.

Protokolo bat sortu zuten, eta partaideek txartel horia eta gorria erabil zitzaketen gaiz aldatzeko deseroso sentitzen baziren. Protokoloa laburra izan arren jende gehienak ez zuen irakurri, eta dekalogo bat leitzea baliagarria izan zen espazioaren arauak buruan izateko.

Bertze praktika on bat amaieran jendeari sentitzen zuena partekatzeko aukera ematea izan zen.

LGTBI komunitateak plazera aldarrikatzeko izan duen gaitasuna txalotu du Minerrek: «Festa guk baino hobeto gutxik egingo dute. Zerbait ukatzen dizutenean, egiten duzunean dena ematen duzu, asko disfrutatzen duzu eta horretaz ere ikas dezakezu. Beldurrik gabe gozatzeko aukera edukitzea ere bada espazio segurua».

Emantzipaziorako musika

Bertze mahai inguru batean, nazioarteko bi gonbidaturi egin dizkie galderak Mikel Chamizo musikariak eta Musika Bulegoko langileak. Musikak emantzipaziorako eta ahalduntzerako duen indarra ikertu duten bi aditu dira Bristolgo Darryl W. Bullock eta Valentziako Piro Subrat.

Nabarmendu dutenez, bazterreko kolektiboei batasun sentimendua ematen die musikak, erreferentzia, indarra. Subraten hitzetan, badira abestiak norbere izaera disidentearen sorkuntzan bete-betean eragiten dutenak.

LGTBIQ+ kolektiboak musikarekiko harremana bilatu zuen, biltzeko eta aldarrikatzeko, eta Bullockek bere liburuetan jasotzen duen bezala, hasieran ez zen erraza izan Londresen, ez zegoelako bat egiten zuen talderik.

Estatu espainiarrean, Franco hil zenean rocka eta trabestien kabaretetako musika eredu inportanteak izan ziren mugimenduaren askapenerako. El Titi abeslari andaluziar arrazializatuak abesten zuen ‘Libérate’ abestia garrantzitsua izan da, adibidez, Pirorentzat.

Ereserkiak

Darrylek azaldu duenez, dantzagarria izatea, kideekin gozatzeko modukoa, eta letrarekin identifikatzea dira abesti bat kolektiboaren ereserki bilakatzeko baldintza batzuk. «Bizitzaren ospakizunak dira».

«Zerbait mugiarazten dizute barruan, eta zure baitan pentsatzen duzu: ‘Azkenean landu dute gaia’. Kolektiboaren barrenean ere lurpeko gaiak izan daitezke. ‘Relax’ kantuak, esaterako, masokismoa jorratzen du», erantsi du valentziarrak.

Bertze gai bat ere jarri du mahai gainean: «Abstemioa naiz, ez dut drogarik kontsumitzen, eta kolektiboko musikaren zati handi bat horretaz mintzo da. Hor ez da komunitate osoa ordezkatua sentitzen eta arazoak sortzen dira».

Amaitzeko, zenbait gomendio

Gaur egun ekarpen berezia egiten ari diren artista bana aipatu dituzte bi adituek. Bullockek John Grant nazioartean ospetsua den bakarlariaren izena eman du eta Subratek Kiltreo Oskuro trap talde andaluziarrarena.

Bujarra Asturies kolektiboaren ‘Engarradiella’ albuma ere gomendatu du valentziarrak, asturieraz egindako punk rocka, hagitz berezia.