INFO

Arraunlari transgeneroek KAE zein ETE Ligetan parte har dezaten araudia onartu da

Talde bateko arraunlaria den edonork generoa aldatu badu, une horretan indarrean dagoen Nazioarteko Arraun Federazioaren arautegia aplikatuko zaio. Jaiotzako sexua ez bada emakumezkoa eta genero aldaketa egin bada, testosterona maila 5 nmol/L-z behetik izan beharko du aurreko 12 hilabetean.

KAE zein ETE Ligako estropadetan arraunlari transgeneroek parte hartzeko aukera izango dute. (Endika PORTILLO | FOKU)

Kirolari transgeneroek arraun txapelketetan parte hartu ahal izateko araudia onartu dute Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) eta Emakumeen Traineruen Elkarteak (ETE), Eitb.eus atariak jakitera eman duenez.

Hala, talde bateko arraunlaria den edonork generoa aldatu badu, une horretan indarrean dagoen Nazioarteko Arraun Federazioaren arautegia aplikatuko du Kantauriko Arraun Elkarteak. Berehala jarriko da marttxan araudi berria, 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko da aplikatzen Kantauriko Arraun Elkarteak eta Emakumeen Traineruen Elkarteak azaroaren 26an onartu eta gero, hain zuzen.

Ondorioz, arraunlariak gizonezkoen KAE Ligan parte hartzeko aukera izango du nortasun agirian zehaztutako sexua emakumezkoa ez bada. Era berean, arraunlariak emakumezkoen ETE Ligan lehiatzeko aukera izango du bere nortasun agiriko sexua emakumezkoa bada.

Alabaina, kirolariaren jaiotzako sexua ez bada emakumezkoa eta genero aldaketa egin bada, ETE Ligak harek izena ematea eta partehartzea onartu dezan, testosterona maila jakin bat betetzen duela egiaztatu beharko du. Zehazki, 5 nmol/L-tik beherako testosterona tasa frogatu beharko du aurreko hamabi hilabetean. Horrez gain, KAEren Lehiaketa Batzordeak Nazioarteko Arraun Federazioaren arautegian oinarrituta exijitzen dituen baldintzak bete beharko ditu. Gai honi buruz erabakiak hartzeko, KAEk adituei txostenak eskatu ahal izateko eskumena ere izango du beregan.